Tokikom Sariak banatu dituzte

Guaixe 2020ko abe. 18a, 10:58
Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik gidatutako saio baten bidez banatu ziren sariak.

Ohiko urteko azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena sariez aparte, finalisten artean irakurleek aukeratutako lanari ere saria eman diote. Sariketa euskarazko tokiko hedabideen lana aldarrikatzeko modua da. Guaixe bi mailetan finalista izan da.

Euskarazko tokiko komunikabideen elkarteak, Tokikomek, bere sariak banatu zituen atzo. Toki komunikabideen lana bikaintasuna eta gizarteratzea du helburu sariketak, dagoeneko bosgarren edizioa duena. Aurten Tokikom Sariak banatzeko ekitaldi presentzialaren ordez, toki telebistetan eta elkarteko sareko webguneetan batera eman zen telebista saio baten bidez jakinarazi zituzten saridunen izenak atzo. Saio horretan, eta umore klabean beti ere, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik errepaso zabala eman zioten euskarazko toki komunikabideek urtean egindako lanari, arreta berezia jarriz saria eskuratu duten edukietan.

Elkarteak 60 hedabidetik gora biltzen ditu. Haiek sariketara 52 lan aurkeztu zituzten sariketako hiru ataletako batetara: urteko azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena. Tokikom Sarien epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Edorta Aranak eta Tania Arriagak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatu dute. Lan zaila izan dute aukeraketa egiten, kalitate handiko eta eduki zein formatu oso desberdinetako lanak aurkeztu baitira sariketara. Maila bakoitzeko hiru finalista aukeratu zituzten. Gainera, aurten, publikoak bozketa bidez Komunitatearen Saria banatu du.

Sarituak 



Azalik onenaren saria Debagoienako Puntua astekariak lortu du, Azkoitiko Maxixatzen eta Sakanako Guaixe aldizkariekin lehia estuan. Epaimahaiak azal horren lan grafikoa goraipatu du: oso elementu sinple gutxirekin oso irudi adierazgarria osatuz, alde estetikotik garbitasuna, oreka eta dotorezia galdu gabe. 

Edukirik onenaren saria, berriz, Durangaldeko Anboto astekariarendako izan da Zaldibarko hondakindegiko gertakari latzen inguruko erreportajeagatik. Otsaila erdialdean hiru orrialdeko tarte zabala eskaini zion, hainbat ikuspuntu, testigantza eta kazetaritza molde uztartuz. Lan horri eman dio edukirik onenaren saria epaimahaiak, Uribe-Kostako Hirukarekin eta Orio eta Aiako Karkararekin norgehiagokan.

Azkenik, ikus-entzunezko onenaren saria Zumaia aldera joan da aurtengoan. Erlo Telebistak eta Baleike aldizkariak erreportaje ikusgarria sortu dute, herrian garai batean zegoen marea errotaren berri emanez. Epaimahaiak ikus-entzunezkoaren beraren faktura bikaina eta atzetik sumatzen den dokumentazio lan izugarria nabarmendu dute saria lan honi ematerako orduan. Kategoria honetan Beterri-Buruntzako Aiurri eta Sakanako Guaixe ere aritu dira lehian.

Sariketaren aurtengo berrikuntza Komunitatearen Saria izan da, irakurleen bozka bidez aukeratu dena. Epaimahaiak aukeratutako bederatzi lan finalistak hamar egunez egon dira bozketagai, azaroaren hasieran, publikoak gogokoena aukeratzeko. Guztira, 1.256 bozka jaso ziren. Lehen hiru postuen artean oso alde txikia izan bazen ere, bozka gehien jaso zuen lanak 267 jaso ditu, guztien %21. Ondorioz, Tokikom Sarien 2020ko Komunitatearen Saria Beterri-Buruntzako Aiurrirendako izan da, “#Bertsovid-19” ekimenagatik.

Adierazpenak 
Hirugarren urtez segidan Guaixe Tokikom Sarietan finalista izan da. Aurten azalik eta ikus-entzunezko onenen sailetan izan gara finalistak. Guaixeko lantaldearendako azken txanpa horretarako aukeratuak izate hutsa “pozgarria da; irakurleen aldetik astero jasotako aitortzaz aparte, kanpoko begirada batek egindako lana aintzat hartzea hobetzen segitzeko beste estimulu bat da”. 

Tokikom elkarteko zuzendari Alaitz Artolazabal Amilletak zorionak eman zizkien saria jaso duten eta parte hartu duten toki komunikabide guztiei. Azpimarratu zuenez, “zabalduta dagoen aurreiritziaren kontra, euskarazko toki komunikabideek kazetaritza lan aparta, eta sari hauek berriz ere utzi dute oso argi, euskarri eta formatu guztietan, gainera”. Aldi berean, sarien webgunea bisitatu eta bertan lan finalista guztiak arakatzeko gonbidapena egin zuen, “benetan ederrak eta denbora eskaintzeko modukoak baitira”.