Txirrindularitza

Sakanako txirrindularitzaren urrezko garaiak

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 1a, 11:17
Altsasuko Erramu Trofeoan txirrindularien tropela.

Burunda Txirrindularitza Taldeko Gorka Mintegi idazkariarekin eta Sakana Group-Aralar taldeko Edi Cerviño zuzendariarekin bildu gara despeditu berri den denboraldiko balorazioa egitera. Bi klubendako aurtengo denboraldia oso ona izan da eta hurrengoa prestatzen murgilduta daude buru-belarri

2019ko errepideko txirrindularitza denboraldia bukatu berri da. Orain ziklokrosaren txanda da, eta bertan arituko dira Aralar Txirrindularitza Taldeko Sakana Group taldeko zenbait txirrindulari eta Burunda Txirrindularitza Taldeko Quesos Albeniz taldeko beste hainbat. Ez hori bakarrik, Burunda klubak abenduaren 14an Ziklokros lasterketa antolatuko du lehenengoz, Urdiainen. Bukatu berri den denboraldiaz aritu gara Burundako Gorka Mintegi idazkariarekin eta Aralar klubeko Edi Cerviño zuzendariarekin

Gorka Mintegi: “Oso kontentu gaude”
Burunda klubeko idazkaria

Zer nolako denboraldia izan da aurtengoa?
Urte guztiak bezalakoa. Denboraldia luzea da, momentu on eta ez hain onak egoten dira, baina oso kontentu gaude; jendea gustura dago, 48 neska-mutil ditugu eta ongi joan da. Txirrindularitzan boladak izaten dira. Nire semea hasi zenean txirrindulari gutxi ziren eta urte batean ez zen junior talderik egon. Aurtengo junior taldean sei taldekidetik lau kanpokoak dira, baina behetik, kadeteetatik hurrengo urtean badatoz eta taldeak aurrera jarraitzen du. Belaunaldiak dira, edo modak... baina beti gora joan gara orain eta hor gaude. Txirrindularitzan faseak daude. Txiki-txikiak direnean herrietako jendea ezagutzen dute, gora doazenean kanpoko jendea ezagutzen dute eta lagun berriak egiten dituzte. Lagun handiak egiten dira txirrindularitzan.  

Eskoletan helburuak bestelakoak izaten dira: neska-mutikoak trebatu, ongi pasa dezatela, txirrindularitzari tamaina hartzea... baina kadeteetan eta juniorren beste balorazioak egiten dira. Zer moduzko denboraldia izan da aurtengoa?
Oso ona. Kadeteetan kirol emaitzak oso onak izan dira; lasterketa batzuk irabazi dira, bai banaka eta baita taldeka. Hugo Aznar eta Mikel Uncilla gehiago igo dira podiumera baina taldekide guztiak ongi ibili dira eta taldea egin dute. Juniorren maila zailagoa izaten da, baina urte guztia lehian egon gara. Bi momentu txar izan genituen denboraldian; Gipuzkoako Itzulian Unai Aznar oso ongi zihoan, baina erorikoa izan zuen, eta Iruñeko Itzulian Iker Mintegi oso ongi zebilen baina zulaketa izan zuen... Dena den, hor egon gara urte guztian eta kontentu

Zuen txirrindulariak Nafarroako selekziorako eta beste selekzio batzuetarako hautatuak izan dira. Horrek errekonozimendua ematen dio klubari, baina akaso, klubaren egunerokoan eragina du eta planifikazioren bat pikura joan daiteke.
Selekzioarekin joatea beraiendako sari bat da eta guk ere horrela ikusten dugu, merezi dutelako. Jubeniletan gutxi gara, Unai Aznar eta Iker Mintegi Nafarroako selekziora deitu dituzte eta beste bat Galiziakora, eta horregatik lasterketa pare batean talde bezala ezin izan dugu aritu. Onak direnak eramaten dituzte, eta trukean prezio bat ordaindu behar da. Baina beraiendako sari bat da. Nafarroako selekzioarekin Donostiako Klasikoan, Alacanten eta Valladoliden aritu dira gure txirrindulariak eta hori handia da eurendako. Ildo honetan, esan dezakegu Nafarroako selekzioa ehuneneko kopuru oso handian sakandarrez osatuta egon dela, bai kadeteetan eta bai jubeniletan, Burunda eta Aralar klubetakoak eta beste taldetan aritzen diren sakandarrak kontuan hartuta. Sakanan maila handia dago. 

Beraz, txirrindularitzaren urrezko gariak ezagutzen ari gara. Hurrengo denboraldia nola dator?
Oraindik ez dugu aurtengoa bukatu. Azaroaren 22an Burundako urteko asanblada dugu, azaroaren 30ean txirrindulariek, senitartekoek eta juntakoek bazkaria egingo dugu eta aurten proiektu txiki batean sartu gara. Taldeak, lehenengoz, ziklokros lasterketa bat antolatu behar du. Abenduaren 14an izango da, Urdiainen, eta Benigno Mendia zenari omenaldi xumea izango da, Sakanan ziklokrosean hasi zen lehenetarikoa izan zelako. Izan ere gure txirrindulari batzuk, 2 kadete eta 3 jubenil, ziklokrosean aritzen dira. Gaur, ostiralean, lasterketa dute Legazpin. 

Eta hurrengo urterako aurreikuspenak onak dira?
Bai, talde guztiak aterako ditugu. Jubeniletatik 3 doaz, kadeteetatik 4 igotzen dira, haurren mailatik kadeteetara ere igoko dira... joan zen urteko egiturak mantentzen ditugu. Ildo honetan, neska-mutikoak txirrindularitzan aritzea animatu nahi nituzke. Animatu daitezela, lehenengo urtean izena ematen duenari bizikleta uzten diogu klubetik, lehengo urterako, badakigulako gastu bat dela. Proba dezatela, lasai asko. Izena ematea sustatzeko kanpaina txiki bat egingo dugu ikastetxeetan. Askok beldurra diote errepideari, baina nik urte asko daramatzat klubean eta ez zaigu inoiz ezer arrarorik gertatu. Eta, azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet babesle eta laguntzaile guztiei, aurrera egiten laguntzen gaituztelako. 

Taldea ateratzeko gurasoek eta juntakoek egiten duzuen ahalegina ere handia da.
Bai, urte guztian ez gara geratzen, lasterketak direla, entrenamenduak direla, juntako lanak… baina gustuko baduzu… Seme-alabak kategoria txikietan ibiltzen direnean “Navarra en fiestas” aritzen gara, kadeteetan Euskal Herri osora zabaltzen da kontua, eta gero Estatu espainolera ateratzea suertatu daiteke,  baina gustuko tokian aldaparik ez.

 

Edi Cerviño: “Urte oso ona izan da: disfrutatu dugu eta ikasi dugu”
Aralar taldeko zuzendaria

Zer moduzko denboraldia izan da aurtengoa?
Helburu orokorra txirrindularitzarekin disfrutatzea eta ikastea da, eta alde horretatik lortu dugu. Izen berriarekin aritu gara, Sakana Group, eta ilusioarekin hasi ginen. Denboraldi polita egin nahi genuen, herriko lantegiaren izena barreiatuz, eta denboraldi ona egin dugu: lasterketa gehienetan aurrean egon gara, podium gehienetan egon gara. Disfrutatu dugu eta lan ona egin dugulako pozik gaude. Eskoletan ongi trebatu dira neska-mutikoak eta giroa ona da. Kadeteetan, hasiera batean ez genuen aurreko denboraldikoa bezain talde indartsurik, baina oso denboraldi ona egin dugu, ongi ibili dira taldekideak. Martxel Etxeberriarekin Euskadiko Txapelketa irabazi genuen, horretaz gain lasterketa garrantzitsuak lortu ditugu. Txirrindulariak ongi dabiltza, senitartekoek ongi erantzun dute eta aurrera. Hurrengo denboraldirako erreleboa ere badator. Garrantzitsuena neska-mutikoek disfrutatzea da; disfrutatzen badute, azkenean duten guztia ematen dute eta emaitzak etortzen dira. Ezker eskua izan behar da eurekin: euren kasa utzi, gertutik jarraituz baina behartu gabe. Bestela, jai dago. Talde lan ona egin dute, giro ona egon da eta laguntasun handia. 

Eta juniorretan?
Juniorren urtea zaila da. Batzuk helburu pertsonalak dituzte, afizionatuetara pasatzearena, eta gehiegi estutzen dute euren burua. Eta beste batzuk paso egiten dute. Horregatik, gertu egon behar duzu, txirrindulariak pixka bat kontrolatu behar dituzu, zentratuak egon daitezen. Nire filosofia txirrindulariak laguntzea da, ongi pasa dezatela eta ahalik eta gehien ikasi dezatela, baina positiboan. Baloreak ikasi ditzatela, lagunak izaten ikas dezatela, errespetua izaten. 
Denboraldia ona izan da. Gipuzkoako Itzulia irabazi genuen Igor Arrietarekin, sekulako talde lan ikusgarria egin eta gero. Aurreikusi moduan atera zitzaigun dena, eta Igor ikusgarri egon zen. Sekulakoa da mutil onena, bera adinerako maneiatzen dituen datuak ikusgarriak dira, ia profesional batenak. Eta Aitor Alberdi ere ikusgarri aritu da. Iruñeko Itzulia denboraldiko beste helburua zen. Guztia planifikatu eta gero Espainiako selekzioak Igor Arrieta deitu zuen Europako Txapelketetan aritzeko eta gure planifikazio guztia bertan behera jarri zuten. Aitor Alberdi zen gure beste aukera baina gastroenteritisa jota aritu behar izan zuen, eta, hala ere, aurrean egon ginen, podiumeko aukerekin. Horregatik, oso kontentu egindakoarekin. 

Federazioena taldeendako sarritan ez da ona…
Selekzioek txirrindularien lana aitortzen dute, baina guk taldean pentsatu behar dugu eta sarritan gurea hankaz gora gelditzen da. Dena den, nire ustez askotan gehiegi izaten da. Igor Arrietari, esaterako, aurten denetarako deitu diote: Espainiako selekziorako, Nafarroako selekziorako… Europako Txapelketetan egon da, Mundialetan… Lehen urteko jubenil bati denetara ezin zaioa eman uste dut. 

AC/DC leloa omen duzu Edi, txirrindulariei behin eta berriz errepikatzen diozuna...
Nire leloa da hori. Eta bere zergatia badu. Txikitatik naiz AC/DC taldeko zalea, batetik. Baina AC/DC-k, gazteleraz “Actitud, Confianza, Disciplina y Constancia” esan nahi du; hau da, jarrera, konfiantza, diziplina eta jarraikortasuna. Eta konpromisoa. Horiek dira txirrindulari on batek izan behar dituen baloreak. Eta horregatik autoan beti AC/DC jartzen diet, kamisetak eta guzti egin genituen (kar, kar...). Oso harreman ona dut txirrindulariekin baina adin zailean daude. Batzutan oso indibidualistak dira, eta hori ez dut gustuko. Nik guztiek talde bezala lan egitea nahi dut. Itzulietan eta lasterketa luzeetan talde bezala jokatzen dute, baina lasterketa normaletan nik guztiei aukera berberak ematen dizkiet; kontua da normalean bizpahiru txirrindulari daudela errematatzen dutenak, dohain gehiago dituztelako, gauzak hobe ateratzen zaizkielako edo gogo gehiago jartzen dutelako. 

Nola dator hurrengo denboraldia?
Nagusiekin ariko naiz, gehienbat jubenilekin. Jubeniletatik bi aterako dira, txirrindularitza utzi duen Urko Gorriti eta hurrengo urtean afizionatuetan ariko den Inhar Astitz. Gainontzeko guztiek, Arrieta eta Alberdi barru, jarraitzen dute eta kadeteetatik ere Martxel Etxeberria, Jon Erdozia eta beste igoko dira. Beraz, 10-11 txirrindularitz osatutako talde sendoa dugu hurrengo urterako eta gogotsu nago, ilusioarekin. Maila pertsonalean kosta egiten da. 7 urte daramatzat oporrak txirrindularitzarako hartzen: Iruñeko Itzulia, Gipuzkoako Itzulia… Konpromisoa handia da, astebururo lasterketak, entrenamenduak… baina momentuz balantzea egiten dut eta merezi dit. Mutilengatik nago hemen, hori oso argi dut. Arduratsuak eta konprometituak izaten irakatsi behar zaie. 

Txirrindularitza talde bat aurrera ateratzea ez da erraza...
Inondik inora. Txirrindularitza talde bat aurrera ateratzea oso lan nekeza da. Esfortzu handia egin behar da, lan handia, eta diru asko lortu behar da taldea aurrera ateratzeko. Bereziki kadeteen eta jubenilen mailan.