Zordun handiek 4,16 milioi dituzte pagatzeko

Guaixe 2020ko urr. 5a, 13:29
Industrialde bateko kalea.

Nafarroako Ogasunaren zordun handien artean ibarreko 13 ageri dira: industriako 6, ostalaritzako 3, eraikuntzako 3  eta merkataritzako 1. Enpresa bakar batek lortu du bere zorra murriztea. Zerrendan hiru enpresa sartzean zorra 946.767,23 euro handitu da.

Nafarroako Foru Ogasunari 120.000 euro baino gehiago zor dizkion edozein pertsona edo enpresa zordun handitzat hartzen da. Ogasunak jakinarazi zuenez 640 zergapeko daude, eta 304 milioi euro zor dituzte 2019ko abenduaren 31n. Horietako 13 sakandarrak dira eta guztira 4.161.404,78 euro zor dituzte. Bestela esanda, zordunen artean % 2,03 sakandarrak dira eta zor guztiaren % 1,36 da haiek pilatutakoa. 

Sektoreka industria da zordun handi gehien pilatzen duen Sakanako sektorea eta aurten bi enpresa batu zaizkio. Sei enpresetatik hiruk finantza erakundeek eragindako krisiaren ondorioz itxi zuten, zerrendara batu den bestea berriki itxi dute eta talde berekoak diren beste biak auzibidean daude. Haietako bat da zerrendara gehitu den industria alorreko bestea. 6 enpresa horiek guztira 2.28.854,55 euro zor dituzte, ibarrean zordun handiek pilatu dutenaren % 53,08. Auzibidean dauden enpresetako batek sei enpresen zorra urte batean 230.539,16 eurora igotzea ekarri du. 

Ostalaritzako hiru zordunetatik bat berak ere ez du segitzen zerbitzua eskaintzen. Hiruren artean zorraren % 22,85 dute pilatuta, 950.683,68. Haietako biren zorra igo egin da, guztira 2.170 euro gehiago. Eraikuntza sektoreko zordun handien zerrendara beste bat gehitu da. Hiruen artean 850.2212,07 euro zor dituzte, Sakanan pilatutako zorraren % 20,43.  Horietako bi enpresa krisiarekin itxi zen eta besteak bigarren urte jarraian zorra murriztu du, 12.968,75 euro gutxiago zor ditu egun. Azkenik,  merkataritza arloko enpresak ateak zabalik ditu eta bere zorra aurten ere igo egin da, 8.383,28. Berea ibarreko zorraren % 3,64 da.