Euskarazko 60 tokiko hedabide biltzen dituen Tokikom elkarteak bere sariak banatu zituen Bilbon atzo. Joan den urtean elkarteko hedabideetan argitaratutako azalik, edukirik, ikus-entzunezko eta publizitate lanik onenak saritu zituen Tokikomek. Eduki onenaren mailan hiru finalisten artean Guaixe astekariaren lan bat zegoen. Zehazki, sariketan nabarmentzea merezi izan zuena 2016ko kinto ospakizunetan Altsasun izandako sexu erasoaren epaiari egindako jarraipena izan zen.
Maila horretako saria Bizkaiko Hego Uribeko Geuria aldizkariaren Berba eta Irudia monografikoarendako izan zen. Eskualdeko antzerki, zinema eta telebista arloan ari diren sortzaileei egindako elkarrizketa sorta batek eman zien saria. Azalik onena Gipuzkoako Debagoieneko Goiena hedabidearen Puntua astekariak eskuratu zuen, Porrotx ageri den azal bategatik. Ikus-entzunezko onenaren saria, berriz, Hiruka astekariaren Umeterapia (zahar-etxea eta ikastola sinbiosian) bideoarendako izan zen. Azkenik, publizitatearen saria Arrasateko Udalak eta Arteman enpresak eskuratu zuten, birziklatzearen inguruko iragarki batengatik.
Jardunaldia
Tokikom Sarien banaketa tokiko hedabideen elkarteak antolatutako Komunikazioaren alde mugikorra jardunaldien atarikoa izan zen. Gailu mugikorrekin edukiak eta informazioa kontsumitzeko modua aldatzen da. Baita eduki eta informazio horiek landu eta ekoiztekoa ere. Haizeak nondik jotzen duen jakin eta gailu mugikorrekin nola lan egin jakiteko aukera izan zuten jardunaldietako parte-hartzaileek. Aldi berean, publizitate joerak, datu babeserako legeen eraginak eta datuak maneiatzeko kontuan hartu beharrekoak izan ziren aztertu zituzten.