Amaia Jaka: "Labriten jokatzea opari bat izan zen"

Maider Betelu Ganboa 2019ko uzt. 19a, 10:16

Iruñeko Bombonera txiki geratu zen larunbat eguerdian Emakume Master Cup San Fermin Txapelketako finalak hartzeko. Finalisten artean Amaia Jaka zegoen. Ihabarko pilotariak Maite Ruiz de Larramendirekin osatu zuen bikotea, senior mailan, eta finalean Iera Agirre eta Oihana Orbegozo izan zituzten aurkari. Jakak eta Ruiz de Larramendik eskura izan zuten torneoa, baina Agirrek eta Orbegozok partidari buelta eman zioten eta 21 eta 22 irabaztea lortu zuten

.Bi aste lehenago erabaki zenuen Emakume Master Cup San Fermin txapelketan parte hartzea, ez?
Bai, Emakume Master Cup-eko antolatzaile Iker Amarikak deitu zidan, parte hartzera animatzeko. Zalantzak nituen, baina azkenean pausua eman nuen eta finalerdietako partida jokatu genuen Lizarran. Irabazi genuenez, Sanferminetako finalera sailkatu ginen.

Noiz hasi zinen eskupilotan?
Oso txiki nintzela, 5-7 urterekin, Irurtzungo Pilota Eskolan. 13 edo 14ra arte ibili nintzen pilotan, baina utzi behar izan nuen jada ezin nintzelako mutikoen kontra lehiatu. Uste nuen emakume bakarra nintzela. Orduan palan apuntatu nintzen. Hiru urte eman nituen, baina ez zen nirea, ez zitzaidan pala gustatzen. Eta geroztik nire kabuz ibili naiz herrian, baina pilota alde batera utzi nuen.

Duela bizpahiru urte antolatzen da Emakume Master Cup, emakumezkoen eskupilota torneoak, baina estrainekoz aurten San Fermin torneora arte ez zara animatu. Zergatik?
Duela 4 urte Bartzelonan kontzentrazio bat egon zen, emakumezkoen pilotariena. Animatu nintzen, bertan jokatu nuen eta nahiko. Duela urte bat Iker Amarika Master Cupeko antolatzaileak deitu ninduen, euren txapelketetan parte hartzeko, hala egin nuen eta bigarren egunean lesionatu nintzen. Belauna bihurritu nuen, ligamendu-bihurritua, eta irailetik errehabilitazioan egon naiz. Orain, San Ferminerako deitu zidaten, eta zalantzan egon nintzen, hankarengatik beldurra ematen zidalako eta hainbeste denbora jokatu gabe egon ondoren... baina animatu nintzen eta pozik nago.

Emakume Master Cup San Fermin torneoan Maite Ruiz de Larramendirekin osatu duzu bikotea.
Bai, jakin nuenean bera izango zela lasaitasuna hartu nuen. Kristoren pilotaria da Maite, urte asko darama frontoietan eta ilusio handia egin zidan berarekin jokatzeak; beste lasaitasun bat da hori.

Berez atzelaria zara?
Atzelaria nintzen baina Maiterekin nik aurrean jokatzea erabaki genuen. Berez Maite atzelaria da, indar handiagoa dauka, oso segurua da atzean eta hala erabaki genuen. Bera atzean jarri zen eta ni aurrean, asko pentsatu gabe.

Emakume Master Cup San Fermin Torneoko finalean Iruñeko Bombonera bete zenuten.
Lasai joan nintzen frontoira, baina Labrit leporaino beteta ikusita, horrenbeste jende frontoian emakumezkoen pilota ikustera, guztiak emozionatu ginen, eta momentu batean ahaztu egin zitzaidan finalean geundenik ere. Oso polita izan zen.

Halako giroarekin, Labriteko harmaila beteetara begiratzeak barrenak astinduko ditu…
Bai, sanferminetan jokatzea Labrit bezalako frontoi batean eta beteta dagoela oso polita da.

Finalean Iera Agirre eta Oihana Orbegozo izan zenituzten aurkari. Gauzak oso ondo hasi ziren zuendako, 19 eta 11 aurreratu baitzineten, baina gero beraiek buelta eman zioten partidari.
Abantaila hartu genuen, baina gero partida erabat aldatu zen. Gu erlaxatu ginen, eta beraiek sekulako partida egin zuten, kristorena. Hasieran urduri hasi nintzen, eta partida bukaeran uste dut gehiago urduritu nintzela. Azkenean 21 eta 22 galdu genuen; baina, egia esan, nahiz eta galdu kontentu nago egindako lanarekin. Frontoira gerturatu ziren guztiendako ikuskizun polita izan zen, eta oso pozik alde horretatik ere.

Baina tanto bakar batengatik galdu izanak, garaipena hain gertu ikusita, pena eman behar du, ez?
Frontoira beti irabaztera ateratzen gara, baina Labriten jokatzea oparia izan zen, eta momenturen batean ere finala jokatzen ari nintzela ahaztu nuen. Niretako hori izan zen oparia.

Emakumeek betidanik jokatu izan dute eskupilotan baina ez dute halako presentziarik izan. Txapelketak arrakastatsuak ari dira izaten eta emakumezkoen pilota gora doa. Diario de Noticiasek ʺhau ez da moda bat” titularra jarri zion Emakume Cup San Fermin Cupeko finaleko artikuluari. Zer deritzozu?
Emakumeak beti egon gara eskupilotan jokatzen. Nik bere garaian uste nuen bakarra nintzela, baina orain pila bat agertu dira eskupilotan jokatu izan dutenak, asko orain hasi dira… beti frontoietan ibili gara, nahiz eta asko ez azaleratu. Beraz, titularrarekin ados nago, hau ez da moda bat.

Hemendik aurrera, zer? Honek guztiak arra piztu dizu eta eskupilotan jarraituko duzu?
Egia esan, ez dut pentsatu. Egun hauetan galdetzen ari didate, baina pentsatzen dut jarraitzera animatuko naizela. Txapelketan parte hartzearena kristoren esperientzia izan da eta uste dut animatuko naizela. Jokatzeko kluben batean federatu beharko naiz. Ez dakit Irurtzun klubera bueltatuko naizen edo beste klub batera joko ote dudan. Udan txapelketa asko antolatzen dira, festetan, eta urtean barna Uharte Iruñean txapelketa bat egiten da, Master Cup txapelketa, lau t’erdikoa, binakakoa… pentsatu beharko dut.

Honek guztiak gehiago entrenatzea eskatuko du, ez?
Bai. Hastekotan serioago hartu beharko dut: kluben batean federatzea, astean gutxienez bitan entrenatzea...