Txori erakusketa laugarrenez

Guaixe 2020ko urt. 10a, 12:16

Frontoia txoriz beteko da.

Igandean, 09:00etatik 14:00etara, frontoian. Milatik gora hegazti ikusteko aukera izanen da.

Kanarioak, kardamiruak, bermelloiak, gailupak, perikitoak, rosellak, agapernisak… eta beste arraza mordo bateko hegaztiak ikusteko aukera eskainiko du IV. Olatzagutiko Txori Erakusketak eta Trukaketak igande goizean. Aralar mendia Ornitologia Elkarteak antolatu du erakusketa. Bertako kide da Juan Carlos Mateos Garzia iturmendiarra eta laugarren edizioa dutela aipatuta halaxe laburbildu digu erakusketa-trukaketaren historia: “bazkide olaztiar baten ideia izan zen. Aurrenekoa kontu handiz antolatu genuen, abentura bat baitzen. Funtzionatu zuen eta jendea joan zen. Bigarrenak jende gehiago erakarri zuen. Eta joan den urtean gainezka egin zuen”. 

Azken edizioko esperientziagatik 100 eta 150 txori hazle artean biltzea espero dute. Eta haiek hainbat arrazatako 1.000 edo 1.500 hegazti jarriko dituzte ikusgai Olatzagutiko udal pilotalekuan. “Joan den urtean baino mahai gehiago jarriko ditugu”. Izan ere, Gijon, Ávila, Bartzelona, Zaragoza, Errioxa, Burgos eta Hego Euskal Herriko txori hazleak espero dituzte. Bisitariek txoriak ikusi eta haiek miretsi eta hazleei galderak egiteko aukera izanen dute. 

Hala ere, trukaketa izanen da tarterik garrantzitsuena. Mateosek azaldu digunez, “hazle bakoitzak gauza jakin bat bilatzen du hegaztietan, nork bere hazteko modua baitu. Trukeak egiteko ez du balio argazkiak trukatzeak. Hegaztiak aurrez aurre ikusi behar dira. Eta, hala ere, batzuetan bilatzen ari zarena ez duzu opatzen”. Trukaketak hazlearen hegaztiak genetikoki berritzeko ere baliagarriak direla aipatu digu. Igandean ikusgai izanen diren hegazti guztiek federazioaren  eraztuna izan beharko dute jarrita. Erakusketa-trukaketak Olatzagutiko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza dute antolatzaileek, “haien parte-hartzerik gabe ezin izanen litzateke antolatu”. 

Aralar mendia Ornitologia Elkartea
Gipuzkoako eta Nafarroako 14 txori hazlek osatzen dutelako hartu zuten mendiaren izena elkartearendako. 2012an sortu zuten elkartea. Urte hartan zaletu talde bat elkarrekin Almeriara joan zen, Munduko eta Espainiako txapelketetan parte hartzera. Bidaian aipatutako ideia gero gauzatu egin zuten, ornitologia sustatu asmoz. Kideen artean aipatutako Mateosez aparte beste hiru txori hazle olaztiar daude. Iruñea, Zumarraga, Ezkio edota Villabonakoak ere badaude elkartean. www.soaralar.es web orriaren bidez jarri daiteke haiekin harremanetan. 

Erlazionatuak

Raul Lopez: "200 kanario inguru izango ditut"

Erkuden Ruiz Barroso 2015 aza 13 Olazti