Iskizako gimnastek denboraldiari ginda jarriko diote

Guaixe 2019ko eka. 14a, 12:21

Gaur, ostiralean, 19:30ean, Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikako eskolako taldeek eta txapelketako taldeek ikasturte bukaerako erakustaldia egingo dute Iortia Kultur Gunean

Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikako taldeak denboraldi ederra egin du eta gaur, ostiralean, 19:30ean, ikasturtean landutako koreografia eta dantza guztiak etxean aurkeztuko ditu, Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Primerako denboraldiari ginda jarriko diote, ikasturteko erakustaldia eginez, eta sorpresak ere iragarri dituzte.

Iskizako monitore Olaia Granizosekin denboraldiaren balorazioa egin dugu. Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikako Taldeak bi adar ditu: eskola, Irati Begiristain eta Eider Goikoetxea monitoreekin, eta Iskiza txapelketa taldeak. ʺEskolan gimnasia erritmikako lehendabiziko trebakuntza egiten dute, eta interesa eta gogoak dituztenak txapelketa taldeetara pasatzen dira. Txapelketan hiru kategoria daude: kimuak, haurrak eta kadeteak” azaldu digu kadeteen taldeko monitorea den Olaia Granizosek, eskola taldeko monitoreekin koordinatuta daudela gaineratzen duen bitartean.

Kimuen mailako monitorea Maria Remolina da. 8 gimnasta ditu bere esanetara, horietatik 4 eskoletatik aurten kimuen taldera igo zirenak. ʺOso ongi ibili dira. Soka izan dute aurten landu beharreko aparatua eta hasieran kosta zitzaien, baina gero primeran ibili dira” dio Granizok. Izan ere, Nafarroako Gimnasia Erritmikako Federazioak urtero zehazten du kategoria bakoitzean zein aparatu landu beharko dituzten eta gimnasia taldeek eskatutakoa bete behar dute. Halaber, txapelketetan parte hartzeko taldeak 5 gimnastez osatuak egon beharko dira.

Haurrak Nafarroako hirugarreak eta kadeteak Arabako txapeldunak
Iskizako haurren mailan 5 gimnasta daude eta Olaia Agirre da monitorea. Aurten, taldeko 3 gimnastek zinta eta beste biek pilota landu behar izan dute, federaziotik eskatuta. ʺLan bikaina egin dute, Nafar Kirol Jolasetako Nafarroako Txapelketan hirugarren postua lortu dute eta oso pozik gaude. Hasieran pentsatu genuen zinta oso zaila egingo zitzaiela, zinta konplikatua delako, baina pentsatzen genuena baina askoz hobe aritu dira” aitortu digu Granizok. Bere ustetan, zinta da aparaturik konplikatuena. ʺPolitena da baina, azkenean, ia gimnasta guztiek mania hartzen diote. Zinta beti mugitzen egon behar da, ezin du lurra ikutu, ezin du gimnasten gorputza ikutu… konplikatua da” azaldu digu.

Kadeteek urte konplikatua izan dute. ʺNik entrenatzen ditut kadeteak. Hasiera batean taldean 5 ziren eta Nafarroako Txapelketara aurkeztu ziren, baina azkenean batek ezin izan zuen jarraitu eta 4 gelditu zirenez, ezin izan zuten Nafarroako txapelketan aritu. Aldiz, Araban lau kideekin taldekako txapelketara aurkeztea uzten dute eta Arabako txapelketan aritu gara, ezin hobe. Pilotak eta uztaiak erabili zituzten eta Arabako taldekako txapelketako kadeteen mailan txapeldunak izan ziren Iskizakoak. Denboraldi gogorra izan zen beraiendako, baina azkenean bikain bukatu dute, eta oso pozik” nabarmendu du Olaia Granizok.

Hortaz, orokorrean denboraldia ʺoso ona” izan dela azpimarratu du Granizok, Nafarroako taldeen artean erdian daudela eta ʺpoz-pozik” bukatu dutela. Gaur, ostiralean, ikasturte guztian landutako koreografiak eta lanak erakusteko ʺirrikitan” daudela gaineratu du. ʺTxapelketakoek txapelketan aurkeztu dituzten koreografiak eta eskolakoek urtean barna prestatu dituzten lanak eskainiko dituzte. Eta hainbat sorpresa egongo dira”. Oraindik Iortiako erakustaldirako sarrerak daude eta ekitaldira hurbiltzeko deia egin du Granizok, ʺederra” izango delako.

Iskizan izena ematea zabalik
Hurrengo ikasturtean monitore berdinek jarraituko dute, eta hurrengo denboraldia fintzen ari dira orain. Granizok uste du eskola mailan kopurua mantenduko dela, 45 inguru izango direla eta txapelketako taldeetan akaso gora egingo duela kopuruak. Hori ona da taldearendako, kopuruz nahiko mugatuak daudelako. ʺNafarroan 5 gimnasta behar dituzu taldea osatu eta lehiatzeko eta 2 ordezko izan ditzakezu. Gurean normalean ez daude neskak soberan, gehienetan 5 izaten dira, kopuru nahiko justua: norbait lesionatzen bada, gaixorik badago, entrenatzen badaude entrenatzailea sartzen da bere ordez eta taldeak entrenatu ahal du, baina lehiaketan ezin da hori egin. Beraz, taldeak gora egiten badu, hobe” dio Granizok. ʺEz dakit gimnasia erritmikoa kirol gogorra den, baina diziplina, sakrifizioa eta konpromisoa eskatzen du, talde kirola delako.

Iskiza Sakanan aritu nahi duen edonork ateak zabalik ditu, bai eskolan eta baita txapelketa taldeetan. ʺGurekin harremanetan jarri, txapelketa taldeen kasuan probatxo bat egingo diegu eta listo. Ateak guztiz zabalik. Gimnasia erritmikoak asko ematen du. Lagun oso onak egiten dituzu, eta diziplina lantzea ona da, ikasketetarako eta bizitzako beste alor batzuetarako balio oso ona delako” dio Granizok.