Hilerriak, bisita merezi duten tokiak

Guaixe 2019ko aza. 1a, 10:12
Urdiaingo hilerritik dagoen ikuspegia.

Domu Santu eguna da gaur eta, defuntuak gogoan, jendetza joanen da kanpo santuetara.

Baratzetako loreak ez badira, lore-dendakoak. Horiek eskutan sakandar ugari kanpo santutarako bidea hartuko dute gaur, nahiz eta batzuk zubiagatik lanak aurreratu dituzten. Etxeko eta gertuko hildakoak gogoan haien hilobiak bisitatzeko eguna da azaroaren lehena. Egunerako dena prest egoteko hilobiak eta hilarriak garbitu dituztenak ere izan dira. 

Herri adina hilerri daude Sakanan, 28. Eta arrazoi bategatik edo besteagatik kanpo santu horiek bisitatzeko aitzakiak badaude. Ekialdeenean dagoen herria da Aizkorbe eta bere hilerria Aginagako mugatik 250 metro eskasera dago. Irurtzungo hilerrian bada nabarmentzen den panteoi bat, beste askok bezala, ezbehar baten istorioa atzean duena: kamioi batek kanpoko haur ijito bat harrapatu zuen. Familiak aseguruarekin panteoia eraiki zuen, eta sendikoak hiltzean han lurperatzen dituzte. Irurtzungo hilerrian ere 1922an zendutako haur baten hilarria dago. 

Errozko kanpo santua kasik Oskiako harrobiaren azpian dago. Hura kudeatzen duen enpresaren lurretatik pasa behar dute errozdarrek hilerrira joateko. Bestetik, Erroztik abiatuta Urritzolako “portua” igo eta gainera iristean, eskuinera, dermioko bide bat dago, kaskailuzkoa. Bidean aurrera egin, abeltegia pasa eta berehala topo eginen dugu hilerriarekin. Autoz joan badaiteke ere, Urritzolakoa Sakanako hilerri bakarra da hara joateko porlanezko edo asfaltozko biderik ez duena. Izurdiagak herri gunea bitan zatituta du eta San Juan auzotik gertuago dago kanposantua, Nafarroako Autopistari (AP-15) pega-pega eginda. Etxeberrikoa basoan gordeta dago. Etxarrenen, Ihabarren, Uharte Arakilen eta Iturmendiren kasuan Sakanako Autobiaren (A-10) azpitik pasa behar da hilerrira joateko. Azken horren gainetik pasa behar da Bakaikukora joateko. Soro batek banatuta, 200 metroko distantzia ere ez dago Zuhatzuko eta Satrustegiko kanposantuen artean. Soro artean dauden beste batzuk Hiriberrikoa, Irañetakoa (herrien mendebaldera) eta Lizarragakoa (ipar ekialdera) dira. 

Uharte Arakilen herriko seme eta musikari handia izandako Felipe Gorriti Osanbelaren hilobia bisitatu daiteke. Bestetik, bi dira elizatik bertatik bertara kanposantua duten herriak: Arruazu eta Dorrao. Gehiago dira hilerria ermita baten ondoan duten herriak: Ekain San Lorentzo, Satrustegin Santa Barbara, Ihabarren San Juan Bautista, Lakuntzan San Antonio Abad, Unanun San Andres, Altsasun Otadiko Kristo Deuna. Itxasperri ermitaren parean, iparraldera dago Egiarretako hilerria. Olatzagutiko elizaren eta hilerriko ateen artean 200 metro besterik ez daude. 100 metro eskasera daude Ziordiko eliza eta kanposantua. 

Munduan kanpo santua gutxi izanen ziren anarkiaren A hizki handi bat hilarri batean zutenak. Lakuntzan halako bat egon zen eta Lazaro Alegria Lazkarai anarkistaren hilarria zen. Lakuntzarra 1936ko estatu kolpearen ondoren atxilotu zuten eta Etxarri Aranazko kuartelera eraman zuten. Garilaren 28an beste lau sakandarrekin batera Atondora eraman eta han fusilatu zituzten, Oskiako txipudian. Lakuntzako hilerriko lanak egin zirenean familiak hilarria hartu eta euren jabetza batera eraman zuen. 

Arbizuko hilerritik paseo bat emateak merezi du. Hildakoak lurperatu egiten dituzte eta jarritako hilarri ugarik eskulturatik asko dute. Etxarri Aranatzen askok kanpo santua toki izenarekin izendatzen dute: Utzubar txiki. Euskal gatazkaren ondorioz han daude ETAk hildako Jose Luis Ulaiar Liziaga eta ETAko kide izandako Juan Inazio Erdozia Larraza, Pello Mariñelarena Imaz eta Josu Zabala Salegi.  

Bakaikun, berriz, ibarreko oroigarri altuena dago. Aldameneko zipresaren kontrapuntua, porlanezko zutabe borobil baten gainetik, bere mendira begira dagoen Aralarko aingeruaren irudi bat dago, defuntu bakaikuar guztiak zaintzen dituela dirudiena. 

Urdiainen hilerriaren partzelazio berria eta dena maila berean egiteko lanak duela bi urte egin zituzten. Horren ondoren bost panteoi besterik ez dira gelditu, jabetzan zeudenak. Alokatutakoak kendu egin zituzten. Altsasuko kanpo santuan, berriz, gainontzekoetan baino panteoi gehiago izan ziren, Sueskundarrek merkeago egiten zituztelako. Hala, beste herrietan ez bezala, Altsasun panteoiek ez dute gizarte maila islatzen. Hilerriko kapera 1909koa da. 

1936ko estatu kolpearen ondoren Otsaportilloko lezean eraildako bi gizonezkori duintasunez lur eman diete Olatzagutiko hilerrian: Meliton Agirre Lezea (2017ko azaroaren 18tik kanpo santuan) eta Migel Vergara Bereau (2018ko garagarrilaren 30etik hilerrian). Bestetik, hilerrian sartu eta eskuinera mende bat pasa duten panteoiak daude. Haurrei eskainitako beste zati bat era badute.