Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die behar diren pausoak eman ditzatela Nafarroako lurralde osoan ETB3 errazago hartzeko. Nafarroa Suspertu Planari buruzko Batzorde Berezian, Herritarrekiko Harremanak Departamentuari dagokion tartean hartu zuten erabakia herenegun. Hartara taldeek aurkeztutako 168 ebazpen-proposamen aztertzen ari dira, Foru Gobernuak irekitako parte-hartze prozesuari bere ekarpena egiteko Parlamentuko erakundearen “legitimitatea eta eraginkortasuna” aprobetxatzeko. Helburua da ahalik eta azkarren erantzutea koronabirusak eragindako ekonomia-, gizarte- eta osasun-krisiaren larritasun bereziari.
ETB3ri buruzko eskaerarekin batera, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari euskararekin zerikusia duten beste hiru eskaera egin dizkio: lankidetza instituzionala bultza dezala euskarazko prestakuntza eta kultur produktuen online eskaintza zabaltzeko; euskarazko ikus-entzunezko eduki digitalen ekoizpena bultza dezala haur eta gazteendako, eta haietarako sarrera publikoa eta doakoa bermatzea eta, azkenik, euskarazko on line tresnen inguruko prestakuntza bultzatzeko Sarean Euskaraz programaren bidez.
Bozketaz
ETB 3ri buruko mozioa Geroa Baik aurkeztu zuen eta PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onartu zen. UPNk, Ciudadanosek eta PPNk osatutako koaliziotik azaldu dutenez, “kezkatuta” daude Batzorde Bereziak hartutako “noraezagatik”. Koalizioaren iritziz, “PSN kezkatuago ikusten ari gara bere bazkideak asebetetzeaz, Nafarroa indarberritzeaz baino”. Navarra Sumako kideen iritziz, “horrela baino ez da ulertzen sozialistek, esaterako, euskarazko edukiak eta ikastaroak on line sustatzeko eta ETB 3 Nafarroa osoan hartzeko neurria babestu izana; neurri horiek ez du zerikusirik COVID-19aren ondoren Nafarroaren hobekuntza ekonomiko, sanitario eta sozialarekin”.
Ekarpenak
Nafarroa Suspertu Planari nafarrek ekarpenak egiteko aukera eman zuen foru administrazioak eta bere web orriaren bidez 304 ekarpen jaso ditu. Ekarpenak egin dituzten erakundeen artean daude Cederna-Garalur, Nafarroako tokiko erakundeetako berdintasun teknikariak, Cermin, Gizarte Eskubideen Gutuna, Nafarroako Eraikitzaileen eta Sustatzaileen Elkartea, Greenpeace, Nafarroako Komunikazio Enpresen Elkartea, Kontseilua, AEK, IKA eta beste.