Sakanako Emakume eta Gizonen Arteko Berdintasunerako Planari azken bultzada

Guaixe 2020ko eka. 19a, 11:35

Etxarriarrak plazako zabalgunean.

Prozesuan parte hartu duten parte hartzaileek astelehenera arteko epea dute euren ekarpenak egiteko.

Sakanako Mankomunitatea Sakanako emakume eta gizonen arteko Berdintasunerako I. Plana egiten ari da, Berdintasun Zerbitzuak bulkatuta. Plana zehazteko prozesua “errotik Sakana parekidea” izendatu dute, hain zuzen ere berdintasunerako bidea errotik, sustraietatik egin nahi delako. Horregatik herritarrak eta bereziki emakumeak, elkarteak, arduradun politikoak eta interesa izan duen oro gonbidatu dituzte prozesuan parte hartzera. Eta hain zuzen ere aipatu plana diseinatu eta zehazteko prozesuaren azken txanpan gaude. 

Otsailean planeko 3. faseko parte hartze saioak burutu ziren. Bertan Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Batzordeko kideek, Sakanako alkate eta zinegotziek, udal langileek, Mankomunitateko teknikariek, herritarrek eta tokiko garapen arloetako teknikariek hartu zuten parte, 76 pertsona guztira, 62 emakume eta 14 gizon, eta planaren hezurdura aztertu eta gero, planerako ekarpenak egin zituzten. Orduan lehertu zen COVID-19 krisia eta krisi honek bete betean hartu zuen Berdintasunaren Plana. Aipatzekoa da krisi honek ere isla izan duela planean. Ildo honetan, Berdintasunerako Planak, azterketa feministatik abiatuta, krisiaren benetako garrantzia ulertzeko balio duen tresna bat izatea du helburu eta horregatik bizitzaren jasangarritasuna ardatz izango duen plana izango da. Gauzak horrela, hilabete honetan, ekainean 4. faseari ekin zitzaion, kontraste faseari. Aurreko hilabeteetan ondutako zirriborroa parte hartzaile guztiei bidali zaie eta hauek ekainaren 22ra arteko epea dute ekarpenak egiteko. 

Planari aurkeztutako ekarpenak aztertu eta gero, azken fasea helduko da, 5. fasea, Sakanako Emakume eta Gizonen Arteko Berdintasunerako Planaren onarpena eta jendarteratzea. Norbaitek planaren inguruko zehaztapen gehiago nahi izanez gero, berdintasuna@sakana-mank.eus posta elektronikora jo dezake.