Alex Txikon

"Bihotzetik kontatu nahi izan dugu Nanga Parbateko espedizioa"

Maider Betelu Ganboa 2020ko aza. 24a, 13:00

Alex Txikonek La montaña desnuda filma eta liburua aurkeztuko ditu asteazkenean Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Sarrerak agortuta daude

Alex Txikon alpinistaren La montaña desnuda filmak eta liburuak Txikonek Simone Moro italiarrarekin eta Ali Sadpara pakistandarrarekin 2016ko otsailean Nanga Parbatera egin zuen espedizioa kontatzen du, neguko lehen espedizioa izan zena. Baina hori baino askoz ere gehiago da. Asteazkenean Altsasun izanen da Txikon bere lana erakusten, Katealderen eta Altsasuko Mendigoizaleak eta Dantzaleku Sakana taldeen eskutik. 

Zergatik bururatu zitzaizun Nanga Parbateko espedizio honi buruzko filma egitea? 
Batetik, irudi pila bat genituelako. Bestetik, tontorra egin eta gero, 2016ko udaberrian Movistar + telebistarako Robinson txosten bat grabatu genuen espedizioari buruz, eta ondoren dokumental egin zitekeela banekien. Liburu autobiografiko bat ateratzeko asmoa nuen, baina azkenean dokumentala eta liburua prestatu ditut. Liburua idatzita nuen, baina egituratu gabe. Beraz, lan ugari egin behar izan dugu guztia prestatzeko.

Espedizio honek esan nahi berezia du zuretzat, akaso neguan izan zen lehendabizikoa izan zelako?
Ez bereziki. Guk berdin-berdin bizi dugu neguko espedizio hau, oso gogorra izan zena, zein beste espedizio guztiak. Guztiek asetzen gaituzte, baita tontorreraino iristen ez garenak ere.

Ia bost urte pasa ostean, Nanga Parbateko espedizio honen zein oroitzapen dituzu?
Oroitzapenak oso onak dira, gero eta hobeagoak. Beste batzuk gaziak dira, esaterako 2019an Nanga Parbatera egindako azken bisitan Daniele Nardi eta Tom Ballarden erreskatean parte hartu genuen, baina ezinezkoa izan zen; oso atsekabetuta, alde horretatik. Dena den, Nanga Parbatera bueltatu behar garela esaten dut, beste modu batean gozatzeko. Tontorrean zaudela behera begira egotea zer den badakigu, baina behetik gorako bide horretan gozatzeko beste momentu batzuk beharko genituzke eta Nanga Parbati itzuli osoa ematea.

"Neguko espedizioak oso gogorrak dira; nanga parbatekin izandako harremana kontatzen du filmak"

Konfinamendua ongi etorriko zitzaizun dokumentala eta liburua prestatzeko.  
Filmaren ideia buruan zegoen azkeneko hiruzpalau urteetan, baina menditik bueltatu, eta lana dela, bestea dela... azkenean ez duzu astirik. Konfinamenduaren geldiunea izan da hau guztia aurrera ateratzeko detonatzailea edo aitzakia. Konfinamenduan kozinatu da dokumentala.

Egunotan zure lana aurkezten ari zara Espainiar Estatu guztian barna. Non ibili zara?
Eromena izaten ari da. Aurreko ostiralean Madrilen izan ginen, handik Orensera joan ginen, iganderako Azpeitian geunden, astelehenean Eibarren, asteartean Arrigorriagan, asteazkenean Usansolon eta Arrigorriagan eta ostegunean Zallan. Ostiralean Lemoan egon nintzen, larunbatean Donezteben, igandean Lizarran, astelehenean Donostiako Fnac-en, gaur, asteartea, Bergaran izanen naiz eta bihar, asteazkena, Altsasun. Egunero dago zer edo zer pelikularekin lotuta. Baina gustura, batez ere jendea gozatzen ari delako.

Zer nolako harrera izan du filmak?
Edukiera edo aforoen muga pena da, bestela jende askoz ere gehiago egongo bailitzateke emanaldietan, baina hala ere, filmak oso harrera ona izan du. Bizitzen ari garen egoera hau aukera garai moduan bizi behar dugu. Besoak gurutzatuta etxean egon beharrean, egunero emanaldiak ematen ari gara, eta jendeak gozatu egiten du. Hori da egoera honi egiten diogun gure ekarpena. Eta jendea motibatuta ateratzen da, ilusionatuta, irribarre handi batekin. Hori da lortu nahi duguna.

"Egindako espedizio guztiek asetzen zaituzte, baita tontorra egiten ez direnek ere"

Asteazkenean Iortia Kultur Gunera gerturatzen direnek zer topatuko dute La montaña desnuda-n?
Publiko guztiendako film bat. Nire ustez pelikula txukun bat topatuko dute, maitasunez eta ilusio guztiarekin eginda dagoen film bat. Sorpresa eman nahi dugu. Ez dut gehiegi sakonduko, bestela zer ikusiko duten jakingo dute (kar, kar…).

Nanga Parbateko irudi ikusgarriekin batera, espedizio baten xehetasunak eta egunerokoak ikusteko aukera ematen al du filmak?
Irudi ikusgarriak ikusiko dira, bai, baina ez da mendizaletasunari lotutako publiko jakin bati bideratutako lana. Publiko guztiendako filma da. Guk Nanga Parbatekin izandako harremana kontatzen du. Filmeko zuzendaria eta gidoilaria izan naiz lehen aldiz, eta uste dut lan txukuna dela, kontuan hartuta profesionalak ez garela. Baina filma muntatzerakoan profesionalak aritu dira: Aritz Lete soinu teknikaria, Sara Cozarren ahotsak, Bimusikako doinu eta musika originala, Iñaki Madariagaren diseinua eta efektuak…

"Maitasunez eta ilusioz egindako filma da gurea; egindakoarekin gustura geratu naiz"

Filmean eta liburuan egindako lanarekin gustura geratu zara?
Gustura gelditu naiz. Jendearen harrera oso ona izaten ari da. Emanaldietan saiatzen gara jendearekin hartu harremana izaten eta euren zalantzak eta kezkak argitzen. Lan honekin gu ez gara bikain bat lortzera joan, ezta nahiko bat lortzera joan. Espedizio bat kontatzera joan gara, bihotzetik eta gertutasunetik, gauza askotatik aldenduz.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak? Pandemia dela eta, noiz ikusiko zaitugu mendian? 
Aurten bi film ekoiztu ditugu, hau eta La cumbre es el camino, eta liburuarekin ere bagabiltza. Gauzak ongi badaude, gustura joango ginateke Himalaya aldera. Hori da gure asmoa, eta ziur gaude aukera izango dugula. Beraz, horretan ere bagaude buru belarri.