Espetxe politika ez betikotzeko

Guaixe 2020ko aza. 26a, 15:37
Lakuntzarrek bat egin ute Izan Bidea dinamikarekin.

Sarek salatu zuenez, “justizia eta salbuespenezko espetxe politikak ahalbidetzen du oinarrizko eskubideen urratze larriak gertatzea”. Gaineratu zuenez, “bizikidetzara daraman bidean aurrera egin nahi badugu espetxe politika krudel hori bukatu eta preso eta iheslariei etxerako bidea zabaldu behar diegu”.

Sareren Izan Bidea dinamikak makina bat herritan presentzia izan zuen asteburuan, tartean Irurtzunen eta Arakilen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Bakaikun eta Altsasun. Haien bidez “euskal presoek eta haien familiartekoek eta lagunek pairatzen ari diren eskubide-urraketak” salatu zituzten. Sakanako mobilizazio guztien akabera hartu zuen Etxarri Aranatzen egindako manifestazioak, herriko sei presoen etxeetatik pasa zena. Haren akaberan Sareko kideek adierazi zutenez, “eginahal guztiak egiteko prest gaude sufrimendu honi bukaera emateko, gure herrian behar-beharrezkoa dugun bizikidetza eta bakerako oztopoa delako”. 

Sareko kideek azaldu zutenez, “gizarte honek konponbidearen bidea eraiki nahi du. Eta “bizikidetzara eta bakera daraman bidean” kokatu zituzten preso eta iheslariak etxera bueltatzea. “Oinarrizkoak, urgentziazkoak eta beharrezkoak” jo zituzten honako neurriak hartzea: larriki gaixo diren presoen kaleratzea; urrunketa politikari akabera ematea; kartzelako gradu-progresioa aplikatzea, presoek beraien etxeratze-prozesua abiatu ahal izateko; zigorren batuketa eta bakartuak diren emakume presoak elkartzea. “justizia eta salbuespenezko espetxe politikarekin” bukatzeko exijitu zuten. 

Sarek, atzera ere, “justizia eta salbuespen-erregimenaren bukaera” eskatu zituen, “biak ukatzen ari zaizkielako euskal presoei. Zenbait eskubide ezin zaizkie epai batekin kendu preso daudenei. Eta etengabe, kentzen ari zaizkie”. Sarekideen iritziz, azken hilabeteetan izan diren presoen gerturatze edo Euskal Herriratzeak “ez dute urruntze politikarekin bukatzen, ez eta euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko politikarekin ere. Urtetako sufrimenduari behin betiko soluzioa emateko borondate politikorik ez dagoen bitartean, horiek partxe hutsak besterik ez dira izanen”. Sarek aitortu zuen familiarendako “askoz hobea” dela “senide presoa hurbilago izatea. Baina guk urruntze politika behin betiko bukatzea eta preso guztiak etxera etortzea nahi dugu”. 

Deialdi gehiago 
Abenduaren 19an, Nafarroako mobilizazioa antolatu dute, Iruñeko espetxera martxa. Eta ilbeltzaren 9an, 17:30ean, berriz, herri guztietan mobilizazioak deituko ditu Sarek.