Pilota

Baikok eta Aspek Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa eskatu dute bere langile guztiendako

Guaixe 2020ko api. 1a, 16:29
Zabaleta, Jaka, Ezkurdia eta Martija, Binakako Txapelketako finalerdietako material aukeraketan.

Pilotari, teknikari eta langile guztiei eragingo die

Koronabirusaren aurrean Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerak eta itxialdiak kinka larrian jarri ditu enpresa ugari. Larrialdi eta osasun krisiari krisi ekonomikoa gehitu behar zaio. Horrela, aurreko astean Xota klub irurtzundarrak egin bezala, aste honetan Aspe eta Baiko Pilota enpresak izan dira Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa eskatzeko tramiteak abian jarri dituzten enpresak, bere pilotari, teknikari eta langile guztiei eragingo dien erabakia. Baita ere Oriamendi2020 erremonte enpresak eta Innapala pala enpresak ere. Aspeko pilotariak dira Joseba Ezkurdia, Jose Javier Zabaleta eta Julen Martija pilotari sakandarrak, eta Baiko Pilotakoa Joanes Bakaikoa etxarriarra, eta euren enpresen erabakiak bete betean harrapatu ditu guztiak. Frontoiak hiru aste daramatzate itxirik, eta profesional guztien kontratuak aldi baterako erregulatuta dituzte pilotari lotutako enpresak. Pilotari guztiak jakitun direla eta egoeraren aurrean haiek izandako ulermena eskertu nahi izan dute enpresek. 

Alarma egoera eta itxialdia ezarritakoan, Binakako Txapelketako finalerdien ligaxkan murgilduta zeuden Aspe eta Baiko Pilota enpresetako bina bikote, hasierako ligaxkan finalerdietarako sailkatu zirenak, hain zuzen ere: Ezkurdia-Martija, Jaka-Zabaleta, Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Laso-Albisu. Finalerdietako ligaxkako 2. jardunaldia jokatzear zegoela gelditu zen bertan behera txapelketa, eta igande honetan zen jokatzekoa final handia, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. EPEL-ek (Esku Pilota Enpresen Liga) Binakako Txapelketa atzeratuko zuela iragarri zuen, erabaki gabeko datara. Binakakoaren ondoren Buruz Buruko Txapelketa hastekoa zen, eta txapelketa hau ere noiz eta nola jokatu beharko den erabaki beharko du EPEL-ek. 

Hortaz, ezohiko egoera honetan –1936ko gerran ere ez omen zen horrenbeste denborarik igaro pilota partidarik jokatu gabe– txapelketen egutegia nola egokitu izango da pilota enpresen erronketako bat. Egoera hau noiz arte luzatuko den jakitea ezinezkoa da, eta horrek zaildu egiten du plangintza. Ez dirudi udako torneoak hasi baino lehen txapelketak despeditzeko nahikoa tarte egongo denik, eta guztia koadratzeko nahikoa buruhauste izango dute enpresek.