Ezkurdia / Martija

“Garbi genuen nola jokatu nahi genuen eta zer egin nahi genuen; etxean prestatutako lezioa ongi atera zaigu"”

Maider Betelu Ganboa 2020ko abe. 9a, 10:02

900 pilotakada gurutzatu ziren Binakako final estu, gogor eta ikusgarria irabazi zuten Ezkurdiak eta Martijak, Olaizola eta Urrutikoetxea 13 tantotan utzi eta gero. Etxean landutako lezioa kantxan primeran atera zitzaiela aitortu zuten sakandarrek, eta txapela lortu izanagatik “oso pozik” zeudela nabarmendu zuten. Etxekoak, gertukoak eta frontoietara joan ezin zirenak izan zituzten gogoan. “Txapela hau beraiendako da” nabarmendu zuten

Bizkaia pilotalekua hutsik zela jokatu zen, atzo, Binakako Txapelketako finala.“Ez gara egoera honetara ohitzen” zioen Aspeko komunikazio arduradun Ibon Arakistainek. Kazetariak, kolaboratzaileak –asko–, Aspe eta Baikoko ordezkariak eta langileak ziren Miribillako frontoian zeuden bakarrak. Ez zegoen final handietan egoten den ohiko giroa, inola ere, baina Binakako lau finalistak –Ezkurdia eta Martija, batetik, eta Olaizola eta Urrutikoetxea, bestetik– txapela lortzeko gogotsu atera ziren kantxara. Izan ere, 2019an hasi eta COVID19-ak eta Baikoko pilotarien grebak, besteak beste, atzeratutako txapelketa gorabeheratsua despeditzeko nahia baitzegoen. 

Ezkurdiaren Binakako bigarren finala zen atzokoa -2018an Binakako txapela irabazi zuen Zabaletarekin batera-, eta Martijaredako, aldiz, bere lehendabiziko finala zen. Olaizolak, aldiz, Binakako 3 txapela zituen, horietako bat, 2016koa, Urrutikoetxearekin. Final oso paretsua espero zen, irekia. Dirua Olaizolaren eta Urrutikoetxearen alde atera zen, beteranoen alde, baina alde oso txikiarekin. 

900 pilotakadako final gogorra
Hasieratik ikusi zen partida oso gogorra izango zela. Tantoak luzeak izan ziren lehen minututik hasita. Sake-errematearekin aurreratu ziren gorriak, Olaizola eta Urrutikoetxea, eta bigarren tantoa ere eurendako izan zen, Ezkurdiak pilota Martijari pasatzen utzi, eta bi sakandarrek elkar ulertu ez zutenean. Hurrengo tantoan Martijari gora egin zion ihes pilotak, eta 3 eta 0 aurreratu zen Baikoko bikotea. Euren estrategia, garbia zen: Julen Martija atzean estutzea eta Joseba Ezkurdia jokoz kanpo uztea. Baina Martijak ongi eutsi, eta gorrien pilota txapara joan eta gero, sakandarrek lehen tantoa egin eta euren pilota hautatu zuten. 

Tantoak luzeizaten jarraitu zuten. Urrutikoetxeak pilota kanpora bidali eta Aimarren pilota gora joan eta gero, hiruna berdindu zuten Ezkurdiak eta Martijak. Hortik aurrera biko bat aurreratu, besteak berehala harrapatzen zuen, eta berdinketak egon ziren bata bestearen atzetik. Lau pilotariak ikusgarri zebiltzan, baina atzeko koadroetan Julen Martija dominatzen hasi zen, gutxika. 23 urterekin bere lehen finala zuen Etxeberrikoak, baina pilota eskatzen eta jokoan sartzen hasi zen, beteranoa bailitzan. Ezkurdia ere pilotari abiadura ematen eta partidaren erritmoa ezartzen hasi zen. Seinako berdinketaren ondotik lehenengoz aurreratu ziren Ezkurdia eta Martija, Olaizolak pilota bat kanpora bidali zuenean. Sakandarrek konfiantza hartu zuten eta pazientzia dutela erakutsi zuten. Baikokoek ongi defendatzen zuten, baina gutxika tantoak sakandarren aldera erortzen hasi ziren. Martija pilota eskatzen, gozatzen eta agintzen zegoen, eta Ezkurdia pilota sekulako abiadan mugitzen. Tanto ikaragarriak egin zituzten, eta Aimar ekidin eta Urrutikoetxea estutzen hasi ziren sakandarrak. Nekea nabaritzen hasi zitzaion bizkaitarrari. 7 eta 16raino joan ziren Ezkurdia eta Martija, alde polita aterata. 

Martija pilota eskatzen, gozatzen eta agintzen hasi zen, eta Ezkurdia pilota sekulako abiadan mugitzen. Sakandarrek 9 tanto lortu zituzten segidan, eta alde polita atera zuten

Partidako bigarren atsedenean 9 eta 18 zioazen aurretik sakandarrak. Hurrengo tantoan Ezkurdiak akats potoloa egin zuen, eta 10. tantoa lortu zuten Baikokoek. Segidan gertatu zen partidako istripua; Martijaren jaurtiketak Aimarren buruan jo zuen bete betean eta kolpe latza hartu zuen Aimarrek. Aldageletara joan zen, eta epaileak tantoa Baikokoei eman zien. Katedraren iritziz, errepikatzeko moduko tantoa zen eta sakandarrek ere protesta egin zuten, baina ez zieten kasurik egin. Kantxara itzuli zen Goizuetakoa, eta partidak bere horretan jarraitu zuen, luze, lehiatu eta gogor. Azken uneraino borrokatu zuten pilotariek, eta Baikokoek ez zuen partida galdutzat eman. Sakandarrak 13 eta 19 aurretik zeudela, Aimarrek Ezkurdia oztopatu zuen eta arbizuarra kexatu zen. “Beti igual zabiltzate” entzun zen frontoian, argi eta garbi. Epaileek tantoa atzera jokatzeko eskatu zuten. Lehiak estua izaten jarraitu zuen eta 13 eta 20 aurreratu ziren sakandarrak. Ezkurdia arazoekin hasi zen, bikiak igotzen hasi zitzaizkion. Baina ongi eutsi zuten sakandarrek eta zuzenean joan ziren 22ra, ederki merezitako Binakako txapela lortuaz. 

Ordu eta erdi iraun zuen partidan 900 pilotakada gurutzatu ziren guztira, ikaragarria, partidaren gogortasuna islatzen duen zenbaki borobila.

Etxetik ekarritako lezioa ongi atera zitzaien
Partida bukaeran pozik zeuden txapeldun sakandarrak. “Ez dugu partida perfektua egin. Finala zen eta tentsioa zegoen, baina nik uste etxetik ekarritako lezioa ongi egin dugula frontoian; garbi genuen nola nahi genuen jokatu eta zer egin nahi genuen, eta kantxan egin dugu. Bi txapeldun handien kontra aritu gara, eta nahiz eta hasieran 3 eta 0 galtzen hasi, argi genuen zer egin nahi genuen: Mikel mugitu, guk erritmoa jarri, nik aurrean mina egin… eta uste dut lortu dugula, nahiz eta akats batzuk egin. Partida oso gogorra izan da, aurretik jarri garenean lasaiago ibili gara, eta, oso pozik gaude” azaldu zuen Ezkurdiak. 

Ezkurdia: "argi genuen zer egin nahi genuen: Mikel mugitu, guk erritmoa jarri, aurrean mina egin… eta uste dut lortu dugula, nahiz eta akats batzuk egin. Gertu genuen saria, eta tantoz tanto lortu dugu"

Julen Martija ikusgarri aritu zen, pilota eskatzen, ematen, beterano handien pare. “Nahiko gustura ibili naiz. Hasieran kosta egin zait, akats batzuk egin ditut, baina Josebak kristoren partida egin du, asko lagundu dit eta hala jokatzen duenean dena errazagoa da. Bigarren zatian hobe sentitu naiz, gozatu dut eta oso gustura bukatu dut” gaineratu zuen Martijak.

Momenturen batean urduri jarri ote diren galdetuta, Martijak Olaizolari emandako pilotakadaren ondotik edo Baikokoen oztopoen kasuan,  “urduri ez, partidan sartuta geunden, baina bai tentsioarekin” aitortu du Ezkurdiak. “Aimarren pilotakada gertatu denean, garbi zegoen buelta emateko jokaldia zela, 15ekoan berdin, gero Julenek akats egin duen pilota batean Mikelek traba egin dio, eta gero niri ere.  Azkenean, erritmo handian jokatzen denean halakoak gertatzen dira eta halakoetan tentsioa kudeatzea ez da erraza izaten. Niri garrasi batzuk atera zaizkit, baina horiek partidako gauzak dira, finaletan tentsio handia egoten baita. Baina urduri, ez. Argi genuen nola jokatu nahi genuen eta zer egin nahi genuen. Gertu genuen saria, eta tantoz tanto lortu dugu” nabarmendu du Ezkurdiak.

Martija: "hasieran kosta egin zait, akats batzuk egin ditut, baina Josebak kristoren partida egin du, asko lagundu dit eta hala jokatzen duenean dena errazagoa da. Bigarren zatian hobe sentitu naiz, gozatu dut eta oso gustura bukatu dut”

Martijarendako “ikaragarria” izan da bere lehen finala irabaztea
Martijaren esanetan, hasierako tantoak oso gogorrak izan ziren. “Argi genuen partida oso gogorra izan behar zela. Oso sartuta egon gara partidan, eta hori izan da gakoa. Gero 9 tanto egin ditugu segidan eta alde polita atera dugu, baina partidan sartuta egotea ezinbestekoa izan da” azpimarratu du Etxeberrikoak. Bere lehenengo finala jokatu eta irabaztea “ikaragarria” izan da Martijarendako. “Oraindik ez dut barneratu, ez dut hitzik. Oso partida konpletoa egin dugu biok, Josebak kristoren partida jokatu du, eta horrela askoz errazagoa egiten da dena, lehen aipatu dudan bezala. Orain txapeldunak garela barneratu behar dut. Oso kontentu nago” aitortu zuen. 

Martija: "Nire lehenengo finala jokatu eta irabaztea ikaragarria da. Ez dut hitzik. Orain, txapeldunak garela barneratu behar dut. Oso kontentu nago"

Txapela, frontoian egoterik izan ez zutenendako
Txapela norendako den galdetuta, gertukoak eta pilota zaleak izan zituzten gogoan bi sakandarrek. “Txapela gure gertuko jende guztiarendako da, eta baita normalean frontoira hurbiltzen den jendearendako. Gaur hemen egotea ezinezkoa izan dute, ezin izan dute txapela gurekin ospatu. Eta txapela beti gure atzean dagoen jende horri, euren maitasuna eta babesa ematen digutenei eskaini nahiko genieke. Nahiz eta gaur ezin izan duten hemen egon, asko gogoratu gara beraiekin, eta txapela hau beraiendako da” adierazi zuen Ezkurdiak. Martija iritzi berekoa zen eta senitartekoak eta neskalaguna ere izan zituen gogoan, baita iaz zendutako amona ere. 

Ezkurdia: "Txapela gure atzean dagoen jende horri, euren maitasuna eta babesa ematen digutenei eskaini nahiko genieke. Nahiz eta gaur ezin izan duten hemen egon, asko gogoratu gara beraiekin, eta txapela hau beraiendako da”

Ezkurdiak Lau eta Erdikoa buruan
Ezkurdiak orain arte jokatu dituen 4 finalak irabazi ditu: 2 Binakako eta 2 Lau eta Erdiko. “Zaila da finaletara ailegatzea. Disfrutatzen ari naiz, nire burua gustura ikusten dut. Entrenamenduetan ongi nabil, eta eskerrak ematea besterik ez dut, entrenamenduetan laguntzen didaten guztiei. Euren lanik gabe hau ez litzateke posible izango” aitortu zuen Arbizuarrak. 19 tantotik aurrera bikietan arazoak izan zituen Ezkurdiak. “Tentsioarekin eta, normala denez, igotzen zitzaizkidan. Eskuak ere pixkat ukituta ditut, baina lasai hartu eta Lau eta Erdiko final laurdenetako osteguneko material aukeraketa arte deskantsatu beharko dut. Nahiz eta ez entrenatu, nik uste dut lortutako txapela izango dela entrenamendurik onena. Artolaren aurka partida zaila dut, baina ea ongi ateratzen den” aipatu zuen.