Pentsio duinak aldarrikatzen segituko dute

Guaixe 2019ko urr. 5a, 11:07
Pentsio eta soldata duinak aldarrikatu zituzten.

Pasa den larunbateko manifestazioan 500 bat pertsona elkartu ziren. Mugimendu feministak eta gazte asanbladak bat egin zuten deialdiarekin. Astelehenean, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean kontzentrazioa eginen dute.

Sakanako Pentsiodunen eta Adinduen Koordinakundeak deituta pentsio duinak aldarrikatzeko manifestazioa egin zen eta horren alde borrokan segitzeko prest daudela azpimarratu zuten. Mobilizazioa hasi aurretik hartu zuen hitza koordinakundeko kide batek eta pentsioak zer diren gogorarazi zuen: “bizi kalitatea bermatzen duen erretiroa gozatzeko asmoz, urte luzez lan egin duten pertsonen bizibide eta duintasuna dira pentsioak. Gobernuek urtero handitu beharko lukete Kontsumo Prezioen Indize errealaren arabera”. 

Gaztigatu zuenez, bederatzi milioi pertsona baino gehiago dira pentsiodunak eta erretiratuak. “Ondo irabazitako bizimodu duinaren eskubidea dugun pertsonak, eta ez unean-uneko gobernuaren txotxongiloak”. Horregatik, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata exijitu zituzten. “Toledoko ituna berriro abian jartzea eskatu zuten, “pentsioen inguruko estatu akordioa lortzeko. Eta akordio hori konstituzioan sar dezatela, aurretik gertatutakoa errepika ez dadin”. PPko Mariano Rajoyren gobernuak “pentsioei zuzendutako 60.000 milioi euro bankuei eman zizkietela gogorarazi zuten. Eta azpimarratu zutenez, “ez Rajoyk ez Pedro Sanchezen gobernuek ez dutela pentsiodunen arazoetan ardurarik. Horregatik, mobilizazioetan jarraituko dugu”.

Feministak
Altsasuko mugimendu feministako kideek gogorarazi zuten pentsiodunen mobilizazioak emakumezkoek abiarazi zituztela, “indarrean dagoen gizarte matxistak ahaztu egiten bagaitu ere”. Gaztigatu zutenez, “emakumezkoek jasaten dugun diskriminazioa ez da naturaren ondorioa edo gure ahalmen mailaren emaitza, eredu patriarkal baten ondorio baizik”. Eta emakumezkoen aldeko aldarrikapenak egin zituzten, besteak beste: genero arrazoiengatik sortzen den  pentsio-arrakala ezabatzea, familia eta etxeko zainketa lanak, sozialki eta ekonomikoki aintzat hartzea, betidanik emakumezkoek egindako orain gabeko lanari buruzko eztabaida zabaltzea edota alarguntza-pentsioaren balioa, kotizatzailearen ezkontideak kobratutakoaren % 100 izatea, adin mugarik gabe. 

Gazteak 
Altsasuko gazte asanbladako ordezkariek azaldu zutenez, manifestazioarekin bat egin zuten, aurrena, “langile-klasearen beste sektoreei gure elkartasuna adierazteko”. Eta, atzena, “langilegoaren batasuna aldarrikatzeko”. 1.080 euroko pentsioa “bizi duin bat izateko minimoa da hori. Bizi osoa lanean egon ondoren, bizi duin bat merezi duzue”. Gazte asanbladako kideek gaineratu zutenez, “ezinezkoa da pentsio duinak egotea soldata duinik gabe. Gaurko gazte langileon soldata miserableak, biharko pentsionisten pentsio miserableak izanen baitira”. 

Aurreratu zutenez, “etorkizunik gabeko belaunaldia ez da belauniko hilko. Gure eskutan dago horrekin bukatzea. Beste mundu bat posiblea eta beharrezkoa da, baina ez dugu etxean itxoiten lortuko”. Horregatik, emakumezko prekario edota pentsionistak bat egitera deitzearekin batera, antolakuntza eta borroka aldarrikatu zituzten.