Presoek kondena errotze-lekuetan betetzeko eskatuz

Guaixe 2020ko uzt. 3a, 10:25
#SOSPresoakCovid19 dinamikakoak biharko ekitaldira deitzen.

Eskubide hori berma dadin eskatzeko ekitaldia eginen da #SOSPresoakCovid19 dinamikak deituta bihar, 12:30ean, Iruñeko Gaztelu plazan. Aldi berean, pandemiagatik espetxeetan mantentzen diren egoerei epe-muga jartzea eskatu dute

#SOSPresoakCovid19 dinamika osatzen dute Salhaketa Nafarroak, Etxeratek, Altsasu Gurasoak-ek eta Sare Herritarrak. Estatuko hainbat gizarte erakunderekin batera eskatu dute presoek haien errotze-lekuan kondena betetzeko duten eskubidea berma dadila. Lau eragileek azaldu dutenez, “pandemia honek presoek jasaten duten zaurgarritasun erantsia azaleratu du eta agerian utzi du presoen eta haien senideen eskubideak urratu egin direla”. Eta nabarmendu dutenez, “urraketa hori are handiagoa izan dela haien errotze-tokitik urrun kondena betetzen ari diren presoendako”. 

Gogorarazi zutenez, “Espetxe Lege Orokorrak presoen eskubide gisa ezartzen duen haien errotze-lekuan kondena betetzea, eta Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari dagokiola preso bakoitzak kondena non bete behar duen erabakitzea eta, beraz, eskubide hori gauzatzea. Idazkaritzaren datu ofizialek agerian uzten dute sistematikoki urratzen dela presoen eskubide hori”. Jakinarazi zutenez, nafarrak diren edo Nafarroan errotuta dauden 184 presok Foru Komunitatetik kanpoko espetxeetan betetzen dute zigorra; Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan 685 preso dira errotze-lekutik urrun daudenak preso; eta estatuaren kasuan 8.000 baino gehiago. Horregatik, #SOSPresoakCovid19 dinamikak eskatu du preso guztiak familia edo gizarte errotzea duten espetxeetara eramatea. 

Pandemia 
#SOSPresoakCovid19 dinamika osatzen duten eragileek, beste behin, Espainiako Gobernuari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete presoen eskubideak errespeta ditzatela Covid-19ren eraginez sortutako osasun-krisiaren kudeaketan. Salatu dutenez, “Espainiako Gobernuak oraindik ez ditu aplikatu presoak espetxetik ateratzera bideratutako nazioarteko erakundeen gomendioak”. Eta  Covid19-aren aurrean bereziki ahulak diren kolektiboetako pertsonak espetxetik atera behar direla azpimarratu du. Horien artean daude 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak edota seme-alabak espetxean dituztenak. 

Espetxeetan prebentzio neurrien 2. fasean daudela gogorarazi zuten, baita horrek dituen ondorioak ere: “oraindik ere bi senide baino gehiago ezin dira bisitara sartu, ez dira berriz hasi aurrez aurreko komunikazioak, oraindik ere mantentzen dira nahitaezko koarentenak irteera-baimenaren ondoren espetxera itzultzean, oraindik ez dira espetxean egiten diren jarduera guztiak berrezarri...” Horregatik, “beharrezkotzat” jo dute “muga-eguna jartzea presoen eskubideak erabat urratzen dituzten egoera horiei”.