Yuuyum irratia

Finatuen egunaren ospakizuna Yucatanen, Mexikon

Guaixe 2020ko urr. 29a, 19:48
Yucatango defuntu egunean hildakoen omenezko aldareak jartzen dituzte.

"Eguraldia aldatu da, asko nabari da finatuen egunak iristen direnean", esaten zuen amak aitaren ondoan eserita.

Mexikon ospakizun asko daude, jaiak, baina badago bat komunitatea biltzen duena gure hildakoak edo arimak gogoratzeko; kultura bakoitzak, komunitate bakoitzak modu desberdinean egiten du. Yucatan penintsulan lastailaren azken egunean eta azaroaren lehen egunetan ospatzen da eta "finatuak" izenarekin ezagutzen da.

Fray Diego de Landak zioen XVI. mendeko Yucatango maiek artoa, edaria, txanpona eta elikagai lehorrak eskaintzen zituztela hildakoen hilobietan, beste bizitzan ezer falta ez ziezaien. Ehorzketaren tokia hildakoaren etxea izaten zen, sinesmenak baitio, modu horretan, biziek eta hildakoek familiaren espazioa partekatzen jarraituko dutela.

Finatuen garaia berezia da Yucatango penintsulako herriendako, gure hildakoen arimen etorrera gehien irrikatzen duten egunak dira, kultura guztiek ospatzen dituzten ospakizun zaharrenetakoak dira.

Nire herria Xaya da, Yucatán estatuaren hegoaldean dago, eta ez da lau mila biztanle baino gehiagoko komunitatea.

Xayaren izena, bi hitzetatik dator, Xa 'ay, gurutzaketa esan nahi duena, eta ja', urari erreferentzia egiten diona.

Lastailean sartzean, komunitatea eraldatu egiten da, giroa egunen joanean, klimaren aldaketa, oso nabaria da itxaronaldia, dendak aldareak daramatzaten elementuez hornitzen dira, hala nola kandelak, intsentsua, txokolatea eta gozokiak, besteak beste. Etxeak konpontzen hasten dira, belarra kentzen dute, barda eta hilerriak konpontzen eta margotzen dituzte, komunitate osoa prestatzen ari da data horiek iristeko.

Etxe tradizionaletan, huanoak (palma orriz egindako teilatuak), bajarekeak (makilez egindako pareta), horma konpontzen dira, edo, eraikitzen ari badira, finatuen aurretik despeditzen da. Egun bat lehenago ez da arroparik uzten esekitokian, ezta traste bat harraskan ere, egun horietan janaria prestatzeko adina egur dago, korridoreak garbi daude gure arimak iristen direnean eta poz handiz jaso behar dugu; egun horiek jai, ospakizun eta bizikidetzakoak dira.

Hiru
Haurren arima, lastailaren 31n ospatzen da. Eskaintza egiteko, mahai-zapi zuri bat jartzen da mahaian, hildakoari gustatzen zitzaion janaria, ur-kikara bat, loreak, hainbat koloreetako kandelak, gurutze bat, eskualdeko fruta-gozokia, hildakoaren erretratua, aldare batzuetan jostailuak jartzen dira, edo hildakoak utzitako zenbait elementu.

Helduen arima, azaroaren 1ean ospatzen da. Eskaintza egiteko mantel zuri bat jartzen da, lau kandela zuri edo beltz, hildakoari gustatzen zitzaion janaria, loreak. Pattarra ere jartzen zaio, bizi zenean edaten bazuen, zigarroa erretzen bazuen, ur-kikara bat, tortillak, gurutzea eta hildakoaren erretratua.

Hildako guztien arima, azaroaren 2an ospatzen da. Hildako guztien arimei janaria ere eskaintzen zaio, elementu guztiekin: mahai-zapia, kandelak, ura, loreak, erretratua, tortilla, kandelak. Yucatan estatuko toki batzuetan pixan meza bezala ere ezagutzen da, egun horretan hilerrietan meza ospatu ohi delako.

Aldarean jarri ohi diren loreen artean, xtees edo oilar-gandor (Celosia cristata), cempaschil, amor seco (Gomphrena perennis), virginia, teresita eta san diego daude, besteak beste.

Pitteka-pitteka ahanzturan erortzen den ohitura bat da bakarrik dauden arimei eskainitako aldare bat jartzea, gogoratuko dituenik ez duten hildakoak dira. Horretarako janaria, ura, kandela eta loreak eskaintzen diren mahai txiki bat jartzen da, edo zuhaitz baten adarrean ch 'uyub batez janari kikara bat zintzilikatzen da.

Mistizismo, errespetu eta alaitasunezko ospakizuna, gure hildakoez oroitzen bagara ere arima bizitzaz eta kolorez betetzen diguna.

Itzulpena: Marcos Regino Pech Naal
Berrikuspena: Gabriela Loolbej Sánchez Chan