Biltzeko formatua baina ez da aldatu

Guaixe 2020ko api. 30a, 12:42

Mintzakideak euskaraz hitz egiteko elkartzen diren taldeak dira. Konfinamenduak biltzeko formatua aldatu duen arren, mintzakideak elkarrekin aritu dira egunotan. Ekimen bereziak prestatu dituzte ere

Astean behin, ordu batez, mintzakideak euskaraz hitz egitera biltzen dira. Talde bakoitzak erabakitzen du tokia, eguna eta ordua. "Normalean pote bat edo kafe bat hartzen dute. Mintzakide mota asko daude, baina Sakanan ia denak tabernaren inguruan dira. Arakilen izan ezik; liburu bat irakurtzen dute eta hilabetean behin komentatzen dute". Aitor Irigoien Sakanako Mintzakide ekimanaren dinamizatzailea da, eta koronabirusa zela eta alarma egoera ezarri zutenean, biltzeko modu berriak bilatu behar izan zituen: "Bideodeiak egiten dituzte".

Etxarriko mintzakide taldea martxoaren 14an biltzekoa zen. Baina bertan behera uztea erabaki zuten. "Ni harritu nintzen. Konfinamendua igandean hasten zen, eta aurretik ez biltzea erabaki zuten". Hurrengo astean, Mintzakide programa "ofizialki bertan behera" gelditu zen. "Baina formatu horretan". Hortaz, bideodeien "mobidarekin" hastea erabaki zuten. "Taldeak bideo-deien bidez elkartzera animatu nituen. Batzuk aplikazioak jaitsi dituzte eta beste batzuk Whatsapp bidez ari dira egiten". Hala ere, Irigoienek esan duenez, konfinamenduaren hasierako egunetan "ez nekien zer egin", eta bideo-deien ideia Bilboko nagusitik etorri zen: "Mugitzen hasi ziren eta bideo-deiena proposatu zuten. Nik Sakanako Mankomunitateko Izaskun Errazkin euskara teknikariari proposatu nion eta ados zegoen".

Sakanan Mintzakide 15 talde daude. Hala ere, egunotan ez dira guztiak biltzen: "Badira Mintzakide taldean urte asko daramatenak, eta beraiendako ateratzeko aitzaki bat da. Orduan, zentzu hori galdu duenez ez dute bideodei bidez egin nahi. Badira gurasoak direnak eta ordutegi zehatz bat jarraitzeko zailtasunak dituztenak ere". Konfinamenduaren aurreko ordutegiak mantentzen dituztela azaldu du Irigoienek, baina bideo-deiek ordutegien arabera "margena" ematen dutela esan du. Bideo-deietan "tabernan egongo balira bezala" aritzen dela esan du Irigoienek: "Imajinatzen dut konfinamenduan zer moduz dauden eta horrelako gaiak aterako direla".

Bideo lehiaketa
Itxialdia seguruenik mintzakide taldeen gai nagusia bihurtu denez, konfinamenduaren inguruko bideo lehiaketa antolatzea erabaki zuten. "Euskal Herrian mintzakide talde asko daude, eta haietako baten ideia 40 segundoko bideoak egitea izan zen. Berrogeialdian, 40 segundo". Irigoieni ideia gustatu zitzaion eta ekimena "deigarriagoa" egiteko Sakanako produktuekin osatutako saria proposatu zuen. Zazpi lan aurkeztu dira.

Konfinamenduaren bideo lehiaketaren oinarriak errazak ziren: konfinamenduaren inguruko bideo bat izan behar zuen, 40 segundukoa "nahiz eta luzeagoak izan diren" eta estiloa librea zen: "Batzuk irudiekin adierazi dute, beste batzuk hitz egiten, argazkiekin…". Irabazleak Aitziber Irigoien eta Irati Irigoien izan dira. Epaileak Aitor Irigoien bera eta Izaskun Errazkin Sakanako Mankomunitateko euskara teknikariak izan dira. "Bakoitzak hiru bideo aukeratu behar genituen eta 5, 3 eta 1 puntu eman". "Kasualitatez" bere arrebak eta bilobak irabazi dute. "Berdinketa egon zen, eta Izaskunen bikoteak aukeratu zuen irabazlea".

"Nire nahi eta desio pertsonala da ekainean utziko digutela pixka bat elkartzen; metro bateko distantziarekin bada ere". Ikasturtea "ongi bukatzeko" aukera izango dutela uste du Irigoienek. Asteburuan Alde Zaharreko Euskal festak ospatu behar ziren Altsasun, eta urtero bezala ELE festaren barruan mintzodromoa antolatu behar zuten mintzakideek. Festak bertan behera gelditu direnez, "bere ordez Euskal Herriko mintzodromo birtuala" izango dute maiatzaren 3an. "Edozeinek parte har dezake, eta ez da beharrezkoa talde osoak izen ematea". Hainbat gela sortuko dituzte eta bertan mintzakideak ariko dira dinamizatzaile baten laguntzarekin.