Arazoa hor dagoela azaleratzeko eguna

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko aza. 23a, 14:02
Idoia Goikoetxea Gomez eta Oihana Gallo San Roman, Altsasuko Udaleko eta Sakanako Mankomunitateko Berdintasun teknikariak.

Asteazkenean azaroaren 25 izanen da, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna. Aldarrikatzeko eta kalera ateratzeko egun bat da. Elkarretaratzeak ez ezik, berdintasun zerbitzuek gaia lantzeko egitaraua prestatu du

Datorren urtean berrogei urte beteko dira Hego Amerikako mugimendu feministak azaroaren 25a Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna izendatu zutela. 1960. urtean Dominikar Errepublikan izandako Mirabal ahizpen erailketa gogoratu, salatu eta aldarrikatu nahi zuten egun honetan, eta horren bidez emakumeek jasaten duten indarkeriaren kontrako salaketa egin nahi zuten ere. 1999. urtean Nazio Batuen erakundeak Azaroaren 25 emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna izendatu zuen. Ordutik, egun horretan emakumeek pairatzen duten indarkeria salatzeko eguna bihurtu da.

Urtero ere, duela hainbat urte, berdintasun zerbitzua duten tokiko entitateek, Sakanako Mankomunitatea eta Altsasuko Udala barne, kanpaina, irudi eta adierazpen instituzionala kaleratzen dute egunaren harira. Aurtengo leloa Haiengatik, guztiongatik da. "Aurtengo testuingurura egokituta" dagoela azaldu du Oihana Gallo San Roman mankomunitateko berdintasun teknikariak. "Berdintasun teknikari guztiak elkartzen gara. Ez da erraza hogei pertsonen artean zerbait adostea, baina argi daukagu egoera zein den, eta argi daukagu denok zergatik gertatzen den egoera hori", gaineratu du Idoia Goikoetxea Gomez Altsasuko Udaleko berdintasun teknikariak. "Elkarrekin inpaktu handiagoa lortu nahi dugu".

Testuingurura egokituta
Gallok azaldu bezala, adierazpenean egoeraren irakurketa egin dute, eta urtero bezala kaleak beteko dituztela esan dute. Mugimendu feministak egindako lanari esker "honaino" iritsi direla aipatzen du testuak ere. "Jendarteak nahiko barneratuta du zein den arazoa, baina aurtengo testuinguruan kokatu nahi izan dugu aldarrikapena", eta COVID-19 birusak sortutako osasun krisialdiaren ondorioz indarkeria jasan duten emakumeen egoeran jarri dute begirada. "Haien isolamenduaren eta bakardadearen irudia erakutsi dute. Biktima papera jendarteratu da. Lagundu behar zaiela eskatu da". Mezu horri buelta eman nahi izan diotela: "Biktima izatetik protagonista izatera aldarrikatu nahi dugu manifestu honen bidez".

Berdintasun teknikariek jakinarazi dutenez, konfinamenduaren ondoren hirukoiztu egin dira indarkeria matxistagatik jarritako salaketak. "Argi utzi nahi dugu salaketa kopuruak ez duela esan nahi emakumeak direla. Emakume batek jar dezake salaketa bat baino gehiago, eta egon daitezke salaketarik jartzen ez duen emakumeak ere".

Protokoloa
Sakana mailan indarkeria jasaten duten emakumeen harrera koordinatua emateko helburuarekin, elkarlanean sortutako protokoloa osatu dute. Sakanako berdintasun teknikariek, hiru gizarte zerbitzuek, hiru osasun etxeek, Genero Indarkeria Jasan dutenen Taldea eta udaltzainek osatu dute protokoloa, eta bileretara ere Foruzaingoa joaten zela jakinarazi dute. Urte amaieran edo datorrenaren hasieran aurkeztea espero dute. "Eskualde ikuspegiarekin eta eskualde mailan Nafarroan egiten den lehenengoa da".

Egitaraua
Azaroaren 25erako egitarau osatua antolatu du Sakanako Mankeko berdintasun zerbitzuak: antzezlanak, dokumentalen emanaldiak, hitzaldiak, escape rooma eta abar. Zenbait udalek ere eguneraren harira emanaldiak antolatu dituzte. Etxarri Aranatzen, esaterako, Zirika Zirkusen Pantxika Lamur Alter Ego antzezlanan izan zen ostiralean. Bestetik, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun eta Anitzartean zerbitzuak elkarlanean, Uharte Arakilgo Emakume Taldearen laguntzarekin, Despiertas dokumentalaren emanaldia antolatu zuten Uharte Arakilen. Atzo, igandea, Erradikalak ginen bertolaritza eta antzerkia uztartzen duen antzezlana izan zen Irurtzunen. Ekitaldi guztiak arrakastatsuak izaten ari direla jakinarazi du Gallok.

Bihar, azaroak 24, asteartea, Irantzu Varela Altsasuko Iortia kultur gunean izanen da. “Berarekin hitz egiten luze egon daitezke”, baina oinarri bat izateko Él nunca me pegó dokumentalaren emanaldia izanen da, eta ondoren emodio erromantikoaren buruzko solasaldia izanen da. Edukiera mugatua dela kontuan hartuta, sarrera gutxi gelditzen dira.

Azaroaren 25aren goizean ikastetxeetan egoerara egokitutako online jardunaldia antolatu dute. Ikasmailaren arabera, ipuin kontalarien edo hitzaldien bidez errespetuaren eta tratu onen inguruan hausnartzeko aukera izanen dute ikasleek. Hortaz, txikienendako Izaskun Mugikak Kolore anitzetako ipuinak saioa eginen du, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetan ipuin kontalariak Ipuinen harira errespetuari buruzko ipuinen saioa eginen du. DBH 1., 2., eta 3. mailan Harremanak taldeko hizlari batek tratu onen inguruko hitzaldia eginen du eta DBH 4., batxilergoan eta Lanbide Heziketan Samara Veltek Nik sinisten dizut liburua aurkeztu du.

Aldarrikapenak
"Osasun krisiari erantzuteko hartutako neurriek emakumeon bizitzengan inpaktua" agerikoa dela esan du Errafailak taldeak. "Isolamendua, familia, bikote edo bizikidetza taldeekin burbuilak osatzea eta familia tradizionalaren eta nuklearraren gogortzea, beldurra...". Heteropatriarkatua lehertu dezagun! Burbuila nuklearrik ez, eskerrik asko! Lelopean, asteazkenean, 19:30ean, elkarretaratzea deitu dute, Iortia kultur gunean, Bilgune Feminista eta Altsasuko talde feministarekin batera. Lakuntzako Gazte Asanbladak elkarretaratzea deitu du, 17:30ean, Genero indarkeriaren aurka emakume langileok batu lelopean.