San Anton ospatuko dute asteburuan

Guaixe 2020ko urt. 17a, 13:46

Sanantondar dorrobarrak Itur-Aldea elkartean bazkalduko dute.

Dorraoko, Bakaikuko, Iturmendiko eta Urdiaingo San Anton kofradiek euren bilkurak eta ospakizunak eginen dituzte larunbatean eta igandean.

Ilbeltzak 17 da gaur, San Anton eguna. Saindua animalien zaintzailea da, baita abereekin zerikusia duen lanbideen babeslea ere. Horregatik haren gerizpean sortu zituzten mandazain eta abeltzain sakandarrek San Anton kofradiak. XVII. mendetik bizirik daude Burundako hiruak asteburuan elkartuko dira, eta gauza bera eginen du 1932an eratu zen Dorraokoak ere. 

Aurtengo berritasuna da Bakaikuko, Iturmendiko eta Urdiaingo sanantondar askok kofradien sorreraren eta garapenaren berri zehatzagoa dutela. Eta hori Nicolas Arbizu Gabirondoren Burundako mandazainak liburuari esker da. Udazkenean aurkeztutako liburu horretan Arbizuk salgaiak batetik bestera eramaten zituzten gizon haiei buruzko makina bat argibide ematen ditu: zein animalia erabiltzen zituzten, zein salgai garraiatzen zituzten, nondik nora ibiltzen ziren, zuten janzkera berezia, pagatzen zituzten zergak, lapurretak, galtzadak, haien mantentzea, agintariei aurkeztutako kexak, kofradiak eta beste. Arbizuk berak Burundako kofradeei liburua eskaini die, eta  larunbatean ere Bakaikura joatekoa da. 

Dorrao 
Sanantondar dorrobarren buru edo priorea aurten Francisco Lizarraga Senar da. Bera arduratu zen kofrade guztiak larunbateko hitzorduaz gaztigatzeaz, kanpoan bizi zirenei telefonoz hots egin zien eta herrian daudenek apaizak mezan esan zuelako jakin zuten. Prioreak laguntzaileekin batera biharko gosaria prestatuko dute gaur Itur-aldea elkartean. Izan ere, sanantondar goiztiarrenak dira dorrobarrak, larunbatean, 09:00etan, hildako kofradeen aldeko meza baitute. Hura despedituta priorearen etxera joanen dira eta hildako kofradeen aldeko errespontsua errezatuko dute (Aita Gurea eta Agur Maria).

Egiteko horien ondoren, elkarteko mahaira eseri eta gosaldu aurretik kofradiako karguak zozketa bidez berrituko dituzte. Majo gosaldu ondoren, batzuk kartetan edo hizketan ariko dira, pasieran besteak… Elkartean hurrengo hitzordua 15:00etan izanen da, bazkaria. Horren aurretik prioreak eguneko kontuen berri emanen du. 19 sanantondar elkartuko dira bihar. Kofradeek ezin badute joan ordezkoa bidali beharra dute. 

Bakaiku 
San Anton kofradiako kideak larunbatean, 13:00etan, elizara joanen dira, hildako kideen omenezko elizkizunean parte hartzera. Joaten ez direnak isun txikia ordaindu beharko dute. Handik aterata, talde argazkia egin eta bazkal garaia iritsi arte poteoan ibiliko dira. Bakarrekoetxea elkartean izanen da bazkaria. 70 bat dira kofradeak baina 46 bat elkartuko dira. Bazkaldu ondorengoa akordeoilari batek girotuko du. Baina haren aurretik batzarra eginen dute sanantondar bakaikuarrek. 1.715etik kofradiaren berri jasotzen duen akta liburuan kideen bajak eta altak idatziko dituzte, baita buruzagi edo maiordomo berriaren eta haren laguntzailearen edo beleroaren izen-abizenak ere. Aurten Roberto Ramosek maiordomo izateari utzi eta Mario Gastaminza beleroak hartuko du ardura hori. 

Iturmendi 
Elkartuko den San Antonen azken kofradia Iturmendikoa izanen da, domekan. 11:00etan elizan dute hitzordua. Hildako kofradeen aldeko elizkizunera kofradiaren estandartea aldean dutela joanen dira (San Antonen eta San Migelen irudiak ditu, Iturmendiko eliza azken horri eskainita baitago).  Mezaren ondoren kofradeak apaiz-etxean eginen dute batzarra. Kofradiaren kontuak eguneratu eta haien berri emanen zaie sanantondar guztiei. Gainera, 1690ekoa den akta liburuan kide berrien eta hildakoen izenak idatziko dituzte. Kofradeen artean ardurak banatuko dituzte (priorea eta abanderadoa, edo laguntzailea) eta, despeditzeko, hildako kofradeen aldeko errespontsua errezatuko dute (Aita Gurea). Bilkura eguna borobiltzeko Sanantondar iturmendiarrak Aritzaga elkartean bazkaltzera elkartuko dira. 

Urdiain 
Sanantondar urdindarrak larunbateko 12:00etako mezara joanen dira, hildako kofradeen aldeko elizkizuna baita. Mezaren ondoren kofradeak elizako eskaileretara atera eta apaizaren inguruan jarriko dira, hark handik Urdiaingo soroak eta aziendak bedeinkatzen dituen bitartean. Horrek garai batean eliz ondoan egiten zen animalien bedeinkapena ordezkatu zuen. Ondoren kofradiaren kanta. Egiteko horiek despedituta elizaren aldamenean dagoen Tintiniturri elkartean gosalduko dute kofradeek. 

Hurrengo geltokia herriaren etxea izanen da, han batzarra egiten baitute sanantondarrek urtero. Han kofradiako buruak edo maiordomoak aukeratuko dituzte. Imanol Goikoetxea eta Valentin Flores maiordomo zaharrek berriei lekukoa pasako diete. 1691n sortutako kofradiaren liburuan izan diren kideen bajak eta altak idatziko dituzte. Eta sanantondarrek dagokien diru kuota pagatuko dute eta hori ere akta liburuan jasoa geldituko da. Kofradiak errepublika garaian haren banderaren koloreekin egindako poltsa batean gordetzen du dirua. 

Aurten normalean baino pixka bat gehiago luzatuko da sanantondarren batzarra. Izan ere, bazkaldu ondoren kofradiako buruzagien etxeetara joateko ohitura dute. Baina hor aldaketa izanen da aurten. Domekan gaia aztertzeko bildu ziren kofradeak eta biharko bilkuran behin betiko erabakia hartuko dute. Migel Anjel Zubiriak azaldu digunez, “lau etxetara joaten gara kafea eta kopa hartzera. Ilundu egiten da eta gehiegixkoa ote den iritzita, lautik bakarrera edo bira jaitsiko ditugu bisita horiek”. Aitziber elkartean bazkaldu ondoren (14:30ean) jarriko dute praktikan neurri berria, 18:00etatik aurrera. 

Erlazionatuak