Automobilismoa

Garikoitz Flores: “Lasterketetan jarraitzeko ilusioa dut oraindik”

Maider Betelu Ganboa 2019ko urr. 11a, 11:18

Garikoitz Flores Aristorena pilotu lakuntzarrak Urbasako Igoera irabazi zuen larunbatean, BMC B49 barketarekin igoerako 5,72 kilometroak 3 minutu eta 20 segundotan egin eta gero. Jokatu diren 38 edizioetan Urbasako Igoera irabazi duen lehen sakandarra izan da. 

Hirugarrena eta bigarrena ere sailkatu izan zara Urbasako Igoerako aurreko edizioetan. Aurten, arantza atera eta, azkenean, garaipena lortu duzu. Urbasan irabaztea zure erronketako bat zen? 
Kontentu nago. 18 urtetatik nabil lasterketetan parte hartzen; beti izan dut gogo hori, eta azkenean iritsi da eguna. Etxeko igoera da, eta, badakizu, gustukoa duzu. Urbasakoa igoera polita da, eta alde horretatik eta bertakoa naizelako, pozik nago. 

Larunbatean eguzkia zegoen, baina tarteka ere tintin batzuk erortzen ziren. Gurpilak aukeratzerako orduan eragina izan zuen horrek?
Normalean euria egiten duenean jartzen ditugu urezko pneumatikoak, baina pixkat bustia dagoenean, lehorrekoak erabiltzen ditugu. Larunbatean, goialdean hezetasuna zegoen, 2 km inguruko tartean. Haize gutxi zebilen eta zorua ez zen lehortzen. Gauzak horrela, lehorreko gurpilekin atera ginen. Hasierako eremuan, behean, lehorra zegoen zorua; abiadura handiarekin ateratzen zara eta gero kosta egiten da bustia dagoenean mantsotzea; izan ere, lehorrezko gurpilekin bustitako eremuan mantso ibili behar da, baina moldatu ginen. 

Zure barketarekin (BMC B49) zein izan zen Urbasan hartu zenuen abiadurarik handiena?
Ba nire autoak 192 km-ko abiadura punta izanen zuen. Ibilbidearen erdialdean izaten da hori, ur biltegia pasatuta eta Ur Saltora ailegatzen, Ur Saltoaren azpian. Hor hartzen dugu abiadurarik gehiena. 

Entrenamendua eta bi txandak irabazi zenituen. Beraz, autoak ongi erantzun zizun, ez?
Orain proba batzuk ari gara egiten kotxearekin. Denboraldi osoan ibili gara autoak direkzioa gaizki zuela eta arazoekin, baina irailaren 28an eta 29an jokatutako Espainiako Mendi Igoerako Totanako La Santa igoeratik etorri eta gero, berriro puntuan jarri genuen. Hobeto esanda, Jaizkibel igoerarako jadanik puntuan jarria genuen. Arazo horiengatik aurten Espainiako Mendi Igoerako Txapelketan pixka bat atzean egon gara, baina orain ongi. 

Espainiako Mendi Igoerako Txapelketa aipatu duzu. Iaz 2. mailako Espainiako txapelduna izan zinen, eta aurten bigarrena zoaz txapelketa horretan. 
Bai, Espainiako Mendi Txapelketako azken proba Ibin jokatuko dugu, Alacanten, urriaren 19an eta 20an. Aurreko lasterketan, Totanako La Santa igoeran kolpea izan genuen, proba utzi eta horregatik ezin izan nintzen sailkatu ez puntuatu. Momentuz, sailkapen orokorrean 2. mailako bigarren postuan nago, eta Ibin lehendabiziko 5 postuetan sailkatuz gero, txapeldunordea izango naiz. Kontentu nago. Dugun aurrekontuarekin, egindakoarekin pozik. Izan ere, aurrekontu honekin ezin gara txapelketako lehen mailan lehiatu. 

Izan ere, aurrekontua ezinbestekoa da automobilismoan. Naiz eta norbait pilotu oso ona izan, ez baditu medioak, kotxe ona eta dirua... hor geratzen dira abileziak. 
Azkenean dena diru kontua da. Mundu hau gustuko izan dezakezu, baina kontuan hartu behar da lasterketetan aritzeko, autoa puntuan jartzeko, gurpilak eta mantenurako dirutza behar dela, lasterketetan izena emateko dirua behar dela eta hoteletarako egonaldietarako baita ere. Eta maila altuagoa, diru handiagoa. Nik nagoen mailari eusten diot laguntza dudalako, eta orduan, hemen geldituko naiz, ezin naiz gora igo.

Urbasako igoeran Olaztiko boxetatik pasatuta argi ikusten zen aurrekontu desberdintasun hori, pilotu bakoitzaren baliabideak. Bazeuden kamioiak eta mekanikoak zituzten eskuderiak, baina gehienetan pilotu bakoitzak jartzen zuen puntuan bere autoa. 
Mikel Goya mekanikari olaztiarra nirekin doa lasterketa guztietara. Hori niretzat sekulako babesa da. Oso lagun ona dut. Gurpilekin ere laguntzen dit... dena. Eta Bango Racing Cars auto fabrikatzaileak eramaten dit kotxea lasterketetara bere kamioian. Hor laguntza badut. 

Urbasako Igoera askotan eten behar izan zen, istripuak, matxurak eta beste zirela medio. Zuei eragiten dizue? Urduriago jartzen zarete?
Bai. Ni lehen, egia esanda, gehiago urduritzen nintzen, baina denborarekin hobe hartzen dut. Izan ere, 100 kotxe parte hartzen, kotxe ezberdinak, denbora ezberdinak... Baina, beno, azkenean lasaitu egiten zara, lasterketaren erritmoa segitu behar duzu eta listo. 

Askotan uste dugu pilotuak uneoro kontzentratuta zaudetela, auto barruan, mekanikariekin... baina zure kasuan, txanda batetik bestera haurrekin jolasten ikusi zintudan. Deskonektatzeko hobea da hori?
Egia esanda, presio gutxi nuen. Herriko karrera zen, badakizu nola doan... eta presioa kendu nuen gainetik eta pixka bat deskonektatzen saiatu nintzen. Izan ere, urduri jartzen bazara, gauzak okerrago ateratzen dira. Baina kaskoa jartzen dudanean estutu egiten naiz. Ez dakizu bigarren doanak zer egin behar duen. 5 segundo ateratzen badizu... Lasterketetan uneoro bakoitzak beti dena eman behar du. Normalean duzun onena ematen duzu beti. 

Igoeratan ez duzue besteek egindako denboraren erreferentziarik, ezta?
Ez, ez dakizu besteak zer egin duen. Txanda bukaeran denborak ikusten dituzu, baina unean ez. 

Sakana Motorsport eskuderiakoa zara, hain zuzen ere Urbasako igoera antolatu zuen eskuderiakoa. Antolakuntzan aritzea tokatu zaizu?
Ez naiz antolakuntzan ibili. Tailerrean eskatu ziguten dirulaguntza eman nuen, baina ezer gutxi gehiago. Eta argi utzi nahi dut: beraiek ez badute igoera antolatzen, guk ezin dugu laster egin. Egia esan, ez dakit Sakana Motorsportekoek eta lasterketa guztietako antolatzaileek egiten duten lana nola eskertu. Karreretan, antolatzen duenak du meritua. Beraiek ez badute antolatzen guk ezin dugu aritu. 

Eta lasterketa bat antolatzeak sekulako lana du...
Lan asko ez, lan gehiegi, izugarria. Eta askok bere lana uzten dute ere proba antolatu ahal izateko. Aste osoa bueltaka, eta aurretik baimenekin, segurtasun neurriekin, dirua lortzen, paperekin… Nik karrerak uzten ditudanean ilusio hori daukat, antolakuntzan laguntzearena. Baina gaur egun, tailerreko lana, gero kotxea, gero lasterketak... niretzat gehiegitxo da. 

Beno, zuk beste eguneko garaipena eskainiko zenien eta zure aletxoa jarri zenuen.
Benetan, eskertzekoa da antolatzaileen lana, baino denena, lehenengotik azkeneraino. 

Nola ikusi zenituen beste pilotu sakandarrak?
Iñigok lehenengo lasterketa zuen, Iker ere hor ibili zen, Ibanek oso denbora ona egin zuen, Mikelek ere bai, Olaztiko beste pare bat ere txukun ibili ziren... Ongi, mugimendu handia dago Sakanan. 

Aipatzekoa ere bada Joseba Iraolak egindako lana. Azkarrenak barketak, formulak eta speed carrak izaten dira, baina bera, bere turismoarekin (Porsche 911 GT3) laugarrena sailkatu zen.
Bai, denbora oso ona egin zuen, 3:26 uste dut. Ikusgarria, denbora oso ona da turismo batendako. Joseba laguna dut; aurten barketak utzi ditu eta Porschearekin dabil; aurrera begira zer edo zer ezberdina egiteko ilusioa du eta hor dabil. 

Urbasan gora, zaleen oihuak eta animoak entzuten dituzu?
Ez. Jaisterakoan bai, baina igotzerakoan bakoitza bere munduan sartzen da. Zale asko bildu ziren, jende dexente zegoen lasterketan. Goian hotza zegoen, baina giro ona. 

Orain Ibiko lasterketa prestatzen ibiliko zara, Mikel Goiarekin bueltaka ibiliko zarete.
Bai, Urbasako igoeran bi gauza puskatu zitzaizkidan. Kanbioa ez zihoan ongi eta laguntza ematen didan Bilboko motorren prestatzaile batek bi pieza horiek bidaliko dizkit muntatzeko eta, horrela, Ibirako kotxea prest izango dugu.

Eta heldu den urteari begira, zer?
Heldu den urterako zein aurrekontu izango dugun ikustea da lehena. Ez dakit Espainiako Mendi Txapelketako lasterketa guztiak egin ahalko ditudan, baina batzuk bai. Jarraitzeko ilusioa dut oraindik, ea noiz arte (kar kar...). Bikoteak oraindik aguantatzen du, haurrak txikiak dira... momentuz ahal dut. 

Urbasan irabazi zuen lehendabiziko sakandarra izan zara. Zorionak lortutakoagatik eta ea denboraldia ongi bukatu eta Espainiako Igoera Txapelketako 2. mailako txapeldunordea zaren!
Milesker!