Aralar ezagutzetik, babestera

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko uzt. 6a, 13:49
Ion Fontenla 'Aralar, mundua leku den lurra' dokumentalaren zuzendarietako bat.

2018. urtean ‘Aralar, mundua leku den lurra’ dokumentala mustu zuen Landarlan elkarteak. Helburua Aralar mendizerraren balio naturala eta kulturala erakustea zen. Dokumentala Europara iritsi da

"Aralarren, batik bat Gipuzkoako aldean, Natur parkea den aldean, gizakiaren erabileraren eta naturaren oreka ez zen egokia". Eta horren aurrean zerbait egin behar zutela pentsatu zuten Landarlan elkarteko kideek. Protestatik harago joatea erabaki zuten, eta Aralar, mundua lekua den lurra dokumentala sortu zuten, Ion Fontenla lanaren zuzendarietako batek azaldu duenez. Berarekin batera, Garazi Auzmendi, Aloña Jauregi eta Iban Toledo aritu ziren zuzendari lanetan. "Gure filosofiaren arabera, ezagutzen dena maitatzera iristen da, eta maitatzen dena babesten da. Ezagutzatik babestera". Hori da jarraitu duten bidea.

Proiektua duela hiru urte hasi zuten, 2017. urtean, eta Goierriko elkarte "txiki" bat izanik, hutsetik hasi ziren. "Esan genuen, zerekin hasiko gara? Eta geologiatik hastea erabaki genuen. Gero, trikuharri asko daudenez, historiaurrea sartzea pentsatu genuen. Geroago, landaretza, fauna…". Pixkanaka dokumentalaren oinarria osatuz joan ziren. Arlo bakoitzeko adituekin lortzen zuten Aralar mendatearen inguruko informazioa. "Osotara hamazazpi elkarrizketa egin ditugu. Gure ustez, elkarrizketa eta material oso ona genuen. Zerbait serioa zela pentsatzen hasi ginen".


Aralarren grabatzen. UTZITAKOA

Gidoi bat egin behar zutela pentsatu zuten orduan, eta Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel kazetariekin bildu ziren. "Guk egindako elkarrizketak ikusi zituzten, eta gustatu zitzaien. Gauza interesgarriak zeudela esan zuten". Ikusitakoarekin gidoi "nahiko poetiko eta sentsuala" egin zuten. Dokumentala tarte teknikoa eta fikzionatua nahastuz egin zuten; "Pixka bat oxigenatzeko. Azkenean, hitz egiten dizute 10 minutuz geologiaz eta asetu egiten zaitu. Arnas pixka bat behar duzu". Arlo teknikoaz Iban Toledo On produktoreko kidea arduratu zen: "Ibanen esperientziari esker lortu dugu horrelako kalitatezko zerbait egitea".

Urte eta erdi oso "intentsua" izan zela aitortu du Fontenlak. "Gogorra izan da, baina esperientzia aparta izan da. Markatu gaitu". Goi mailako elkarrizketatuak izan dituzte eta haiekin kontaktatzea eta geratzea batzuetan "zaila" zela esan du Fontenlak. Europako ingurumen komisarioarekin ere elkartu ziren Bruselan. "Hau dena lortu behar da, antolatu behar da. Bidaiak egin ditugu eta Aralarrera igo behar ginen ere. Autorik ez genuen erabili nahi, eta zine material guztia igotzeko astoak erabili ditugu".


Dokumentala Bruselasen grabatzen. UTZITAKOA

Sakana
Dokumentala sortzeko orduan Landarlan ingurumen elkartea Aralarko Gipuzkoako aldean oinarritu zen gehiago. "Natur parkea denez, legedi zorrotzagoa du. Orduan, pelikularen atal batean, kudeaketarenean, Gipuzkoako arazo horretan zentratzen gara gehiago, asko sartu gabe". Baina Aralar bere osotasunean erakutsi nahi izan dute, eta Gipuzkoan eta Nafarroan grabatu dute, bai Sakanan bai Malloetan. "Berdin izan zaigu. Denen historia ia berdina da". Ugatzak, esaterako, Urbasan, Andian eta Aralarren bizi dira, "eta denok elkarbanatzen dugun ugatza da, goian ikusten duguna". Esaterako, Mikel Donea santutegia eta Putterri inguruak "pila bat" azaltzen dira dokumentalean. "Grabazioen %60 Gipuzkoan izan zen, eta %40 Nafarroan".

"Gaizka Arangurenek dio Aralar banatzen gaituen mendikate bat dela, baina Aralarrek ez duela banatzen; Aralarrek batu egiten gaitu". Aralar elkargune bat izan dela azaldu du Fontenlak, eta hori transmititu nahi izan dute. "Zenbat urtetan elkartu gara sakandarrak eta gipuzkoarrak Igaratzan?".

Aralar Europan Europako Batasunean egon zirenean, Bruselan, Karmenu Vella Europako ingurumen komisarioarekin hitz egiteko aukera izan zuten, eta proiektuak interesgarria zirudiela esan zien. "Ordura arte grabatuta geneuzkan irudiak erakutsi genizkion, eta harrituta gelditu zen". Vellak Europak antolatzen duen Natura 2000 sarietara aurkeztea proposatu zien. Eta sarietan izena eman zuten. Natura 2000 sariak bi urtetik behin banatzen dira, eta Europan egin diren ingurumenari buruzko dokumentalek parte hartzen dute. Aurtengo edizioan 27 finalista izan dira, haien artean Aralar, mundua leku den lurra. "27 proiekturen artean gure elkarte txikiaren proiektua egotea, Euskal Herriko bakarra, harro egoteko modukoa dela uste dugu".


Karmenu Vella Europako ingurumen kontseilariari elkarrizketa egiten. UTZITAKOA

"Gure helburua ez da sariak irabaztea. Gure helburua Aralar eta bertako baliabide naturalak zaintzea da, eta gizakiaren eta naturaren arteko oreka hori lortzea. Hori da helburu nagusia". Helburua lortzeko oihartzuna izateak "lagunduko" duela esan du Fontenlak. Urrian izanen da Natura 2000 sarien sari banaketa, eta Bruselan egotea espero dute. Bi sari irabazteko aukera daukate: alde batetik, komunikazio sailean bost dokumentalekin lehiatzen dira. Bestetik, hiritarren saria dago. Hiritarren saria natura2000award-application.eu webgunean botoa emanez erabakiko da. "30 segundo dira eta sakandarrak parte hartzera animatu nahi ditugu".

Liburua eta ipuinak
Fontenlak aitortu du Altsasukoa izan zela gogoratzen duen aurkezpenik “arrakastatsuenetarikoa”, “eta ez da Sakanan ari naizelako”. Iortian pelikula komertzial baten aurka lehiatzen zen, eta aretoa bitan bete zela gogoratzen du, “guretako ikaragarria izan zen”. Behin dokumentala egin ondoren, aurkezpenak iritsi ziren, “Gu ez gaude horrelako gauzatara ohituta; esperientzia oso polita izan da. Hainbeste kostatu zaizun lana jendeari erakustea eta jendeak interesa erakustea eta horri buruz hitz egitea...”. Sakanako herri askotan egin zuten aurkezpena: Irurtzunen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen, Olaztin...


'Aralar, mundua leku den lurra' dokumentalaren zuzendariak mustutze ekitaldian. UTZITAKOA

Dokumentalaren proiekzioen ondoren, ikusleekin hitz egiteko aukera izan zuten, eta jendeak testuak nonbait jarri behar zituzten galdetzen zien. "Testuekin zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, eta liburua egin genuen". Pelikularen izenburu bera du liburuak, eta Lorea Agirreren eta Idurre Eskisabelen testuak agertzen dira Iban Toledok dokumentalerako hartutako argazkiekin edo fotogramekin uztartuta. "Pentsatzeko liburu bat da". Bestetik, Pello Ramirezek dokumentalerako bereziki sortutako soinu banda lor daiteke ere. "Irudiak erakutsi genizkion, eta musika konposatzen joan zen". Egindako lan hori aprobetxatu behar zutela pentsatu, eta Ramirezen disko berria bihurtu da soinu banda.

Dokumentaleko mezua gaztetxoei helarazteko, lau ipuinez osatutako bilduma kaleratu dute ere. Patxi Zubizarreta idazlea eta Jokin Mitxelena ilustratzailea dira egileak. "Modu oso sinplean geologiaz, botanikaz eta abarrez hitz egiten da". Ipuinak asmatutakoak dira, baina Aralarren inguruan dauden kondairak oinarri dira: "Herensugeaz hitz egiten da, Aralarko Arritzaga bailaran dagoen meategia...". Ipuinak %50 nafar eta %50 gipuzkoar direla esan du Fontenlak: "Txindoki, Mikel Donea, Mendukilo, Malloak... Toponimia ere agertzen da, eta Sakanako jendeari ezagunak egingo zaizkie". Ipuinetako protagonistak Joanes artzaina, Goliat txakur txikia eta Maren eta Aiert dira. Pertsonaia bakoitzari "gauzak gertatzen zaizkio". Ipuin bakoitza independentea da, baina liburu guztiak batzen dituen istorio orokor bat dago.