Aizkora

Jon Irazu Euskal Herriko 2. mailako txapelduna Altsasun

Guaixe 2019ko urr. 23a, 12:51
Argazkiak: Juan Carlos Irigoyen.

Larunbatean 2. mailako Euskal Herriko Txapelketako finala jokatu zen Burunda pilotalekuan. Irazuk eta Lopez Azpilikuetak sekulako lehia izan zuten eta lehena izan zen txapelduna, 3 segundo eskaseko aldearekin

Larunbat arratsaldean Burunda pilotalekua aizkora zalez bete zen. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatuta, Euskal Herriko 2. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatu zen. Etxarri Aranazko ferietan jokatutako kanporaketan sailkatutako 6 aizkolarik jokatu zuten finala: Juan Jose Lopez Azpilikuetak, Jon Irazuk, Aratz Mugerzak, Jose Antonio Etxeberriak, Eloy Corcherok eta Arkaitz Jauregik. 

Lan ederra zuten aurretik. Urbasatik jaitsitako seina pago-enbor erdibitu behar izan zituen aizkolari bakoitzak: bi kanaerdiko (54 ontzakoak), bi 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontzakoak). Aurreko urtean lehen mailatik jaitsi zen Juanjo Lopez Azpilikueta eta Jon Irazu ziren faborito nagusiak, eta haien artean erabaki zen, hain zuzen, Euskal Herriko 2. mailako txapela. Bi aizkolariak parez pare ibili ziren finalean, aizkora zaleen gozamenerako. Neurketa oso oso estua izan zen, emozio handikoa, eta azkenean Jon Irazu Ugaldek bukatu zituen lanak lehenengo (20:54). Gipuzkoarrak 3 segundo eskas atera zizkion Juanjo Lopez lezaundarrari (20:57). Horrela, gipuzkoarrak aspalditxoan bila zebilen txapela jantzi zuen eta bera eta Juanjo Lopez Azpilikueta mailaz igo eta Euskal Herriko 1. mailan ariko dira hurrengo urtean. 

Corchero hirugarrena eta Jauregi bosgarrena
Atzean, hirugarren postua lortzeko lehia oso estua izan zuten Jose Antonio Etxeberriak eta Sakanako Aizkora Eskolan trebatutako Eloy Corchero eta Arkaitz Jauregi arabarrek, Sakanako bizilagunak biak. Hirurek dena eman zuten, eta, azkenean Eloy Corchero izan zen hirugarrena (23:26), Jose Antonio Etxeberria laugarrena (23:44) eta Arkaitz Jauregi bosgarrena (23:51), segundo gutxiko aldearekin. Aratz Mugerzak ez zuen egun ona izan eta seigarrena sailkatu zen (26:47). Enbor pare batean ipurdia eta adarra zabaldu zitzaizkion. 

Hasieran trontza erakustaldia egin zuten Sakanako lau trontzalarik, Sanferminetan Kadeteen Trontza Txapelketan aritu zirenak: Inhar Olabide (Altsasu) eta Peio Altzelai (Etxarri Aranatz) batetik, Adur Irigoien (Altsasu) eta Adur Lizarraga (Etxarri Aranatz) bestetik.. Enborrari 10 epai edo mozketa egin behar izan zizkioten.