Presoak bisitatzera joateko neurri murriztaileen araudia aldatzeko eskaera

Guaixe 2020ko aza. 26a, 14:07

#SOSPRESOAKCOVID19 ekimeneko kideak deiladi bat iragartzen. Artxiboa.

#SosPresoakCovid19 dinamikak gutuna bidali dio Nafarroako presidenteari, pandemiagatik neurri murriztaileak ezarri duen dekretua aldatu eta Nafarroatik kanpo dauden presoen senideei espetxeetara joateko aukera aitortzeko.

Nafarroa perimetralki itxita dago eta nafarrak herrialdetik sartu eta ateratzeko salbuespen gutxi batzuk besterik ez ditugu. Pandemiari aurre egiteko lastailaren 27an onartutako araudian jasota dago neurri hori. Zuzenean eragiten diena Nafarroatik kanpo preso dauden nafarrei edo herrialdean lotura dutenei. Eragiten die haien senide eta lagunek Nafarroatik ezin direlako atera aipatu araudia urratu gabe. 

Horregatik, #SosPresoakCovid19 dinamika osatzen duten Salhaketak, Etxeratek, Altsasu Gurasoak-ek eta Sarek Maria Txibite Navascues presidenteari eskatu diote aipatu dekretua aldatu eta 
Nafarroatik ateratzeko justifikazio-arrazoi berri bat sartzeko: espetxera joan ahal izatea, kartzelan askatasunik gabe dauden senideak edota pertsonak bisitatu ahal izateko. Dinamikako kideek azaldu dutenez, gutxienez 184 nafar edo Nafarroarekin lotura dutenak herrialdetik kanpo preso daude, hau da, preso nafarren edo Nafarroarekin lotura dutenen %40 herrialdetik kanpo kartzeletan ari da zigorra betetzen. Babes neurriak hartuta, kartzelak bisitak baimentzen ari direla gaztigatu dute dinamikatik. Horregatik, Nafarroatik kanpoko kartzeletara bisita horiek egin behar dituzten pertsonei joateko eskubidea aitortzea eskatu dute.