Sakandarrak 38. Urbasako Igoeran
1.Garikoitz Flores (BRC B49) 3:20.920
8.Iker Palacios (BRC 05 Evo) 3:31.286
12.Iñigo Zelaia (Speed Car GT 1000) 3:40.427
16.Iban Lopez de Goikoetxea (Renault 5 GT Turbo) 3:49.862
19.Urko Berdud (Renault Clio) 3:54.020
27.Eneriz Besga (Citroen Saxo) 4:03.483
30.Mikel Mendinueta (Peugeot 205 Gti) 4:09.255
31.Iker Askargorta (Opel Astra) 4:10.878
43.Ander Gurmindo (Renault Clio) 4:25.207
* Delfin Goikoetxea (Seven) erretiratu egin behar izan zen
Aurreko urteko etenaldia eta gero, Sakana Motorsport eskuderiari esker atzera ere motorren orroa entzun ahal izan zen Urbasan. Milaka eta milaka zale bildu ziren Nafarroako Mendi Txapelketarako puntuagarria zen 38. Urbasako Igoera jarraitzera, eta motorraren festa handia izan zen larunbatekoa.
95 pilotuk hartu zuten parte proban, tartean 10 sakandarrek. Olaztitik Urbasako portu gainera, 5,72 kilometroko eta 288 metroko desnibel positiboko igoera zen Urbasakoa. Ibilbide mitiko horretan, hasierako zatia azkarra da, baina ondoren dator bihurgunez betetako tarte teknikoa, gehienak ferra bihurguneak edo 180 gradukoak, guztira 39 bihurgune gainditu arte. Eta ibilbide hori hiru aldiz egin behar izan zuten pilotuek, entrenamenduak eta bi txanda. Proba hasi baino lehen, Sakana Motorsportek omenaldia egin nahi izan zion Espainiako Supermotard Txapelketako master mailako txapelduna izan den Fernando Urra pilotu olaztiarra. Horrela, olaztiarra lehena izan zen Urbasako igoera igotzen; hori bai, motorrean.
Entrenamenduetan eta bi txandatan gailendu zen Flores
Eguraldia ona zen baina tarteka euri tintin batzuk erori ziren eta goi parteko eremu batzuetan zola bustia zegoen; hortaz, zein gurpil erabili, horrek makina bat buruhauste sortu zien pilotuei. Etxeko pilotuetako bat, Garikoitz Flores lakuntzarra (BRC B49), proba irabazteko faboritoetako bat zen. Sakana Motorsport eskuderiako pilotuak ez zuen huts egin eta lasterketako denborarik onena egin zuen (3:20.920 minutu) eta bere lehen Urbasako Igoera irabazi zuen, merezimendu osoz. Probako entrenamenduetan eta bi txandatan lehena izan zen Garikoitz –entrenamenduetan 3:23ko denbora egin zuen, lehen txandan 3:21ekoa eta bigarrenean 3:20koa– eta, esan bezala, denbora onena bigarren txandan egin zuen. Garikoitz Flores profeta izan zen etxean: Urbasako igoera irabazteaz gain, Nafarroako Mendi Txapelketa irabazi zuen Floresek. Larunbatean, Urbasan, 3 segundo atera zizkion Arkaitz Ordokiri (3:23.010) eta 5 segundo Iñaki Irigoieni (3:25.896).
Aipatzekoa da pilotu sakandarrek lan itzela egin zutela. Flores txapeldunaz gain, Iker Palacios lakuntzarra (BRC 05 Evo) zortzigarrena sailkatu zen (3:31.286) eta Iñigo Zelaia bakaikuarra (Speed Car GT 1000) hamabigarrena (3:40.427). Barketak, formulak eta speed carrak izan ziren proba osatzen azkarrenak, baina aipatzekoa da turismoetan Joseba Iraola (Porsche 911 GT3) laugarrena sailkatu zela (3:26.775), turismo batendako sekulako postua. Bestalde, Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra (Renault 5 GT Turbo) 16.a izan zen (3:49.862), F2 mailan bigarrena.
Irteera hartu zuten 95 pilotuetatik 48k ezin izan zuten proba despeditu, matxurak zirela medio edo errepidetik irteerak izan zituztelako. Eta tartean istripu bat gertatu zen. Bihurgune batean auto bat bidetik atera zen eta debekatutako eremu batean zegoen argazkilari bat harrapatu zuen. Zorionez, kolpea hartu zuen, kolpe fuertea, baina ez zen garrantzizko hausturarik izan. Dena den, harrapaketa jasotzen zuen bideoa sare sozialetan barra-barra zabaldu zen.
Segurtasunean ahalegina
Sakana Motorsport eskuderiaren kezka nagusiena pilotuen eta ikusleen segurtasuna bermatzea da. Horrekin batera, Urbasa-Andia natur parkea garbi-garbi uztea. Segurtasuna mantentzeko neurri zorrotzat hartu zituzten, baina beti dago arauak betetzen ez duena, guztion kalterako. Nolanahi ere, antolakuntzak egunaren balorazio positiboa egin zuen. “Ez da ezer larririk gertatu, istripuan zauritutako argazkilariak ez baitu arazo larririk, eta alde horretatik kontentu gaude. Bestalde, matxura asko egon dira eta horrek lasterketa geldiarazi du sarritan, baina Igoera, orohar, ongi joan da eta primerako ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute Olaztira eta Urbasara gerturatu direnak” aipatu dute Sakana Motorsporteko arduradunek.
Bukaeran, sari ematea izan zen Clinker jatetxearen parean. Halaber, lasterketa sustatzeko laguntza eman zutenen artean zozketa egin zuen antolakuntzak eta 4.903 zenbakia izan da onuraduna.