0-3 Plataformak hezkuntzan aurrekontu handiagoa behar dela adierazi du

Guaixe 2020ko abe. 17a, 19:48

Plataformako kideek Nafarroako Parlamentuaren parean egin zuten agerraldia.

“Gobernuaren programa akordioak Barne Produktu Gordinaren % 5 hezkuntzan inbertitzea du helburu, egungoa %3,9koa da”. 0-3 zikloa hobetzeko sortuko den lantaldearendako lan-egutegia eta epe labur eta luzerako helburuak lehenbailehen zehaztea premiazkoa jo du. “0-3 zikloa hezitzailea, lehentasunezkoa eta aurrekontua duena izan dadin saiatuko gara”.

Nafarroako 0-3 Plataformako kideek jakinarazi dutenez, “alderdi politikoekin eta hezkuntza zikloa kudeatzen duten administrazioekin, Hezkuntza Departamentuarekin, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Toki Administrazioa eta Gizarte Eskubide Departamentuarekin batera sortuko den lan taldean lan egiteko” prestutasuna dute eta hura lehenbailehen abiaraztea eskatu du. Plataformako kideen iritziz, helburua beharko luke “0-3ko errealitate zailetik abiatuta, ziklo hori erabat hezitzailea, unibertsala, doakoa, publikoa eta kudeaketa publikokoa izan dadin aurrera egitea, eta Nafarroako berezko bi hizkuntzetan ikasteko eskubidea errespeta dadin: euskaraz eta gaztelaniaz”. 

Eta bide horretan lehen-lehenik hartu daitezkeen neurriak zein diren gaztigatu dute: adin-tarte bakoitzeko haur batean ratioa jaistea, eta Covidaren ondorioz aurten izandako hezitzaile errefortzua mantentzea”. Gobernu programaren akordioan jasotako zikloaren doakotasuna eta unibertsaltasuna lortzea ere ez dute ahaztu: “legegintzaldi honetan familien tarifek aurreko legegintzaldian bezala jarraitzen dute”. 

Bestalde uste dute “hurrengo ikasturtean egiturazko aldaketak egiten hasteko osagaiak ditugu; beste 1.400.000 euro 2021-2022 ikasturteko aurrekontuan”. Hala ere, 0-3 zikloarendako aurrekontu handiagoa eskatu dute. “Heldu den urterako Hezkuntza Departamentuak 0-3 ziklorako duen aurrekontua 12.096.249 eurokoa da, hezkuntzako aurrekontu osoaren % 1,5a.

Egungo egoera 
Nafarroako 0-3 Plataformako kideek 2003an hasi zen Haur Hezkuntzako Lehen Zikloaren “kudeaketa gaiztoa” hainbatetan kritikatu dute, “horrek Nafarroako 0-3 urteko hezkuntza-komunitateak bizi duen egoera zaila eragin baitu”. Gaztigatu dutenez, “zikloa demografia datuak eta hezkuntza-helburuak planifikatu eta aztertu gabe eraiki zen. Gobernuak eraikitzen zituen eskolak, eta, ondoren, udal bakoitzaren jardun onaren arabera kudeatzen ziren. Goxoki pozoitu bat izatera iritsi zen”. 

Plataformako kideen iritziz “3-6 zikloarekin koherentzian 0-3 zikloan aurrera egin behar da”. Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko gela bakoitzeko gaur egun dagoen haur ratioa “gehiegizkoa, ankerra, jasanezina eta arriskutsua da. Bikoiztu egiten du Europako Batzordearen Haurtzaroaren Arretarako Sareak gomendatutako haur-kopurua”. Hezitzaileek salatu dutenez, “geletako masifikazio horrek ezinezkoa egiten du arreta pertsonalizatua eta kalitatezkoa ematea, eta, beraz, haurraren ongizate eta jaiotzetik dituen gaitasunen eta ahalmenen garapen eskubideari eragiten dio”. 

Gaineratu dutenez, 28/2007 Foru Dekretuak ezarritako gutxieneko baldintzak “ez dira nahikoak, eta, oraindik, bi eskolek ez dituzte betetzen”. Haur-eskoletako profesionalak hainbat administrazioren menpe daude eta zentro gehienak zeharka kudeatuta daudenez, lan-eskubide eta soldata desberdinak dituzte, guztiak eskola publikoak izanik. 

Ekitatearen aldeko deia ere egin dute Nafarroa 0-3 Plataformatik: “gaur egun, zerbitzu garestia eta elitista da; jendarte-desberdintasun sakonen aurrean, doakoa ez den bitartean, haurren babesa bermatzeko neurriak hartu behar dira, haur- pobreziaren ondorio suntsitzaileen aurrean. Baremo horiek ez dira familia-eredu desberdinetara modu nabarmen eta errealean egokitzen; eta, ondorioz, desberdintasunetan sakontzen dute”.