Cederna-Garalurren Banda Zabaleko Lantaldea bildu da

Guaixe 2020ko ots. 27a, 18:57
Banda zabaleko lantaldearen aurreneko bilera. Argazkia: Cederna-Garalur.

Nafarroako Mendialdean abiadura handiko banda zabaleko sareak hedatzea bultzatzeko esperientziak eta ezagutzak partekatu eta ekimen-ildo bat sortuko du lantaldeak.

Sakanako Garapen Agentzia kide duen Cederna-Garalurren Banda Zabaleko Lan Taldearen lehen bilera hilaren 14an egin zen. Garalurrek lantalde berri horri honako helburuak jarri dizkio: toki-erakundeen bitartez, Nafarroako Mendialdeko banda zabalaren eta mugikorraren benetako estaldura-egoera ezagutzea; banda zabalaren hedapen-motei buruzko zalantzak argitzea; administrazio-izapideak egitea; tokiko erakundeendako kostuak eta, batez ere, Mendialdean udalen ekimenez banda zabalaren inguruan garatu diren hedapen esperientziak eta proiektuak partekatzea; tokiko hedapen-proiektuak finantzatzeko alternatibak bilatzea eta ekintza bateratuko politika bat ezartzea goi-mailako erakundeei begira, besteak beste Nafarroako Gobernuari begira. 

Aurreneko bileran banda zabaleko estaldura eskaintzeko dauden hedapen-motak azaldu ziren; Nafarroako Gobernuak Banda Zabalerako Plan Zuzentzailearen barruan egindako jarduerak laburbildu ziren; eta toki-erakundeek adierazitako telefonia finkoko, mugikorreko eta Interneterako sarbideko konexio-arazoak partekatu ziren. Halaber, Urdazubik, Dantxarineak, Ibardinek, Errok edo Basaburuak eremu horietan konektibitatea konpontzeko egindako esperientziak partekatu zituzten. 

Bestetik, zenbait udalerriri estaldura emateko mugikorren operadoreek aurkeztutako proposamenak jorratu ziren; besteak beste, Larrauni dagozkionak. Guifinet fundazioak eskaintzen duen hedapen-eredu komunala ere eztabaidatu zen. Eredu hori Erron, besteak beste, erabiltzen ari dira bertako kontzeju guztiei estaldura emateko. 

Proiektu horiek toki-erakundeek jorratu eta finantzatu izanak lotzen ditu, eta kostu handia beren gain hartu arren, aurrea hartzea erabaki dute bertako bizilagunak eten digitalean deskonektatuta ez uzteko; izan ere, lantaldeko kideek aipatutakoaren arabera, eten horrek landa-eremuetako eguneroko bizitza eta lana zailtzen ditu, eta, halaber, landa-eremuetako despopulazioaren arazoa larriagotzen du. Lantaldea hilabete edo hilabete eta erditik behin bilduko da, Garalurrek Nafarroako Gobernuaren aurrean ematen dituen pausoak ezagutarazteko. 

Kideak
Garalurren zuzendaritza-batzordearen ekimenez sortua, talde osatzen dute: Galoze, Leitza, Ultzama, Larraun, Esteribar, Sakanako Garapen Agentzia eta Denok Bat erakundeetako ordezkariek, Ibon Mimentzak (Garalurreko zuzendari-kudeatzailea) eta Garalurreko Teknologia Berrietako teknikariek.