Euskara ezagutza eskatzen zuen 2017ko lan deialdiaren aldeko epaia

Guaixe 2019ko aza. 1a, 09:06
Altsasuko polizia-etxea.

Afapnak hura baliogabetzea eskatu zuen “neurrigabea eta justifikatu gabea” zelako. Besteak beste, Altsasuko polizia-etxeko bi foruzain lanpostu hutsen eta Nafarroa guztiari zerbitzu ematen dieten lau suhiltzaile bete gabeko posturen euskara ezagutza kentzea eskatu zuen sindikatuak.

Nafarroako Gobernuak 2017ko azaroaren 28ko 109/2017 Foru Dekretuaren bidez foru administrazioko eta bere erakunde autonomoetako plantilla organikoa aldatu zuen. Haren bidez, betetzeko zeuden lanpostu batzuetan, Nafarroako Gobernuan euskara ezagutza eskakizuna sartu zuen. Esaterako, Altsasuko polizia-etxeko bi foruzain lanposturi eta Iruñeko suhiltzaileen parke zentraletik Nafarroa guztira zerbitzua ematen duten lau suhiltzaile lanpostu hutsendako. 

Afanpak erabakiaren kontra epaitegietara jo zuen, Foru Dekretua baliogabetu asmoz. Sindikatutik argudiatu zuten lanpostu horietarako egindako euskararen ezagutza “neurrigabea eta justifikatu gabea” zela. Afapnak argudiatzen zuen foruzain eta suhiltzaile plazak ez zeudela hizkuntza eremu jakin bati lotuta, eta behar bezala arrazoitu gabe zeudela. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak asteartean jakinarazi zuen ez duela Afapnaren eskaera onartu. Epaileek ondorioztatu dutenez, “plaza elebidunen kopurua neurrigabea edo justifikatu gabea dela esateko ez dago frogarik”. 

Sindikatuari erantzunez auzitegitik adierazi dute Foruzaingoko bi lanpostu huts Altsasuko polizia-etxekoak direla (gainontzekoak Elizondo eta Lizarra) eta beraz, “kalean betetzen dituzten funtzioetan publikoari arreta egokia eskaintzeko, hitz egiteko, Foru Dekretuak zehazten duen euskara profil eta maila hori behar da”. Epaileek gogoratu dute lanpostu hutsak eremu euskaldunean eta mistoan daudela. 

Suhiltzaileen lanpostu hutsen inguruan ere argudio berak errepikatu dituzte epaileek, Iruñeko zerbitzu zentraleko suhiltzaileek Nafarroa guztian lan egiten dutelako: “hitzezko komunikazioaz ari gara eta, beraz, euskaraz hitz egitea eskatzen duenari suhiltzaileekin hala hitz egiteko aukera eman behar zaio”. Hezkuntza Departamentuak eta gainontzeko departamentuek lanpostu elebidunak zehazterakoan egoki arrazoitu dituztela gaineratu dute epaileek. Epaiaren kontra kasazio-errekurtsoa aurkeztu dezake Afapnak.

100 lanpostu elebidun
Afapna sindikatuak euskara eskakizuna duten lanpostu horiek kentzea eskatu zuen. Hezkuntza Departamentua kenduta, Nafarroako Gobernuaren lantaldearen % 1,7k besterik ez dute euskara ezagutzeko eskakizuna.