Salazarren “Gogoan” eskultura, Memoriaren Historikoaren Toki izendatuta

Guaixe 2019ko uzt. 29a, 09:06
Eskultura mustu zenekoa.

1978ko sanferminetako gertakariak oroitarazten duen obra Iruñeko Karlos III.a etorbidearen eta Orreaga kaleko bidegurutzean dago.

Joan den urtean 40 urte bete ziren 1978ko sanferminetako gertakariak izan zirela: Policia Nacionala zezen-plazan lehenik eta inguruan gero kargatu egin zuen. Ondorioz dozena bat pertsona tiroz zauritu zituzten, eta German Rodriguez Saiz hil egin zuten. Hori oroitarazteko, Rodriguez hil zen toki berean, Orreaga kalean, oroitarria jarri zen; hainbatean hauts dutena. Rodriguez beraren, zauritutakoen eta egun hartan polizia-bortizkeria pairatu zuten guztien omenez Dora Salazarren Gogoan eskultura mustu zuten 2018ko garagartzaroaren 29an.

SF 78 Gogoan! elkartearen ekimenez jarri zen eskultura eta ostiralaz geroztik, aldamenean duen oroigarriarekin batera, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatuta daude. Bai Rodriguezen omenezko oroigarriari bai altsasuarraren eskulturari Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko Foru Legean ezarritakoa ezartzen zaie; babes, kontserbazio eta hedapenerako araubidea hain zuzen ere. Hala, bi elementuak memoriaren transmisiorako gune dira eta bakearen eta bizikidetzaren aldeko kultura hedatzen lagunduko dute. Urbasako Otsaportilloko lezeak izendapen bera du.