Maravillaseko hustutzeagatik epaitutako 22ak absolbituak

Guaixe 2019ko urr. 23a, 10:19

Epaiketa saklatu eta auzipetuei elkartasuna adeirazteko kontzentrazioa egin zen Altsasun ostegunean.

Lau sakandar zeuden joan de ostegunean epaitu zituztenen artean. Epailearen iritziz akusazioek ez dute frogatu argazki edo zaintza txostenen bidez auzipetuak normalean eraikinean zeudela 

Iruñeko 4. zenbakidun Instrukzio Epaitegiko epaileak Maravillas gaztetxearen aurreneko husteagatik auzipetutako 22 auzipetuak usurpazio delitu arina egiteaz absolbitu ditu. 2018ko agorrilaren 17ko hustean identifikatu zituzten poliziek auzipetuak. Epailearen iritziz, identifikazioez aparte, akusazioek ez dute inolako frogarik aurkeztu erakusteko auzipetuak eraikinean modu jarraian egoten zirela erakusteko. Epaileak nabarmendu duenez, “kausara ez dira aurkeztu ezta auzipetuak sare sozialetan partekatutako argazkirik ere. Ez dira zaintza lanik egin erakusteko auzipetuak okupatutako eraikinera normalean sartzen zirela erakusteko, hura kudeatzen edo jarduerak zuzentzen zituztela erakusteko”. 

Sakanako auzipetuek epaiketan adierazi zutenez, haiek ez zuten eraikina okupatu, ez zutela bertan jarraitzeko asmorik eta ez zutela inolako lokailurik prestatu (hustea eragozteko hainbat modutara kateatu ziren gaztetxean). Lau sakandarrek gaineratu zutenez, huste garaian eurak han zeuden “gaztetxeak zen auzo proiektuari elkartasuna adierazteko”. Epaian jaso denez, huste egunaz aparte, lau sakandarrek Maravillas gaztetxearen bestelako jardueraren batean parte hartu izanaren konstantziarik ez dago. Epaileak dioenez, “huste eguneko identifikazio puntuala ezin da eraikinaren okupaziotzat hartu, ezta haren mantentzetzat. Maravillas gaztetxearen jarduerei emandako babes ideologikoa da, beste hainbat sektorek azken bi urteetan egindakoen parekoa”. Epaileak gaineratu duenez, “kateatu ziren modua ez zen nahikoa hustea eragozteko edota polizia jarduna bertan behera uzteko”.  

Epaileak gaineratu zuenez, lau sakandarrendako “zigor eskaerak ez dute bat egiten krimen ardura sortzen duten tituluekin”.  Izan ere, legediak ezartzen baitu irauteko borondatea eta jarduera jarraitua egon behar dela usurpazio delitua egozteko.
Joan den ostegunean egin zen epaiketa eta fiskaltzak auzipetutako hirurendako eskatu zuen soilik isuna: 630 euro bakoitzari. Eraikinaren jabe den Nafarroako Gobernuak, bestalde, bost auzipeturendako 900 euroko isuna, hamarrendako 990 eurokoa eta zazpirendako 1.080 eurokoa eskatu zituen, baita 34.168,69 euroko kalte-ordaina ere, Foruzaingoaren hedapenagatik eta eraikinean eragindako kalteengatik. Epaiari helegitea aurkeztu dakioke Nafarroako Auzitegian. 

Isunak
Maravillas gaztetxearen bigarren hustea eta haren zigilatzea ilbeltzaren 8an izan zen. Hura salatzeko Iruñean bide mozketa transfeminista egin zuten eta, horregatik, hiru sakandarrei Mozal Legea aplikatuta 1.000 euroko isun bana jarri zieten. Etor zitezkeen isunei eta zigorrei aurre egiteko elkartasun dinamika antolatu zen Sakanan eta Euskal Herrian udaberrian. Esaterako, kontzertuak Berriozarren izanen dira ostiralean eta larunbatean.