KIROLDEGIA

Kirola geldirik

Guaixe 2020ko mar. 19a, 17:38

Koronabirusa dela eta hartutako neurriengatik ez dago kirol txapelketa, partida edo ekitaldirik eta kirol instalazio guztiak itxita daude

Ez ohiko asteburua izan zen aurrekoa eta datorrena ere halakoa izanen da. Inork gutxi ezagutu duena. Futbolik ez, Binakako Pilota Txapelketarik ez, saskibaloirik ez, areto futbolik ez… denbora zertan eman ez jakin egon dira kirol zale asko eta asko. 

Koronabirus edo COVID-19 birusak sortutako egoeraren aurrean, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kirol Jokoetako kirol ekitaldi guzti-guztiak 15 egunez bertan behera uztea erabaki zuen. Beraz, haur eta gaztetxoen kirol ekitaldi guztiak bertan behera geratu ziren. Kirol federazio gehienek neurriarekin bat egin zuten, eta gero talde profesionalak batu ziren. Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerak kirol ekitaldi guztiak bertan behera utzi eta etxean egoteko agindua ekarri zuen. Beraz, ez da kirol txapelketa, partida ez entrenamendurik egon maila txikienetatik hasita profesionalera arte. 

Horretaz gain, kiroldegiak, herrietako frontoiak, futbol zelaiak, saskibaloi kantxak, kirol pistak eta haurrendako parkeak ere itxita daude. 

Sakanako probak, bertan behera
Igandean, Etxarrin, Nafar Kirol Jokoen 2. jardunaldia jokatzekoa zen Etxarri Aranatzen. Bestalde, IV. Arbizuko Zumbathoi Solidarioa ospatzekoa zen Arbizuko kiroldegian, eta Altsasuko Udaleko eta Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuek prestatuta, emakumezkoen VII. Lilasterketa antolatua zegoen Altsasun. Azkenik, juniorren mailako XXVI. Udaberri Trofeoa txirrindularitza proba zen jokatzekoa Altsasun, Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatuta. Jakina, proba eta ekitaldi horiek guztiak bertan behera geratu ziren. 

Ezin da kalera atera paseatzera, korrika egitera edo bizikletan ibiltzera
COVID-19 birusaren aurrean Espainiako Estatuak ezarritako alarma egoeraren aurrean, etxean egon beharra dago. Ez dago besterik. Soilik lan egitera –lan egin beharra dutenek–, elikagaiak erostera, dependentzia egoeran dauden senitartekoak zaintzera eta txakurrak ateratzera atera ahal da. Kirola soilik etxean egin daiteke. Hortaz, ezinezkoa da kirola egitera kalera ateratzea. Ezin da korrika egitera atera, bizikletan ibiltzera atera, mendira joan edo paseatzera atera, gainontzekoak arriskuan jartzeaz gain, isun potoloak jaso daitezkeelako. 

Neurriak betetzen ez dituztenek 100 eurotik hasi eta 600.000 eurora arteko isunak jaso ahal dituzte, egindakoaren larritasunaren arabera. Dagoeneko Sakanan barna hainbat foruzain eta guardia zibil dabiltza errepideak eta bideak zaintzen. 

Mendia
Nafarroako Mendi Federaziotik azaldu dutenez, larrialdi egoera honetan ezin da mendira joan. Norbaitek istripurik izango balu, mendi aseguruak ez luke erreskatea eta ondokoak bere gain hartuko, “zabarkeria” (negligencia) izango litzatekeelako. “Edozein kirol istripu zabarkeria dela kontsideratzen da, eta kirol-aseguruetatik kanpo geratzen da” dio mendi federazioko oharrak. 

Entrenamenduak etxean
Guztia itxita dagoenez eta kalera atera ezin denez, kirol entrenamenduak ahal den moduan etxean egitea, ez dago besterik. Komeria galanta sakandar askorendako, kirolari profesionalendako bereziki.