Sarek tontorretatik plazetara aldatu du hitzordua

Guaixe 2020ko urr. 2a, 13:40

Sareko kideek Kobetamendin emandako prentsaurrekoa.

Sarek 650 tontorretara larunbatean igotzeko deialdia eguraldiagatik aldatu du eta herritarrak plazetan elkartzera deitu ditu, 12:00ak eta 13:00ak bitartean. Preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jarri eta elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiteko.

Izan Bidea dinamikak Euskal Herriko 650 menditara igotzeko deialdia egin zuen larunbaterako. Eta haietatik Sakanan 17 ziren. "Ekimen eder eta esanguratsu" horrekin herritarren "konponbidearen aldeko indarra eta nahia" erakutsi nahi zituen Sarek. "Pozik" zeuden "erronkak" Nafarroan izandako oihartzunarekin, "150 bat herri mobilizatuko dira larunbatean". Baina eguraldi iragarpenagatik larunbaterako planak aldatu behar izan ditu Sarek. Hala, eguerdi partean herrietako plazetan elkartu eta talde argazkiak egiteko deialdia egin du. Argazkiak 688 812 034 telefonora bidali beharko dira. 

Bide batez, Sareko kideek jakinarazi dutenez, "ekimenak sortutako ilusioa, egindako lan izugarria eta animatu den herritar kopurua aintzat hartuta, 2021eko maiatzaren 8ra atzeratzea erabaki dugu mendi tontorren igoera historikoa, baldintza egokietan egiteko aukera izanen dugula ziurtatzeko" . Horregatik, izen-emateak mantenduko dituela jakinarazi du Sarek.  

Dinamikaz 
Sarek sustatu duen Izan Bidea dinamikaren helburua da herritarrak biltzea euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzearen alde. Elkarbizitza eta bakearen aldeko ekarpen gisa herritarrak batu nahi dituen dinamika da Sarerena. Herritarrei bidearen parte izateko pausoak ematera gonbidatu ditu Sarek. 

Mikel Mundiñanok eta Fran Baldak garbi dute: “Euskal Herriko jendarte gehien-gehiena, erakundeak, eragile politikoak eta jendea orokorrean, gure aldarrikapen nagusi horien alde dago”. Dinamikaren barruan jendartea aktibatzeko hainbat ekimen landu dituzte, eta “diplomaziaren bide diskretuak” ere lantzen ari dira.  Ondorioz, “hainbat emaitza ikusten dira kartzelen inguruan. Baina diplomazia bideek emaitza emateko ezinbestekoa da gure aktibazioa. Horregatik, Izan Bidea dinamika. Denok gure aletxoa jartzeko”. 

Mundiñanok azaldu duenez, “lehendik espetxeetan egoera gogorra bazen, pandemiarekin, atera kontuak! Pandemiarekin ikusarazi behar da lehenbailehen eman behar direla pausoak”. Horiek norabide guztietan eman behar direla gaztigatu du, “baina urgentea da salbuespenezko espetxe politikarekin bukatzea. Politika horrek ekartzen dituelako senideek joan-etorrietan istripuak izatea edo Igor Gonzalezen heriotzaren moduko kasuak”. Horregatik, estatuen salbuespenezko legedia bertan behera utzi behar dela gaineratu du. “Premiaz egin behar den pauso bat da. Eta, aldi berean, presoen etxeratze prozesu hori ere martxan jarri behar da”. 

Unea 
Baldaren ustez estatuek duten jokabidea “mendekuan” oinarrituta dago. “Momentu honetan dagoen espetxe politika egun ezin da ulertu. Guk karriketatik bultzatu behar dugu, elkar hartuz, gure nahi hau egi bihurtu dadin”. Horrekin batera ordezkari sindikalekin eta politikoekin ere egonen dira. Mundiñanok azaldu duenez, irtenbidea “borondate politikoaren” menpe dago, “eta, momentu honetan, halakorik ez dago”. Eta Sareko kideek ez dute espetxe politikan aldaketa edo mugimendu esanguratsurik ikusten. 60 bat presoren gerturatzeak izan direla aitortuta ere, Euskal Herriko espetxeetara bizpahiru ekarri dituztela nabarmendu du. Gaineratu duenez, “presoen kolektiboak pauso batzuk emateko prestutasuna erakutsi zuen. Bide legalak erabiliz pausoak emateko norabide bat markatu zuen. Horri ere etengabe trabak jartzen ari zaizkio: gradu aldaketa, baldintzapeko askatasuna, gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea… ” 

Hala ere, Baldak nabarmendu du aldaketa hori emateko “momentua” dela. “Orain arte entzun ez ditugun hitzak entzun ditugu”. Pedro Sanchezek Gonzalezen heriotzaren inguruan esandakoak edo kargua hartzean espetxe politika aldatu beharraz esandakoak gogora ekarri ditu. Horregatik, “baloratzen dugu denok elkarrekin bultzatzeko garaia dela, aldaketa horiek lortu edo finkatu daitezen”. Bide horretan emandako pausotzat jo ditu udaletan dauden adostasun handiak, alderdi politikoek espetxe politikaren kontra sinatutakoak, espetxe politika hori aldatzeko nazioarteko ehun pertsonek egindako ekarpenak eta abar. 

Eta mendietatik jaitsi ondoren, “jendea bidearen parte izateko, herritarren aktibazioan” eragiten segituko du Sarek. Aurreratu dutenez, Donostiako Kontxako hondartzan mosaiko erraldoia eta manifestazioa egin nahi dute lastailaren 24an. Azaroan ere izanen dira mobilizazioak. Haietako batzuk herri eta auzoetara eraman nahi dituzte. Beti ere, indarrak batzeko helburuz, “ahalik eta jende gehienaren artean bultza egiteko”.