Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Paul Bilbaok eta ELAko eta LABeko buru Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk elkarrekin eman zuten prentsaurrekoa atzo. “Euskararen normalizazioa garatzeko ezinbesteko esparrua da lan-munduarena”, ziurtatu zuen Bilbaok. “Gure egunerokoaren zati handi bat lanean pasatzen dugu, eta, ondorioz, gure hizkuntza-praktikak eta eskubideak baldintzatzen dituen esparrua da, langile zein kontsumitzaile gisa”. Horregatik, Lakuntzaren hitzetan, “langileen eskubideen eta bermeen aldeko borrokan kokatzen da hizkuntza-eskubideena. Beraz, gure borroketako ildo bat izan behar du hizkuntzarenak, euskararenak”.
Hori dela eta, Aranburuk ziurtatu zuen “euskal sindikalgintzaren gehiengoak urratsak eman nahi dituela langile guztion eskubideak bermatzeko”, eta, ildo horretan, “lan-mundua euskaldundu nahi bada, ezinbestean erabaki ausartagoak hartu beharko dira. Alegia, neurri eraginkorragoak eta betearazleagoak, euskararen normalizazioak norbanakoen boluntarismoa gainditu behar duelako”.
Horregatik, Kontseiluak, ELAk eta LABek Confebaski eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioari proposatzen diete 50 langiletik gorako enpresa guztietan euskara-planak negoziatuko direla jasotzen duen akordio interprofesionala hitzartzea. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dei egin diete neurri hori babestu dezaten, besteak beste, plan horiek aurrera ateratzeko inbertsio ekonomikoak bideratuz. Sindikatuetako ordezkariek jakinarazi dutenez, administrazioekin eta patronalekin bilerak eginen dituzte, “lan-mundua euskalduntzeko urrats zehatzak egin behar direlako”.
Euskara-plan gutxi
Enpresa barruan euskararen erabilera normalizatzeko prozesu eta egituraren bat dutenak oso gutxi dira. Euskal Autonomia Elkartean hamarretik bederatzi dira. Hau da, 138.000 enpresa daude euskararen erabilera normalizatzeko inolako planik edo garapenik gabe. Nafarroan, berriz, enpresen %0,7k bakarrik dute euskara garatzeko prozesu edo egituraren bat. Eta dutenak enpresa txikiak dira. Baina 50 langile baino gehiago dituzten enpresak dira Hego Euskal Herrian langileen erdia hartzen dituztenak.
Azken horiei erreparatu diete Kontseiluak, ELAk eta LABek. Proposamena aintzat hartuz gero, euskara-planak enpresa jakin batzuetan jarriko lirateke martxan, baina langileriaren erdiari eraginen liokete. Gainera, sindikatuetatik ohartarazi dutenez, datozen bi hamarkadetan Hego Euskal Herriko langileriaren erdia erretiroa hartzeko adinean egonen dela. Aranburuk esan duenez, “abagune paregabea izanen da sozioekonomia eremuaren euskalduntzea bultzatzeko. Kontrakoa gerta liteke, ordea: neurri egokirik hartu ezean, belaunaldi hori erdaldunduko dituelako eremu sozioekonomikoak. Eta, ondorioz, ezdeusean geratuko lirateke hezkuntzan belaunaldi hori euskalduntzeko egindako ahaleginak eta inbertsioak. Horregatik, gakoa izango da belaunaldi berri horren lan-munduratzeko prozesua”.