COVID-19aren urteko Espainiako Vuelta gaur, asteartea, abiatuko da Irunen, gauzak ongi. Pandemiaren egoera kezkagarriaren aurrean, Vueltako antolakuntzak, Unipublic-ek “Vuelta etxean jarraitzeko” deia egin die zaletuei. “Telebista izango da aurtengo Vueltan animatzeko modurik onena” azaldu du Unipubliceko zuzendari Javier Guillenek. Vueltak segurtasun neurri “oso zorrotzak” izango ditu: txirrindulari taldeak burbuilan sartuta egongo dira, eta Vueltan lan egingo dutenei ere PCR probak eskatuko zaizkie. Halaber, portu gainetan despeditzen diren etapak publikorik gabekoak izanen dira, eta egoerak eskatzen badu, murrizketa gehiago eginen dituztela iragarri du Guillenek.
Ikuslerik gabe
Bihar, asteazkena, Sakanatik pasako den etapan Urbasan eta Aralarko portuan ikusleak egoten utziko duten ala ez, antolakuntzak, Unipublic-ek, ez du ezer garbi esan, baina Guaixe Nafarroako Kirol Institutuarekin jarri da harremanetan eta, esan dutenez, "oraindik ez dakigu zehatz eta mehatz nola antolatuko duten dena, baina proba jenderik gabe izango da". Beraz, ez dirudi Aralarrera edo Urbasara txirrindulariak animatzeko moduan egongo garenik.
Vueltako Sakanako etapa (asteazkena, urriak 21)
Espainiako Vuelta gaur, asteartea, abiatuko da Irunen, eta Arrate gainan despedituko da (185 km). Etapa indartsuarekin hasiko da Vuelta, eta biharkoa, asteazkenekoa, Sakanatik pasatzen dena, ez da gutxiagorako. Iruñean hasiko da asteazkeneko etapa, 13:49an. Txirrindulariek Ororbiako norabidea hartuko dute. Girgillanoko Gaina (3. maila) pasata, Lizarrara helduko dira 15:14ak aldera, eta Zudairerantz joko dute Urbasako portua (3. maila) igotzeko. Portua 15:50ak aldera gaindituko dute. Segidan, Olaztira jaitsi (16:14) eta txirrindulariek Sakana zeharkatuko dute. Arbizun tartekako helmuga izanen dute jokoan (16:33) eta Uharte Arakil parean (16:43) 1. mailako San Migel Portua igotzeari ekingo diote. Portua igo eta Guardetxerantz joko dute txirrindulariek, jaitsierari ekiteko. Baraibar (17:14) pasatu eta Lekunberriko helmugara 17:20an iritsiko dira, gutxi gorabehera, 151,6 km osatuta.
2014ko oroitzapenak
2014an Espainiako Vueltako etapa bat Aralarko San Migel gainan despeditu zen eta sekulako jendetza pilatu zen ibilbide guztian barna eta zer esanik ez, Aralarren. Txirrindularitzaren festa izan zen Aralarkoa: mendia milaka ikuslez gainezka egon zen eta Fabio Aru (Astana) izan zen etapako irabazle handia. Bestalde, Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak zaleen festa antolatu zuen Uharte Arakilen, eta sekulako giroa egon zen. Baina polemikak ere tokia izan zuen, etapa bukatuta, antolakuntzak ez baitzuen garbiketa momentuan bertan egin. Aralar zikin-zikin geratu zen eta, jakina, kritika asko egon ziren. Berandu ibili zen antolakuntza guztia txukun uzten. Aurten ez dira halako irudiak ikusiko eta eguna ez da txirrindularitza festa izango, inola ere.
Gorka Izagirre eta Imanol Erbiti
Bi txirrindulari sakandar ariko dira Espainiako Vueltan: Ziordian bizi den Gorka Izagirre (Astana) eta Movistar Team taldeko Hiriberriko Imanol Erbiti, azken hau Jose Luis Arrieta zuzendari uhartearraren esanetara. Euren liderrendako lanean egongo dira eta banakako aukerak ere baliatuko dituzte.