Presoen aldeko bizikleta itzulian izena eman daiteke

Guaixe 2020ko uzt. 16a, 16:48
Sarekideak bizikleta itzulia aurkezten.

Sareren www.sare.eus webgunean sartu behar da horretarako. Garilaren 23an, 24an eta 25ean izanen da.

Izan Bidea ekimenaren baitan, Sarek bizikleta itzulia antolatu du hirugarren aldiz. Haren bidez,  preso eta iheslarien etxerako bidea eta euskal jendartearen elkarbizitzarako eta bakerako bidea egin nahi dituzte. Eta aldarrikapen horrekin bat egiten duten herritarrak itzulian parte hartzera gonbidatu dituzte. COVID-19 gaixotasuna dela eta, beharrezko segurtasun neurriak hartu dituztela jakinarazi du Sarek. 

Itzuliko aurreneko etapa heldu den ostegunean izanen da Lekunberri eta Hernani artean, Nafarroa eta Gipuzkoa lotuz (09:00etatik 12:30era, 50 km). Ostiralean, berriz, txirrindulariek Araba eta Bizkaia lotuko dituzte Urduña eta Durango arteko bidea eginez (09:00etatik 13:45era, 60 km). Hilaren 25ean, larunbatarekin, despedituko da Sareren aldarrikapen itzulia. Aldi berean lau etapa izanen dira. “Azken etapa Euskal Herriko espetxeetatik irten, eta gure herriko hiriburuetan bukatuko dugu, etxean”. Horrela, preso eta iheslariek egin beharreko bidea irudikatu nahi dute. Nafarroako kasuan, Iruñeko espetxetik hiriburura arteko 25 km-ko bidea eginen dute 09:00etatik aurrera. 

Urruntzearen kontra
Sarek gogorarazi duenez, “aurtengoa bereziki urte gogorra izaten ari da, bai senide eta baita preso daudenentzat ere. Covid-19a dela-eta hiru hilabete pasa behar izan dituzte senideek bisitarik gabe”. Eta horren ondorioak zerrendatu dituzte: haurrek ezin izan dute euren gurasoekin bisitarik izan; hiru hilabetez ezjakintasuna eta ziurgabetasuna izan dira nagusi senide eta presoen artean; beldurra espetxeetan dagoen higiene gabeziaren eta masifikazioaren ondorioz. 

Bisitak berreskuratu ondoren, presoen urruntze politiken ondorioz, senideek, atzera ere, ehunka eta milaka kilometro egin behar dituztela nabarmendu dute sarekideek, “pandemia oraindik indarrean den honetan, bizia errepidean arriskatuz”. Beste behin, Sarek presoen urruntze politikarekin bukatu eta presoak beraien bizilekutik gertu egotearen beharra aldarrikatu du.