Tokikom elkarteak bere izena hartzen duen sariketaren bidez azken urtean toki komunikabideetan argitaratutako portadarik, edukirik eta ikus-entzunezkorik onenak saritzen ditu. Tania Arriaga Azkaratek, Edorta Arana Arrietak eta Amaia Pavon Arrizabalagak osatutako epaimahaiak maila bakoitzerako hiru lan finalista aukeratu zituen. Eta haietako bietan Guaixe zegoen. Azal onenaren saria eskuratzeko finalisten artean zegoen Altsasun ospatutako Nafarroa Oinezen ondoren argitaratutakoa. Hari buruz epaimahaiak “argazkiaren enkoadrearekin eta azaleko gainontzeko elementuekin egindako joko ederra” goraipatu du.
Eduki onenaren sarirako finalista, berriz, 1918ko gripeak Sakanan utzitako heriotza arrastoaren berri ematen zuen erreportajea izan zen finalista. Bigarren urtez jarraian izan da Guaixe finalista eduki onenaren mailan. 2016ko kinto ospakizunetan Altsasun izandako sexu erasoaren epaiari egindako jarraipenagatik izan zen joan den urtean.
Sariak
Azalik onenaren saria Debagoieneko Puntua aldizkariarendako izan da Antropozenoa izeneko azalagatik. “Oso elementu sinple gutxirekin mezu hunkigarria” ematen duela baloratu du epaimahaiak. Maila horretako beste finalista Barren aldizkariaren Krosaren egun handia azala izan zen. Eduki onenaren saria Urumeako Kronika egunkariak eskuratu du Urik gabeko urtegi, orain laborategi erreportajeagatik. “Artikutzako urtegiaren hustuketa ardatz hartuta, Kronikak erreportaje eredugarria landu du, lehen eskuko informazio ugari eta kazetaritza molde desberdinak uztartuta, balio dokumental handiko edukia sortuz, bai web bai paperezko bertsioa”. Beste finalista Uztarria hedabidea izan zen, heriotzaz hitz egiteko antolatutako “death cafe” egitasmoari buruzko lanagatik.
Azkenik, ikus-entzunezko onenaren saria Goiena Telebistaren Debagoiena Eraldatzen bideo sortak jaso du, “gizartean oro har dauden hainbat arazo eta aldaketari egin die aurre Goiena Telebistak, tokiko perspektibatik abiatuta eta errealizazio aldetik apustu berritzaile eta ausartak eginez”. Beste bi finalistak 28 Kanalak, Erlo Telebistak, GiTBk eta Goiena Telebistak elkarlanean Euskaraldiari buruz ondutako bideo sorta eta Aiaraldeak martxoak 8ari buruz egindako bideo-erreportajea izan ziren. Epaileek, gainera, bi aipamen berezi eman zituzten. Aurrena, Uribe Kostako Hiruka aldizkariari, Bayandalai, elur-oreinen azken artzaina? argazki-erreportajeagatik eta, atzena, Durangoko Anboto astekaria Martxoak 31 azalagatik.
Topaketa
Basauriko sari banaketaz baliatuta Tokikom elkarteak “ofizioari buruzko hausnarketa” egiteko baliatu zuen. 80 bat pertsona elkartu ziren Basaurin eta albiste faltsuen inguruko saioan parte hartu zuten. Besteak beste aztertu zuten albiste faltsuak nola sortzen eta hedatzen diren, gizartean duten eragina eta, batez ere, zer abantaila eta tresna ditugun euskarazko gertuko komunikaziotik albiste faltsu eta zurrumurruen eragina murrizteko. Horretarako, Maldito Bulo, Zurrumurruen Aurkako Sarea eta Euskaltzaleen Topaguneko adituen laguntza izan zuten. Gainera, toki komunikabideek albiste faltsuen bueltan izandako hainbat testigantza izan ziren, eta mahai-ingurua, gai horren inguruko lanketa posibleak diseinatzen hasteko.
66 hedabide
Tokikom elkartean batzen direnak, 200 profesional baino gehiago.