Indarkeria sufritu duten emakumezkoei zuzendutako protokoloa

Guaixe 2020ko mar. 18a, 10:03
Eraso sexisten kontrako kontzentrazioa. Artxiboa.

Dokumentua ontzeko profesionalen aurreneko bilera asteartean eginen dute. Garagarrilerako prozesua bukatuta izatea espero dute.

Sakanako Indarkeriaren Kontrako Koordinaziorako Protokoloa lantzen hasiko dira Sakanako eta Altsasuko Berdintasun Zerbitzuak. Indarkeria sufritu duten emakumezkoekin zuzeneko harremana duten erakundeekin elkarlanean eginen dute. Sakanako Mankomunitateko Berdintasuneko teknikari Oihana Gallo San Romanek azaldu digunez, “Nafarroan badago halako protokolo bat. Baina hori Sakanan ditugun baliabideetara egokitu nahi dugu. Baliabide horiek identifikatu, eta gero baliabide horien artean nola koordinatu beharko garen zehaztu”.  

Gaur egun koordinatuta lan egiten dute, baina paperean jaso nahi dute hori guztia. Altsasuko Udaleko Berdintasun teknikari Idoia Goikoetxea Gomezek esan duenez, “guretako oso garrantzitsua da dokumentu batean jasotzea, finkatuta egoteko. Nahiz eta profesionalak aldatu, prozedura mantentzeko”. Protokolo hori egiteko gizarte zerbitzuak, osasun etxeak, Foruzaingoa eta beste hainbat erakunde hots egin dituzte. Goikoetxeak argitu digu helburua: “gero eta erantzun koordinatuagoa eta integrala ematea. Eta, aldi berean, emakumezkoendako erraza izanen den erantzuna ematea”. 

Biek elkarrekin egiten duten beste lanetako bat da protokoloa. Indarkeria matxistari aurre egiteko Estatuko itunaren baitan eginen den ekimena da. Sakanako udal guztien diru-ekarpenarekin eginen da protokolo hori. Joan den urtean aurre-lanketa egin zuten, profesionalekin eta hautetsiekin lan-saio bana egin zuten. Jarain.app aplikazioa martxan jarri zuten. Goikoetxeak elkarlanaren “arrakasta” nabarmendu du: “udal bakoitzak diru kopuru bat jasotzen du. Nahiko kopuru txikia da. Lortzen dugu dena batu eta ekintza handiak eta programa zabala egitea. Hori garrantzitsua da”. Gallok gaineratu duenez, “denok elkartuta horretarako aukera ematen du. Eta, gainera, eskualde ikuspegia ematen dio”. 

Bi teknikariek azaldu digutenez, sentsibilizazioa, prebentzioa-eta lantzen dituzten protokoloak ere badaude. Horiek aurrerago landuko dituztela jakinarazi digute teknikariek.