Haurrendako eta gazteendako euskarazko programazioa duen ETBko katea ez da ez Sakanan ezta Nafarroaren zati handi batean ikusten. Hedabideek euskararen normalizazioan duten garrantziaren jakitun, ETB3 Nafarroa osoan ikusteko ekimena martxan dago. Berria egunkariak jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuak ez dio eskaera horri entzungor egin.
Pablo Roncal Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak Berriari azaldu dionez, Baztan-Bidasorako eta Sakanarako mutiplexadore bat eskatu zioten Madrili otsailean, “luze gabe” han ere ikus dadin ETB3. Nafarroa osorako bertze multiplexadore bat eskatzea ere ez dute baztertu, baina zailtasunak daudela azaldu du Roncalek. “Konpromisoa” badutela gaineratu du gobernuko kideak. Joan den asteazkenean Nafarroako Parlamentuak bi gobernuei eskatu zien ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko.
Nafarroan ETB3 ikusteko ekimena ere Sakanara iritsi da. Sakanako Sortzeneko gurasoak eta bi ikastolak sinadurak biltzen hasi dira. Udal guztietan ere mozioa aurkeztuko dute. ETB3 ikustearen aldeko Fermintxo Zabaltzak gogoratu du 12 urte daramatzagula Nafarroan euskarazko marrazki bizidunak ikusi gabe. “Madrilek Nafarroako Gobernuaren eskaera beteko balu Mendialdeko arazoa konponduko litzateke, baina ETB3 Nafarroa guztian ikusi gabe segituko luke. Horretaz, kexatu berri dira Garesen”.