Gamesako langileek hainbat mobilizazio iragarri dituzte

Guaixe 2020ko uzt. 15a, 10:33
Langileen ordezkariak mobilizazioen berri prentsaurrekoan eman zuten.

Agoizko lantegiko langileek greba eginen dute bihar, hilaren 23an eta 29an eta agorrilaren 6an eta 7an. Alderdi politikoekin bilera erronda egiten ari dira eta gaur Nafarroako lehendakariarekin elkartuko dira. 

Gamesa-Siemensek Agoizko lantegia ixtea erabaki du. 239 langile ari dira bertan lanean eta haien artean daude duela 10 urte Altsasuko lantegia itxi ondoren Agoitzera lekualdatu zituzten 40 langile. Enpresa batzordeak (ELA 6, LAB 4, UGT 2 eta CCOO 1) itxieraren kontra egin eta lantegiak etorkizuna duela aldarrikatzeko hainbat mobilizazio eginen ditu aste honetan. Langileek uste baitute Gamesa-Siemensek emandako argudioak ez direla errealak: “lantegi berria da, ekoizpen gaitasuna duena eta, gainera, despopulazioak eta langabeziak gehien kaltetutako Nafarroako eskualdeetako bati bizia ematen dio”. 

Alderdi politikoekin erronda egiten hasi dira langileen ordezkariak. Joan den astean EH Bildurekin, Agoizko alkatearekin eta Nafarroako Arartekoarekin elkartu ziren eta atzo Geroa Baiko ordezkaritzarekin. Gaur goizean, Maria Txibite presidentearekin elkartuko dira. Horregatik, ordu berean, langileek kontzentrazioa eginen dute diputazioko erakinaren parean, enpresa batzordeari babesa emateko. Ostiralean Ahal Duguko ordezkariekin bilduko dira eta I-E, PP eta UPNrekin hurrengo astean biltzekoak dira. 

Gehiago 
Itxieraren kontrako sinadura bilketa ere hasi dute langileek. Horregatik, Iruñeko udaletxearen, diputazioko egoitzaren eta Nafarroako Parlamentuaren parean postu bana jarri dute. Ostiralera arte egunero 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era egonen dira sinadurak biltzen. Asteburuan, berriz, goizez. Agoitzaldean ere sinadura bilketa eginen dute. 

Enplegu Erregulazio Espedientea indarrean jarri aurretik hilabete bateko kontsulta epearen barruan zuzendaritza eta langileen arteko hurrengo bilera bihar izanen da. Bihar bertan, Gamesa Siemensen Sarrigurengo egoitzan kontzentrazioa eginen da, 19:30ean. Hango bulegoetako eta Agoizkoak langileek bat eginen dute protesta horretan. Gamesako Nafarroako bulegoetako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo.