Pandemia dela eta, egun soilik Espainiako Futbol Federazioak antolatutako ligak ari dira jokatzen. Jardunean dauden gutxienekoen artean daude Irati Igoa eta Maitane Vilariño futbolari sakandarrak, Espainiako Futbol Federazioko Lehenengo Nazional mailako 2A multzoan aritzen direlako, lehena Mulier taldean eta Osasuna B taldean bigarrena. Denboraldia berezia ari da izaten, Nafarroak mugak itxi zituenean zenbait jardunaldi atzeratu zirelako, baina berriro ere martxan daude eta duela bi aste elkarren arteko derbia jokatu zuten.
Irati Igoa Sesma eta Maitane Vilariño Mendinueta futbolari bikainak dira. Bakoitzak bere ibilbidea du, baina 2017/2018an taldekide izan ziren Mulier taldean. Irati Igoak 19 urte ditu eta Etxarri Aranatz taldean hasi zen futbolean, mutilekin talde mistoan. Ondoren emakumezkoen Altsasu talde sortu berrian aritzeko deitu zuten, eta handik Mulier taldera egin zuen salto, 14 urte zituela. Bertan jarraitzen du eta taldeko ezinbesteko jokalarietako bat da. Maitane Vilariñok, berriz, 18 urte ditu, Olaztiko Sutegi futbol taldean hasi zen, mutilekin talde mistoan, eta gero Aguraingo emakumezkoen taldean. Urte bat eman zuen bertan, eta Arabako selekziotik deitu zioten bizpahiru partidetarako. Segidan Gasteizko Aurrera taldera joan zen. 2017an Mulier taldetik deitu zuten, eta bertan denboraldi bat egin zuen Irati Igoa, Aroa Cerezo eta Ane Cantero sakandarrekin batera. Horretaz gain, Nafarroako selekzioarekin Espainiako Txapelketa jokatu zuen. Ondoren, Gasteizko Aurrera taldera bueltatu zen, beste bi denboraldi egin zituen bertan, Euskadiko selekzioarekin aritu zen, eta aurten, 2020/2021 denboraldian, emakumezkoen Osasuna B taldera etorri da eta taldeak jokatutako partida guztietan minutuak izan ditu.
Futbolean aritze soilarekin pozik
Bizi dugun egoera kontuan hartuta, biak pozik daude futbolean aritzeko aukera dutelako. “Zortea dugu jokatzen ari garelako. Nafarroako Federazioko Txapelketa guztiak geldirik daude, baina gure txapelketa Espainiako Federazioak antolatzen duenez, martxan gaude, eta ez da gutxi. Ea gutxika normaltasunera goazen eta liga guztiak hasten diren” dio Irati Igoak. “Liga gorabeheratsua ari da izaten. Nafarroako mugak itxi zituztenean geldirik egon behar izan genuen, bizpahiru jardunalditan, baina gutxienez ari gara eta berriro martxan gaude, erritmoa hartu dugu” gaineratu du Maitane Vilariñok.
Mulier eta Osasuna B taldeez gain, Pradejon, Berriozar, Logroño B, Castejon, Atletico Revellin, Itaroa Huarte eta Logroñes lehiatzen ari dira Lehenengo Nazionala mailako 2A multzoan. Pradejon taldea da liderra (15 puntu), sailkapenean 2. postuan dagoen Maitane Vilariñoren Osasuna B taldearekin puntutara berdinduta (15 puntu). Bi taldeek partida bat gutxiago dute jokatuta, euren artekoa, hain zuzen, eta Gabonetan jokatuko dute atzeratutakoa. Mulier sailkapenean 7. postuan dago (4 puntu), 2 partida gutxiagorekin. “Federaziotik esan digute ilbeltzaren hirugarren asterako lehen itzuliko jardunaldi guztiak jokatuta izan behar ditugula, eta Gabonetan atzeratutakoak jokatuko ditugu” azaldu du Iratik.
Igoa eta Vilariño: "Jokatzen ari gara, eta horregatik bakarrik zortea dugu; Nafarroako taldeak geldi daude"
Elkarren arteko derbia
Iratik eta Maitanek abenduaren 13an jokatu zuten elkarren arteko derbia. Mulierrek sartu zuen lehendabiziko gola, Osasuna Bk minutu batera berdindu zuen eta bigarren zatian, penalti bati esker, garaipena lortu zuen Osasuna B taldeak. “Osasuna da; bagenekien partida zaila eta gogorra izango zela, baina gu lehendabiziko momentutik borrokatzera atera ginen eta aurreratzea lortu genuen. Berehala berdindu ziguten, eta parekatuta joan zen partida, baina 15 minuturen faltan arbitroak Osasunaren aldeko penaltia seinaleztatu zuen, polemika tarteko, eta Osasunakoek ez zuten huts egin eta partidak ihes egin zigun. Dena den, lan ona egin genuen eta gustura geratu ginen” aipatu du Iratik. Maitanek aitortu du hasieran urduri zegoela. “Derbia, nire taldea izandakoaren kontra aritu beharra… hasieran urduri nengoen, baina gero ongi, oso gustura” dio. Irati oso ongi ikusi zuela gaineratu du. “Irati, Irati da, sekulako jokalaria. Ez zuen aurrean jokatu, ea horrek harritu ninduen. Erdilari aritu zen, oso ongi. Partida bukaeran egon ginen elkarrekin, oso gustura” azaldu digu.
Helburuak
Lehenengo Nazional mailako 2A multzoan dabiltzan taldeak “oso onak” direla dio Maitane Vilariñok. “Guztiek antzeko maila dute; aurten mailaz igo diren taldeak kategoria berrira ez direla guztiz egin sumatzen da, baina kontuz, ez zaitezke fio” adierazi du. Osasuna B-ren helburua lehen postuan sailkatzea da. “Horrela Emakumezkoen 2. maila-Reto Iberdrola mailara igotzeko aukera izango genuke, beti ere 2. mailan dabilen gure talde nagusia, Osasuna A, lehena sailkatu eta emakumezkoen 1. mailako Iberdrola mailara igoko balitz. Beraz, Osasuna B-ren helburua Lehenengo Nazional mailako 2A multzoan lehen postuan sailkatzea da” nabarmendu du Vilariñok. Pertsonalki, Osasunako talde nagusira igo nahiko luke. “Gure taldeko lau jokalari batzuetan talde nagusian aritzen dira. Niri entrenamendu bat egiteko deitu ninduten eta ea gehiagotan deitzen didaten. Talde nagusira salto egitea gustatuko litzaidake” nabarmendu du.
Irati Igoaren Mulierren helburua Lehenengo Nazional mailako lehen 5 postuen artean sailkatzea da, kategoriari eusteko. “Horrela mailari eustea ziurtatuko genuke, beherago sailkatuz gero tentsio gehiago eta presio gehiago izango genukeelako kategoriari eusteko. Oraindik ez dago ezer itxita, bigarren buelta osoa falta da eta lehen bueltatik hiru partida ditugu oraindik jokatzeko. Gogorra izango da, baina helburua lortu daiteke” dio.
Irati Igoa, Mulierren izarretako bat
Irati Igoa Mulierreko ezinbesteko jokalarietako bat da. “2018an Nafarroako Kopako finala jokatu genuen Berriozarren kontra. 2 eta 1 irabazi genuen eta nik sartu nituen bi golak. Nik uste dut hori markatuta geratu zela taldean: lehendabiziko finala, lehendabiziko kopa… Bigarren kapitaina naiz, golak sartzen jarraitzen dut eta ez dakit izarra naizen, taldeko zutabeetako bat bai” dio jokalari etxarriarrak.
Hasieran aurrelaria zen, baina egun zentral aritzen da. “Aurreko denboraldian lesio dezente egon ziren taldean, eta entrenatzaileak beste posizio batean jokatzea proposatu zidan, aurrelari asko geundelako. Hiru partidetan erdilari lanetan egon nintzen, oso gustura, eta beste bitan hegalean ibili nintzen, karrilera, aurreraka igotzen. Aurten erdilari postuan hasi naiz eta ziurrenik bertan jarraituko dut. Egia esan, eroso nabil. Taldea laguntzeko bada, nik ez dut inolako arazorik edozein postutan jokatzeko; berdin zait non aritu, baina aitortu beharra dut erdilari postuan oso ongi nagoela” nabarmendu du.
Irati Igoa: "Mulierren oso gustura nago; ez dakit izarra naizen, baina bai taldeetako zutabeetako bat"
Irati Igoak 14 urte zituen Altsasu taldetik Aroa Cerezo defentsa lakuntzarrarekin Mulier taldera joan zenean. “Erregional maila batetik 2. mailara igotzea sekulako saltoa izan zen, eta hasieran kosta egin zitzaidan egokitzea, erritmoa hartzea, jendea ezagutzea, dena kontrolatzea… Lehendabiziko urtea egokitzapen urtea izan zen, eta, ordutik, gutxika, hobetzen hasi nintzen. Orduan gu txikienetakoak ginen, eta errespetua ematen ziguten jokalari helduagoek” dio.
Futbolean jarraitzeko gogotsu dago Irati. “Azken bi urteetan Berriozar taldetik deitu izan didate, baina maila berean aritzeko nahiago dut Mulierren jarraitzea. Mulierretik jokalari asko doaz Osasunara, eta taldea berregin behar izaten dugu etengabe” azaltzen du. Osasunatik deituko baliote “pentsatuko lukeela” erantzuten du. “Proposatzen dizkidaten aukerak edo baldintzak ongi aztertu beharko nituzke, Mulierren oso gustura nagoelako” azpimarratzen du.
Palista eta entrenatzailea
Mulierreko futbolaria izateaz gain, Irati Igoa Oberena klubeko palista da, tarteka esku pilotan aritzen da eta entrenatzailea da. Etxarri Aranazko Gure Pilota Elkarteko palisten entrenatzaileetako bat da, Olaia Izagirrerekin eta Aristorenarekin batera. Guztira 30-40 palista trebatzen dira klubean, eta Iratik astelehenetako entrenamenduak gidatzen ditu. Horretaz gain, Altsasuko emakumezkoen futbol 8 eta erregional taldeetako entrenatzailea da. Eta Iruñean Kirolaren Gradua ikasten ari da. “Egunero zerbait daukat, baina moldatzen naiz” dio.
2019an Nafarroako Kluben Arteko Pala Txapelketa irabazi zuen Maite Ruiz de Larramendirekin batera, eta Sakanako Pala Txapelketa. Guztira 15 txapela inguru ditu. “Guztira 15 txapel dira; hor daude Sakanakoak, Nafarroakoak eta Euskal Herrikoa. Ez dakit bakoitzetik zenbat diren” aitortzen du, irribarrez. Berriki Nafarroako Kluben Arteko Pala Txapelketako finalerdiak jokatu zituen Irati Saraguetarekin, baina 30 eta 26 galdu zuten Paula Gorostiaga eta Amaia Espinalen kontra. “Hasieratik gurutzatu zitzaidan partida. Lekunberrin jokatu genuen, eta pilotaleku hori gurutzatua dut” dio. Gabonen ondoren Nafarroako Trinkete Txapelketan hasiko da, Gomazko Pala modalitatean.
Altsasuko emakumezkoen futbol taldeen ligak geldirik daude. “Futbol 8ko txikiekin irailean hasi ginen entrenatzen, baina pandemia dela eta paseak eta halakoak lantzen ditugu, ezin dute partidarik jokatu. Hala ere, gaztetxoak motibatzen saiatzen gara. Erregionaleko taldeko entrenamenduak berriki hasi genituen, eta ea ilbeltzetik aurrera liga hasterik duten” dio.
Maitane Vilariño, Gasteizko Aurreratik Osasunara
Maitane Vilariñok Gasteizko Aurreratik Mulierrera egin zuen saltoa handia izan zela oroitzen du. “Erregional mailako talde batetik 2. mailako talde batean aritzera pausu handia izan zen. 15 urte nituen, baina hala ere espero baino gehiago jokatu nuen eta oso gustura ibili nintzen. Gainera, Nafarroako Kopa irabazi genuen eta oroitzapen oso onak ditut” ekartzen du gogora. Ondoren Gasteizko Aurrerara itzuli zen, 2. mailako taldera. “Gasteizko entrenatzaileak deitu zidan, Aurrerako formazioa oso gustuko dut eta hara itzultzea erabaki nuen” aipatu digu. Aurten beste aurrerapauso bat eman du, Osasunara joatea. “Osasuna azkenean Osasuna da, Nafarroako talderik onena, eta Osasunak deitzea emozio handia izan zen niretako” aitortu digu. Olaztiarra Osasuna B taldean aritzen da, eta klubean maila bat gorago dagoen Osasuna taldea egotea garrantzitsua da berarendako. “Lan eginez gero, talde nagusira igotzeko aukera dago, eta hori garrantzitsua da”.
Vilariñok biokimika ikasketak egiten ditu eta Osasuna B taldearekin astean hirutan entrenatzen da, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, Taxoaren, ordu eta erdi bi ordu inguru. “Ikasketak egunean daramatzat, eta taldean oso pozik nago, ongi egokitu naiz. Oso gustura nabil” aipatu du. Lehen erdilaria zen Maitane, hegalean jokatzen zuen, karrilera, baina aurreko denboraldian, Gasteizko Aurreran, zenbait partidatan aurrelari moduan aritu zen, erdian, eta postu horretan jarraitu du. “Osasunan aurrelari postuan kokatu didate eta oso gustura nago. Gauza asko ikasi ditut eta pixkanaka hobetzen ari naiz. Izan ere, hegala eta aurrelaria bi postu oso ezberdinak dira, jokoa asko aldatzen da. Aurrean zaudela, baloiak hartzera jaitsi behar duzu, gero buelta eman eta aurrera egin; hegalean aldiz, baloia hartu, driblatu, zentratu eta jaurtiketa egin. Gustura nago aurrelari” dio Maitanek.
Maitane Vilariño: "Osasunak deitzea emozio handia izan zen niretako; Nafarroako klub garrantzitsuena da"
Olaztiarrak 10. zenbakia du Osasuna B-n. Taldearen sentsazioak oso onak direla nabarmendu du, baina joera bat aldatu beharrean daudela aitortu du. “Ia partida gehienetan galtzen hasten gara. Gero buelta ematen diogu, baina joera hori aldatu nahi dugu. Izan ere, gehiago sufritzen da horrela, tentsio gehiagorekin jokatzen da” azaldu du. Pozik dago Maitane. “Orain arte partida guztietan jokatu dut, oso gustura. Gol bakarra sartu dut, baina asistentzia dezente egin ditut, eta taldea bide onean doa” aitortzen du. Bere nahia Osasunako talde nagusira igotzea litzateke. “Entrenamendu batean aritu naiz talde nagusiarekin, ea gutxika gehiagotan egoteko aukera dugun” dio.
Emakumezkoen futbolean hasi zenetik gaur egunera arte egoera asko aldatu dela uste du. “Ez dago alderik. Orain emakumezkoen futbolak baliabide gehiago ditu, komunikabideetan gehiago ateratzen da eta beste begirune bat dago emakumezkoen futbolarekiko, baina, egia esan, oraindik badago zer egin” ondorioztatu du.