Administrazioaren kudeaketa "ezin okerragoa" izan dela salatu du #SOSpresoakCOVID19-k

Guaixe 2020ko urr. 15a, 19:25
Salhaketa, Etxerat, Altsasu Gurasoak eta Sareko ordekzariak atzoko agerraldian,

#SOSPRESOAKCOVID19 plataformak presoen eskubideak errespetatzeko eskatu du. Nafarroako gizarteari eskatu dio babes dezala Espainiako Gobernuari eta Foru Gobernuari helarazi dion eskaera: presoen eskubideen errespetua bermatzeko behar diren neurriak har ditzatela.

Salhaketak, Etxerat-ek, Altsasu Gurasoak-ek eta Sarek osatzen dute #SOSPRESOAKCOVID-19 dinamika. Eta salatu dutenez, “Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak COVID-19aren osasun krisian egin duen kudeaketa oso eskasa izan da, lehen eta orain. Neurri gutxi eta berandu hartu dituzte, eta oso modu desberdinetan ezarri dituzte kartzeletan. Kasu guztietan neurri murriztaileenak eta eskubideak urratzen dituztenak aukeratu dituzte”. 

Hala, Iruñeko kartzelara “normaltasun berria” ezartzeko neurriek, atzera ere, “presoen eskubide urraketak eragiten dituzte: osasun laguntza ez da egokia, kanpokoarekiko harremanak mugatuta eta jarduerak murriztuta daude, bakartzea erabiltzen da osasun neurri gisa”. Gainera, ez da inolako tailer edo ikasketa jarduerarik kartzela barruan. Gaur egungo egoera  kudeatzeko eskumena Nafarroako Gobernuarena dela ere gogorarazi dute.

Plataformak udaberrian jakinarazi zuen 184 preso nafar, edo Nafarroan errotuak daudenak, zigorra herrialdetik kanpo betetzen ari direla. Haiek preso dauden kartzelen %80an bisean biseko komunikazioak bertan behera gelditu dira, Iruñeko kartzelan baita. “Ondorioz, espetxe horietako presoak are bakartuago daude beren senide eta gertukoengandik”. Horregatik guztiagatik, plataformako kideek ondorioztatu dutenez, “presoen eskubideak errespetatuko lituzkeen neurri bakarra, osasun krisi honen kudeaketan, presoak kartzelatik ateratzea da, eta horixe
eskatu dugu hasiera-hasieratik”.