Ana Belen Padilla eta Patricia Musuña

"Bi esperientziak elkartuz gauza politak sor daitezke"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko abe. 23a, 13:09
Ana Belen Padilla eta Patricia Musuña.

Giltza enplegua aktibatzeko programan zazpi sakandarrek parte hartu zuten, tartean Ana Belen Padilla eta Patricia Musuña ikasleek. 

Ana Belen Padilla eta Patricia Musuña Lanbide Heziketako erdi mailako zikloko ikasleak dira; Padillak administrazio kudeaketa ikasten du eta Musuñak erizain laguntzaile zikloa. 

1. Nola sortu zitzaizuen Giltza programan parte hartzeko aukera?
ANA BELEN. Iruñean ikasten dugu, baina Sakana LH institututik deitu ziguten esateko aukera hau zegoela eta ea parte hartzea interesatzen zitzaigun. Gero, Enplegu Bulegoan elkarrizketa bat egin behar genuen. Horrelako ekimenetan parte hartzea gustatzen zaigu, eta hau beste trebakuntza saio bat zen.

2. Zergatik horrelako ekimenetan parte hartu?
PATRICIA. Azkenean, edozein gaiei buruz gehiago jakitea ona da. Hala ere, holakoren batean parte hartzen dugun lehenengo aldia da.
AB. Nire kasuan, publikoaren aurrean lan egin nahi dudanez, gustatzen zait. Orduan, lotsa edo beldurrak kentzeko ongi datorkit. Sakana LH-n ikasten nuenean Nafarroako Lanbide Heziketako institutuen topaketa egin zen eta bertan parte hartu nuen, eta haurrak zentroa ikustera etortzen zirenean harrera egiten nien.

3. Zer da Giltza programa?
P. Nik uste, gure burua gehiago ezagutzea helburu duen ikastaro bat dela. Harritu ninduen. Ez nuen espero horrela izatea. Ez nuen espero egin genituen ariketak hain interesgarriak izango zirenik.
AB. Alde berean, zure burua ezagutzen ari zarenean, hori lan munduan nola erabili ikasten duzu ere. Hau da, lan munduan nola saldu dezakezun zure burua. Hainbat ariketen eta proiektu komun baten bidez, lortu dezakezun trebetasunak ateratzean datza. Proiektu bat garatu behar genuen, eta proiektu hori gu geu gara.

4. Zer moduzko esperientzia izan zen?
P. Ongi egon zen. Oso jende desberdinengandik ikasi genuen. Printzipioz haiekin ez dugu inolako zerikusirik, helduagoak direlako eta dagoeneko enpresak dituztelako, baina ekintzaile izan nahi baduzu haien esperientziatik ikasten duzu, jendearekin harremanetan jartzen ikasten duzu… Aurretik pentsatzen duzu helduago diren pertsonekin ez duzula zerikusirik, baina gero baietz konturatzen zara.

5. Beraz, profil desberdineko jendea zeundeten. Zuek zer eskaini zenuten?
AB. Haiek ikuspegi teknikoegia zuten, eta guk ozartasun puntua eskaintzen genuen. Proposamen berria ginen. Haiek bizi dituzten esperientzietan oinarritzen gara, eta gu bizi ahal ditugunetan oinarritzen gara. Bi gauza horiek elkartuz, zerbait oso polita sortzen da. Gu ginen ahalera: “Eta hau egiten badugu?”. Hori hartu, esperientziarekin elkartu, eta gauzak politak atera ziren.

6. Bi proiektu aurkeztu zenituzten, ezta?
AB. Nire kasuan Huertika proposamena egin genuen, hezkuntza eta prestakuntza hobetzeko. Ezgaitasuna duten pertsonei zuzenduta dago. Izan ere, hemen ez dituzte aukera asko, eta haiendako errutina bat izatea oso positiboa da. Orduan, baratzezaintzarekin lotutako prestakuntza jasoko ulketeen, eta ekoiztutako produktuak bertakoak, kilometro zerokoak, izango ziren eta Sakanako establezimentuetan salduko ziren. Laguntza kate bat sortzen da. Jasotako dirua elkarteetara bideratu daitezkelako.
P. Beste proiektua Sakana, bizitzen, intensamente zen. Ibarreko herri guztiak elkartzen dituen turismo proiektu bat zen, non lan arlo guztiak sartzen diren. Marka bakar baten inguruan doa proiektua, eta helburua Sakana elkartzea da. Proposatu genuen guk gure produktuak kontsumitzea, antza denez ez delako asko egiten.

7. Proiektuak martxan jarriko dituzue?
AB. Hainbat ordezakriei erakutsi genien: dendarien elkartekoari, alkateari, institutuko zuzendariari, Enplegu bulegokoari…
P. Esan zuten proiektuei bueltak emanen dizkiotela eta agian antzeko proiektuaren bat bai garatu daitekeela.

8. Nolako ariketak egiten zenituzten?
P. Bost arratsalde izan ziren, hogei ordu. Bi aurrez aurrekoak izan ziren eta besteak online. Lehenengo egunean elkar ezagutu genuen eta gero esker oneko kate bat egin genuen. Altsasuko dendetatik joan ginen mezuak eta produktuak trukatuz. Komertzioen funtzionamendua ikusteko aukera izan genuen.
AB. Maskara batekin hasi ginen, denda batean maskara eskaini genion beste produktu baten truke. Egin duten lana eskertu genien ere. Bertako txistor batekin bukatu genuen.
Bi egora ikusi genituen: alde batetik, oso gaizki pasatzen ari zirenak eta, bestetik, lehentasunezko produktuak saltzen zituztenez joera aldaketa nabaritzen ari zirenak.

9. Zer eramaten duzue?
P. Nahiko ongi moldatu naitekela. Pixkanaka, asko kosatatzen zaidalako; baina nahi badut lotsa alde batera utz dezakedala.
AB. Konturatu naiz konfidantza pixka batekin gauzak egin ditzakedala. Badirudi oso pertsona irekia naizela, baina gero ez da horrela. Aurreiritzi asko izaten ditut, eta pentsatzen dut pertsona helduak edo ez dutela nire iritzia jakin nahi gaztea naizelako. Eta gero ez da horrela. Modu honetan asko ikasten da. Orduan, aurre iritziak alde batera uzten eta segurtasun pixka bat izaten ikasi dut.

10. Ikasitakoa zertarako erabili dezakezue?
P. Lan bilatzeko orduan nire burua hobe saltzeko lagunduko dit.
AB. Nire ikasketek produktuak saltzearekin zerikusia dute, orduan, nire burua saltzeaz gain nire lanerako ere lagungarria izan daiteke.

11. Nola ikusten duzue etorkizuna?
Ikasten jarraituko dugu.
P. Beldurra ematen du, ikasketa gehiago direla… Baina gustatzen zaidana egiten ari naiz.
AB. Ikasten ari naizena Munduko ekonomiarekin bat egiten du, orduan, ekonomia ez bada mugitzen nire sektorea ere geldirik dago… Baina egoera txarrek ere ikasteko aukera ematen dute. Etorkizuna iluna bada ere, aurrera jarraituko dugu.