Koronabirusa Sakanan

"Klinikaren arlo profesionalaren gaitasuna agerian dago"

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko mai. 12a, 11:18
Adinekoak okupazio-terapeutarekin ariketak egiten. Argazkiak: Utzitakoak.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa onik atera da oraingoz koronabirusaren pandemiak eragindako “ekaitzetik”. 

Arrakasta horretan lantaldearen profesionaltasunak jokatutako papera azpimarratu du klinikako gerente Angel Gardachal Ausejok.

Alarma egoera ezarri aurretik neurriak hartuta zenituzten, ezta? 
Asteak ziren Txinako koronabirusaren berri entzuten hasi ginela. Barbara Perezekin (mediku zuzendaria) izandako elkarrizketen ondorioz, arriskatzea eta gertaerei aurre hartzea erabaki genuen. Orain ikusi da egoki jokatu genuela, baina gerta zitekeen kale egitea. Neurriak hartzen hasi ginen, batez ere Norberaren Babeserako Ekipoen erosketa. Krisiren bat etor daitekeela sumatzen duzunean, aurrea hartzen saiatu eta gero eskas egon litekeenaz hornitzen saiatzen zara. Hori egin genuen eta, zorionez, ongi atera da. Lan Osasunaren Institutuak edo Osasun Ministerioak halako pazienteak artatzeko emandako indikazioak betetzeko, uneoro, klinikako langile batek berak ere ez du inoiz ekipamendu eskasiarik edo erabilera murrizketarik izan. Uneren batean Ministerioaren aurretik joan gara: prebentzio neurri bat hartzeko esan eta guk hartua genuen edo genuena indartu egiten genuen. Horrek ekarri du krisiaren kudeaketa klinikan orain arte arrakastatsua izatea, parte horretan behintzat. 

Eguneko zentroa itxi eta ospitalea dago bakarrik martxan. 
Zentroaren Itxiera nazioko gobernuaren agindu bat izan zen, Errege Dekretu bidez, eta Gizarte Eskubideen Departamentuaren arau bat. Egun hartatik mugikortasun zailtasunak izan behar zirelako eta prebentzio neurri gisa, erabiltzaileak eta profesionalak ez kutsatzeko. 



Eta eguneko zentrora etorri ezin zitezkeenez, klinika etxera joatea erabaki zenuten. 
Hala da. Guk bi alternatiba genituen. Bata, eguneko zentroko langile guztiei Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea (ABEEE) egitea. Nik dakidala sektorearen parte handienak hori egin du. Eta erabaki genuen lanpostuak mantentzea, pertsonak aktibo mantentzea eta langile horiei jarduna eman beharra zegoela ikusi genuen. Erizainak eta erizaintzako laguntzaileak ospitalera pasa ziren. Gainkostu handia izan du, baina nahiago izan dugu hori ABEEEn sartzea baino. Eta okupazio-terapia eta beste posturen bat eguneko zentroko jardunak etxeetara helarazten jarri genituen, pertsonalki eta telematikoki. Lanpostu jakin batean adostutako ABEEE txiki bat egin dugu, zereginik ez zuelako eta lanera etortzeko mugikortasun arazoak zituelako. 

Erabiltzaile batzuen senideak klinikara etorri dira eta ariketak edo jardunen bat egiteko materiala utzi diegu, inolako kosturik gabe eta pentsatuz modurik onenean erabiliko dela. Bestalde, COVID-aren kontra elkar hartuta jarduera martxan jarri genuen. Eguneko zentroko erabiltzaileendako eta senideendako etxeko konfinamendua errazago izateko hainbat akzioren bidez etxera jarduerak irisarazteko ekimena da. Halako gaitzak dituen paziente baten egoera sufritzen duen pertsona da senidea batzuetan, hori ez dugu ahaztu behar. Eta beti ez dira behar bezala artatzen. 

Nola zabaldu dituzue jarduera horiek?
Lehen egunean zenbait bilera izan genituen zer egin aztertzeko. Profesionalen arteko bilerak egin zituzten. Erabiltzaileendako eta senideendako egokiak izan zitezkeela iruditzen zitzaien ekintza multzo bat aurkeztu zizkidaten. Eta hortik aurrera zabaltzen hasi ginen whastapp taldeen bidez, www.josefinaarregui.com/covid web orriaren bidez eta sare sozialen bidez. Kasuren batean klinikan kongnizio jardueretarako erabiltzen dugun informatika programa gure hornitzailearen on-line plataformaren bidez helarazi genien. Azpimarratu beharra dut profesional taldeen portaera ikusgarria izan dela. 

Eguneko zentroko erabiltzaileen jarraipena egin duzue? 
Erabiltzaileen senideekin zuzeneko harremana izan dugu astero. Batzuk egunero hots egin dute. Erreaktiboa eta proaktiboa izan da. Guk ez genuen itxaroten senideak hots egin arte. Terapeutak familiei hots egin die erabiltzailea zer moduz jakiteko astero, gutxienez behin edo bitan. Eta ez bakarrik jakiteko zein egoera emozional edo kognitibo duen erabiltzaileak; erizaintza eta medikuntza zerbitzuak eman dizkiegu. Zeren botika jakin batzuen eragina ez da berdina mugitzen den gorputz batean, etxetik ateratzen den batean edo etxean itxita eta ariketarik egiten ez duen batean. 

Medikuntza zerbitzu hori ez dute ez plaza kontzertatuek ezta ez kontzertatuek ere. Baina medikuntza zerbitzu hori eskaini nahi izan diegu. Ezin dugu ahaztu gure medikuak paziente psikogeriatrikoetan espezialistak direla eta kognizio-narridurak, dementziak edo bestelako gaitzak dituzten pazienteak ezagutzen dituztela. Baina geriatrian ere espezialistak dira. 

Eta ospitalean? 
Alarma egoerak mugikortasuna mugatu zuen eta une hartatik bertatik ez etortzeko erraztasunak eman genizkien senideei. Hasieran gure gain hartu genuen arroparen kostua. Txanpua, ordezko hortzendako itsasgarria… erosi ditugu. Egoera normalean senideek egunero ekartzen dituzten gauzak dira. Altsasuko Garbilavi garbiketa enpresak arlo horretan ere lagundu digu. Eta gure egin dugu lan hori, senideei bidaia aurrezteko, bidaiaren arriskua, edo saihestu geniezaiekeen ahalegin bat. 

Bestetik, bideo-deien eguneroko programa abiarazi genuen, ospitaleko pazienteak senideak ikusi ahal izateko. Haiek ezin baitute ospitalera etorri. Horretarako tablet pare bat erosi dira. Harremanetan mantentzeko modu hori bai senideek bai pazienteek asko eskertu dute. 

Senideendako programa berezi bat ere abiarazi duzue. 
Ez Zaude Bakarrik programa babesa eta akonpainamendua eskaintzeko da. Bere jatorria ez da COVID-19aren krisia. Erabiltzaileen eta pazienteen senideekin komunikazioa hobetzeko moduez hausnartzen hasi ginen joan den urte akaberan. Nola egin senideek erabiltzaileen eta pazienteen egunerokoa gertuagotik ezagutzeko? Eta, aldi berean, nola egin senideak edo zaintzaileak laguntzeko. Izan ere, zaintzaileak halako gaitzen ondorioen benetako sufritzaileak dira eta askotan depresioa edo neke kronikoa eragiten diete, iristen delako momentu bat ezin dituztela artatu. 

Proiektua egin genuen eta Nafarroako Kutxaren fundazioaren diru-laguntza jaso genuen. Senideei egoera ulertzen eta halako pazienteekin etxean nola jokatu, horretan lagundu nahi diegu. Bilerak aurretik, dauden bitartean eta alta jaso ondoren egitea. Une jakin batean etxean jokabide batzuk sortzen direnean, horiek bideratzeko laguntza behar dutenean klinikan kontakturen bat izatea. Guri ilusioa pizten digun osagarriak ditu programak. Sektorean ez dago halako zerbitzurik, bereizgarria da: telefono mugikorreko aplikazioa da, senideek erabiltzaileen eta pazienteen egunerokotasunaz informazioa jasotzeko. Interaktuaziorako telematikorako aukera emanen du, klinikara etorri beharrik gabe edo medikuak edo erizainek telefonoa hartzea itxaron gabe. 

Krisiarekin proiektuak garrantzia handiagoa hartu zuen. Egoerara egokitu behar izan da. Banakako eta taldekako bilera presentzial guztiak birpentsatu behar izan ditugu. Eta, bestetik, mugikorrerako aplikazioaren premia genuen, eta orain ari gara ezartzen.

Nolako aplikazioa da? 
Gauza “txikien” inguruko informazioa emanen du: pazientearen siesta nolakoa izan den, nola merendatu duen, menuak… Baita garrantzitsuagoak ere: botikak nola hartu dituen edo jardueraren batean arazoren bat egon den eta erabiltzailea etxera iristean familiak jakin beharko lukeena. Aplikazioaren bidez aholkuak eta une jakinetarako jarraibideak emanen ditugu. Gainera, klinikaren ordutegien,  baliabideen, klinikan egiten diren jardueren berri izanen dute. 

Gizarte asistentziak sektorearen gainean lainotzarra izan du azken urteetan. Beste eskualdeetako egoitzetan eta eguneko zentroetan izandako kasuek zalantza eragin dute. Guretako oso garrantzitsua da tratuaren bikaintasuna, arlo profesionalaren eta giza tratuaren bidetik, elikadura barne. Eta jakinaraztea ere. 

Gardentasuna eskaini, gerturatzeko. Senidea klinikan uzten dute eta batzuetan dugun fama, irudi edo lan onaz fidatu behar dute. Baina, errealitatean, ezezagunen eskuetan uzten duzu senidea. Esaten diete gauzak ongi egiten ditugula. Baina lortu behar da berez sumatu dezatela, zuzenean bizi dezatela.  

Klinikaren errealitatea gerturatzea eta dementziak ikusgarri egitea. Zeren badirudi aiton-amonak estali egiten ditugula. 
Gizarte asistentziaren sektoreak duen estigma da. Baina klinika horren antitesia da. Mediatikoki ikusgarri egin diren kasuen antagonikoa da klinika, eta gure egitekoa da hori ikustaraztea. Gure balioetako bat giza-tratua da. Baita gure lan taldeen profesionaltasuna eta bokazioa ere. Profesionalendako bidezkoa da hori ikustaraztea. Eta familiek jakitea. Ez bakarrik guk kontatzen diegulako, sumatu eta bizi dezatela.

Krisi honi aurre egiteko lantaldea zenbatean handitu du klinikak? 
Orokorrean, langileria handitu behar izan dugu. Ez soilik osasun aspektuei dagokiena. Zenbait fase pasa ditugu. Laburbilduz, klinikako osasun eta asistentzia langileriaren hazkundea % 50 ingurukoa da. Esaterako, erizaintzako laguntzaileen kopurua handiagoa da. Eta beste muturrean medikuntza dago, zeuden lauak segitzen dute. Lortu dugu medikuak txandaka aritzea, telemedikuntza asko egitea, baita senideekin ere. Laurak egunero klinikan presente ez egoteko eta horrela, haien kutsatzeak saihesteko. Garbiketa lantaldeko kideek ordu gehiago lan egin behar izan dute, eta egoki pagatu behar da. Okupazio-terapian… 

Materialak ere beharko ziren…
Gehitu behar zaio osasun material berri guztiaren erosketa. Norbera babesteko ekipamendu guztiak erosi behar izan ditugu. Garbiketa produktu gehiagoren beharra. Bestetik, COVID-19 gaixoekin kontaktuan izan diren Norbanako Babes Ekipoak jaso eta tratatzeko homologatutako enpresak behar dira. Guk ez genuen zerbitzu hori kontratatuta, orain arte behar ez genuelako, edo medikuntzako aspektu oso zehatzetarako genuen bakarrik. Jakina, egunero arropa aldatu beharrak garbitegi kostua izugarri igo du. Bukaezina da zerrenda. Profesionalendako komuna berria egin dugu COVID-19 gaixorik izan ez duen eremuan. Gastuak ez ditugu kontuan hartu. Eta gaur arteko erantzuna pozgarria da. 

Probak egin dizkizuete?
Testak erosi ditugu. Langile guztiei proba egiten aurrenetakoak izan gara. Oso goiz egin genituen. Horrek lanean segitzea lagundu zigun, motibazioan eta segurtasuna eman zigun: ez gaude inor kutsatzen ari. 

Zer esan dezakezu lantaldeaz?
Langileek prozedurak eta protokoloak errespetatu dituzte. Mediku zuzendaritzak behin eta berriz agindutako prozedura aldaketak bete dituzte. Aldaketa horiek Ministeriotik edo Lan Osasunerako Institututik etortzen zirelako, baita hurrengo pausoen berri ematen zizkiguten kontaktuenak ere. Langileen aldez aurretiko jarrera eta jokabidea azpimarratzekoa da. Haien proaktibitatea eta aldaketarako egokitzapen horri batu batere baliabide faltarik ez dutela izan, guztiak ekarri du krisia oraingoz egoki pasatzea. Zailtasun eta tentsio uneak izan ditugu. 

Goraipagarria da, azpimarragarria da, zailtasunak zailtasun, ospitale barneko kutsatze tasa zero izatea, pazienteen arteko kutsatzerik ez egotea arrakasta da. COVID-19a duten paziente bakarrek gaitza kanpotik ekarri dute. 

Profesionalen arrakasta ere bada. Berriro ere langileek zorroztasuna, profesionaltasuna eta proaktibitatea erakutsi dute; Norberaren Babeserako Ekipoen aplikazioan, nola jarri eta kendu, garbiketarekin zorrotzak izatea, ukitu, ez ukitu… Horri gehitu uneoro babes ekipamenduak izan dituztela. Guztiak erakusten du langileen profesionaltasuna eta gauzak ongi egiteko gaitasuna. Gure langileak ez baitira gaixotasun infekziosoetan espezialistak, psikogeriatrian baizik. Nabarmentzeko arrakasta izan da.  

60 langiletik gora izanda bakarrik hiru lankide kutsatu dira. Nabarmentzeko eta eskertzeko datua da. Ez dakigu hemen edo kalean kutsatu diren. Baina ospitalean kutsatze tasa zero izan bada, zaila da bertan kutsatzea, nahiz eta hori ezin dugun ziurtatu. Datuak ere langileen koherentzia eta gauzak egiteko eraren maila erakusten du. Ez soilik klinikan, beraien bizitza pertsonalean ere. Kontzientzia hori: non lan egiten dudan, zein pazienterekin, ni kutsatuz gero haiek kutsatu ditzaket…

Deseskalatze egutegirik baduzue? 
Egunerokoaren gainean gaude, baina aurrera begira jartzeko ahalegina egin beharra dugu. Lan egiten ari garen medikuntza eszenan, ospitale gunean ez dakigu noiz izanen den egoeraren akabera. Kontuan izan beharko dugu pandemia desagertu arte, hilabete askotan, koronabirusa duen pazienteak izanen ditugula, baita sintomarik gabekoak ere.  

Gainontzeko zerbitzuei dagokienez, eguneko zentroa kontzertatuta dugu Gizarte Eskubideen Departamentuarekin. Fase ezagun horien esanetara gaude. Haietakoren batean esanen digute zabaldu beharko dugula. Dependentziaren Arretarako Nafarroako Agentziarekin elkarlanean ari gara erabiltzaileendako prebentzio eta babes neurriak zehazten, etortzen direnerako. Datarik ez dugu. Denetariko iritziak entzuten dira: gaitzaren gorakada orain etorriko dela, udaren ondoren… Datak pandemiaren jokaeraren araberakoak izanen dira. 

Azkenik, mediku kontsultak, fisioterapia, okupazio-terapia, neuropsikologia zerbitzuei dagokienez, programa batean lanean ari gara, berriro aktibatzeko egutegi bat izateko. Mahai gainean aukera guztiak ditugu: ohikora bueltatu, espazio prebentzio neurriekin eta etortzen diren pertsonendako osasun ekipamendu jakin batzuekin; edo telemedikuntzarekin hastea. Hori ere aztertzen ari gara, zuzeneko kontaktua saihestu eta, horrela, kutsadura ekarri dezakeena. Plana aurki izanen dugu eta jakinaraziko dugu. 

Zer ikasi duzu? 
Sekula ezin duzu lantalde edo pertsona baten gaitasuna baloratu halako egoera bat iritsi arte. Ikusi dugun aurreneko ondorioa da: dugun profesional taldearen gaitasuna ikusgarria da. Pertsona horien profesionaltasuna eta gaitasuna ziurra da. Beraz, lehen ondorioa da: proposatzen dugunerako prest gaude. Josefina Arregi klinika gisa proposatzen duguna, guretako posible da. Giza-talde gisa. Ondorioz, aukera izugarriak zabaltzen dizkigu. 

Aste hauek dagoeneko ezaguna zen zati hori berretsi dute: borondatea, proaktibitatea, kontzientziazioa, buru-belarri aritzea, proiektu baten parte sentitzea, gauzak ongi egiteko ahalegina, berezitu gaituen giza-alde hori… Bigarren ondorioa da osagarri profesionala da. Estalita gelditu den zerbait ere erakutsi du: arlo profesionalaren gaitasuna. Dugun talde profesionalaren maila ona zela uste genuen, baina hori baino askoz ere maila handiagoa du. Hau diodanean teknikaz, ezagutzez, gauzak ongi egiten jakiteaz hitz egiten ari naiz. 

Ikuspegi profesionaletik erakutsi dugu: aurre hartzea, malgutasuna, gertaerei aurre hartzeko hainbat iturrietatik edan izana, ospitale txikia izan arren erakunde publikoekin zuzeneko harremana izan dugu behar bezalako arreta jasotzeko, mediku taldea orain arte ez bezala lan egitea, familien psikologia laguntza ematearen zabaltzea, sukaldea, garbiketa taldearen profesionaltasuna, egindako prozeduren aldaketak, garbiketa eta higiene produktu bakoitzaren osagai kimikoen azterketa, operazio eta zuzendaritza koordinazio batzordeen sortzea, diziplina arteko batzordeetan aritzeko ohiturarik ez duten pertsonak egokitu egin dira. 

Azkenik, gaur egun Josefina Arregi klinika arlo soziosanitario publiko eta pribatuan itzal txiki bat izaten ari da. Zer garen eta zer gaitasun ditugun erakutsi dugu. Ez soilik orain arte bezala: jo, zein ongi egiten dira gauzak han goian baliabide gutxirekin. Baizik eta nola egokitu garen egoera berri batera. Ez diogu inori inolako arazorik sortu. Pixkaka-pixkaka klinikaren posizionamendu hori, beti merezi izan duena baina beti ez duena lortu izatea, nik uste dut krisi honekin posizionamendu horretarako hazia landatzen ari dela. Gero ureztatzen, ongarritzen eta zaintzen segitu beharra dago fruituak jasotzeko.