Lanean, merkataritza eta turismoa onbideratzeko

Guaixe 2020ko mai. 15a, 14:07

Sakanako merkataritza eta turismo sektoreetako ordezkariek COVID-19 krisi mahaia osatu dute. Adostasunez eta koordinatuki arituko dira eta informazioa elkarrekin partekatuko dute.

Bideo-bilera. Ezin bestela izan. Horrela sortu zuten Sakanako merkataritza eta turismo sektoreetako ordezkariek COVID-19 krisi mahaia hilaren 7an. Mahaiak behin behinekoa izateko bokazioa du, koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko sortu dute. Sakanako merkataritza eta turismo mahaiaren helburuak izanen dira: irekiera fasea ahalik eta modu ordenatuenean egiten laguntzea, eragile guztien ziurgabetasuna gutxitzea, udalekin eta beste eragileekin koordinatzea, informazioa partekatzea eta bideratzea (segurtasun eta higiene protokoloak, neurriak, dirulaguntzak…)  eta ekarpenak jasotzea.  


Sakanako Garapen Agentziako turismo eta merkataritza teknikari Paki Urbitarte Cabrerak azaldu digunez, “alarma-egoerak Sakanako sozio-ekonomian eragin handia izan du eta izaten jarraituko du, COVID19aren ondorioz epe luzerako krisi garaia datorkigulako”. Urbitartek ziurtatu digunez, “turismo eta merkataritza sektoreetan eragina bereziki gogorra izaten ari da, turismo sektoreko enpresak alarma-egoeraren hasieratik itxita baitaude, eta merkataritza establezimendu txikien kasuan lehendik ere zailtasunak bazituzten, hainbat dinamika azkartu eta larritzea ekarri baitu”.

Teknikariak aitortu digu sektoreko profesionalen eta enpresen artean “irekiera eta deseskalatze prozesuan ziurgabetasun handia” dagoela. “Hainbat iturrietatik jasotzen ari gara informazioa eta ezjakintasun horren aurrean denok elkarlanean hasteko momentu aproposa izan daiteke”, azaldu digu Urbitartek. Eta gogorarazi du udalen eskumena dela hainbat gaietan aplikatu beharreko neurriak, esaterako, merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduen irekiera aforoak zehaztea, turismo baliabideak egoera berrira moldatu eta neurriak hartzea, eta abar. 

Bilkuran Bidelagun Turismo elkarteko ordezkari bat, Sakanako Dendari eta Ostalarien elkarteko ordezkari bat, Arbizuko eta Etxarri Aranazko udal ordezkariak, Cederna-Garalur eta Sakanako Garapen Agentziako ordezkariak izan ziren. Udalak guztiak gonbidatuta zeuden, egoerarekin gainezka daudelako ezin izan zuten parte hartu. 

Sakanako Merkataritza Ikerketa 2018 txosteneko datuak 
Establezimenduak: 483. 
Merkataritzakoak: 364, %75,36.
Ostalaritzakoak: 119, % 24,64.
Haietan lanean: 882. 
Merkataritzakoetan: 1,6 langile. 
Ostalaritzakoetan: 2,5 langile. 


Sakanako Merkataritza Ikerketa 2018 txostenak proposatutako ekintzak 
Arloko teknikaria, aholkularitza eta arretarako leihatila bakarra, sektorearen eta administrazioaren arteko komunikazio kanalak. 
Tokiko kontsumo arduratsuaren inguruko sentsibilizazioa
Lehiakortasuna handitzeko gaitzea
Merkataritza eskaintza ohitura berrietara egokitzea
Berrikuntza (salmenta zirkuitu laburra, kalitatez ziurtapenak…)
Sinergiak, lankidetza eta asoziazionismoa sustatzea
Ekintzailetza eta belaunaldien arteko erreleboan laguntzea. 

Erlazionatuak