Aralarren lagun kuadrillak handitzen segitzen du

Guaixe 2019ko uzt. 25a, 19:49
Ume bat Aralarko aingeruaren irudia gurtzen. Argazkiak: Nerea Mazkiaran.

Aralarko aingeruaren lagun egin ziren 50 bat ume.

Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak 16. aldiz Aingeruari Haurren Aurkezpena zuen. Aldez aurretik 24 umeren gurasoek izena emana zuten, eta igandean beste horrenbestek eman zuten izena Aralarko santutegian bertan. Elizkizunean presente izan ziren guztiak. Mezaren ondoren  guztiek aingeruaren irudia gurtzeko aukera izan zuten. Aldez aurretik izena eman zuten gurasoek umeen izena zuen pergaminoa jaso zuten. Han aitortzen da umeak aingeruaren lagun direla eta Aralarko aingeruari haiendako “betirako zaintza” eskatzen zaiola. Izena emana ez zutenek agorriletik aurrera pasa beharko dute santutegitik.



Debozio handia dio jendeak Aralarko aingeruari. Horren adierazle da mendi gaineko elizara joaten den jende kopurua edo han egiten diren ezkontza ugariak. Garai batean bataioak ere egiten ziren, baina, orain, horiek parrokietan egin behar dira. Txikitatik lotura hori sustatzeko kofradiak aurkezpen ekitaldia antolatzen du urtero.