Pentsiodunak adinduen egoitzaren egoerarekin kezkatuta

Guaixe 2019ko eka. 24a, 08:34
Pentsiodunek adinduen egoitzan zerbitzua egokia aldarrikatu zuten.

Aita Barandiaran egoitzaren parean kontzentratu ziren pasa den astelehenean, “bezero potentzial gisa, zerbitzua hobetzeko indarrak biltzera” deitu dute. Gaur, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean jarri dute hitzordua.

Sakanako Pentsiodunen Koordinakundea Altsasuko Aita Barandiaran egoitzaren parean kontzentratu zen. Egoitzan dauden gabezien berri izanik, zerbitzua hobetzearen aldeko elkarretaratzea egin zuten. Koordinakundeko ordezkaritza ere egoitzako kudeatzailearekin elkartu zen euren kezka jakinarazteko.  

Koordinakundeko kide Fernando Iriartek gogorarazi digunez, “duela 28 urte zabaldu zenean autonomoak ziren pertsonak etorri ziren egoitzara. Orain, berriz, egoitzan dauden pertsonen % 90 mendekotasuna du”. Aldaketa horrek lan karga handitzea ekarri die langileei, baldintzak okertuz. Hori zuzendu ahal izateko Koordinakundeko kideek langile gehiago kontratatzea eskatu dute: goizeko eta arratsaldeko lan txandetarako langile bana, garbitokian  beste bat eta osasun-laguntzaile tekniko bat, goiz eta arratsaldeko txandak bete ahal izateko. “Duela bi urte plantillak egindako eskaera da”, zehaztu du Iriartek.

Konponbideaz galdetuta, Iriartek azaldu digu apirila eta maiatza aldera udalak eta Nafarroako Gobernuak esparru-hitzarmena sinatu behar zutela. “Ez dute sinatu. Garai aproposa da gure planteamendua egiteko. Guretako garrantzitsuena indarrak batzea da”. Horregatik, Koordinakundeko kideak adinduen egoitzaren egoera hobetzeko euren eskaera Altsasuko Udalera eramanen dute astelehenean. “Guk pentsatzen dugu Sakanako Mankomunitateak inplikatu behar duela”. Guztia zerbitzu hobea emateko.

Erlazionatuak