Irteerak

Naturak eskaintzen digunaz gozatzera gonbidatu gaitu Mank-ek

Maider Betelu eta Eneida Carreño 2021ko urt. 26a, 12:00

“Naturanitzean Gozatzen” ekimena antolatu dute Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak. Ekainaren 27ra bitartean 8 txango edo irteera prestatu dituzte gure paraje eta txokoak ezagutzeko. Izena ematea zabalik dago eta garaiz egitea gomendatu dute

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak “Naturanitzean Gozatzen” programa antolatu dute elkarlanean, natura ezagutu, kirol praktika berriak sustatu eta lagun berriak egiteko. Ilbeltzaren 24tik ekainaren 27ra bitartean Sakanako txoko eta mendi ederretan barna gauzatuko diren 8 irteera edo ekimen antolatu dira, batzuk bakarrik eta beste batzuk familian egiteko aproposak direnak. Igande goizetan izanen dira, mendira asteburu pasa joateko ekimena izan ezik. 

Programari jarri dioten izenak badu berea. “Azken urte honetan bizi dugun egoera zail honi alternatiba eskaini nahian, pentsatu genuen naturan ekimenak antolatzea egokia dela, bide batez hainbat helburu uztartuz. Sakanan natura anitza da, orduan goza dezagun naturak eskaintzen digunaz. Bide batez kirola egingo dugu, osasuntsua dena. Kirola ere anitza denez, programazioan kirol ezberdinak egiteko proposamena egin dugu. Eta, bukatzeko, jende anitzen artean egingo dugu. Horrek ekarri ahalko digu elkar ezagutzen ez dugun pertsonek goiza elkarrekin pasatzea, modu baikorrean, egunaz gozatuz. Hori da helburua, aniztasun hori guztia uztartzea” azaldu du Mank-eko Kulturartekotasun teknikari Bego Zestauk. 

Bego Zestau:"Sakanan natura anitza da; naturak eskaintzen digunaz goza dezagun"

Hilero txango bat antolatu da, martxoan eta ekainean izan ezik, bi hilabete hauetan bina txango egongo baitira. Igandean izanen da lehena, Uharte Arakilen hasi eta Arakilen barna eginen den ipar martxa. “Ekimen bakoitza toki ezberdinean egin nahi genuen, Sakanan barna dauden paraje eta txoko ezberdinak ezagutzeko. Horrela, otsaileko ipar martxa Ergoienan barna egingo dugu eta martxoan, Emakumearen Egunari keinua egiteko, partaideek morea den zerbait ekarri beharko dute eta Martxa Morea egingo dugu Batueko eta Belengo iturrietan” azaldu du Zestauk. 

Familia artean egiteko bi txango antolatu dira, hiruzpalau orduko iraupena izango dutenak, martxoaren 28an Aralarren bata, trikuharriak eta euskal mitologia ezagutzeko, eta apirilaren 25ean Allin edo Saraben, artzainen bizimodua ezagutzeko. Horretaz gain, maiatzaren 6an mendian ibiltzera ohituta daudenei zuzendutako orientazio proba antolatu dute Urbasan, mapen eta iparrorratzen erabilera ikasteko, eta ekainaren 6an naturaren hizkuntza ikusi eta ezagutzeko saioa izango da txikienendako eta hauen gurasoendako. “Oinutsik izanen da, Sakanako hariztian, naturak zer esaten digun entzun, jabetu eta sentitzeko” dio Zestauk. “Ziklo hau bukatuko litzateke ekainaren azken asteburuan mendira lo egitera joanez” gaineratu du teknikariak. 

Izena ematea garaiz egiteko eskaria
Antolatutako 8 ekimen hauetako batean izena ematea zabalik dago, Mank-eko Kirol edo Anitzartean Kulturartekotasun zerbitzuetan. Leku mugatuak daudenez –gutxienez 6 eta gehienez 12– izena ematea lehenbailehen egiteko gomendioa egin du Mankomunitateak. Izena ematen dutenen ordenaren arabera onartuko dira partaideak. “Ederra litzateke txango bakoitzaren bi saio egin behar izatea, baina horretarako garaiz eman behar da izena” dio teknikariak. 

Mank-ek antolatutako programazioa aniztasun funtzionala duten pertsonei ere antolatutakoa da. “Norbaitek izena eman nahi badu, deitu dezala eta pertsona horrendako aukerarik egokiena aztertuko genuke” nabarmendu du Bego Zestauk. Jakina, osasun segurtasun neurri guztiak bermatuko dira. 

Antolatutako ekitaldi guztietan begirale profesionalak izango dira, asegurua kontratatuko da partaide guztiendako, eta ipar martxa jardueretan makilak utziko zaizkie ez dituztenei; horregatik, ordaindutako ekimena da. “Ekitaldiak eskuragarriak izaten saiatu gara. Orokorra 15 eurokoa da, eta badaude adin tarte batzuk –12-25 urte bitartekoak eta 65 urtetik gorakoak– prezio merkeagoa izango dutena. Baita familiabakarreko gurasoen kasuan ere” azaldu du teknikariak. 

Ilbeltzaren 31n elurretako erraketen oinarrizko ikastaroa antolatu du Mank-ek
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Eduka Natura eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin Sakanako mendi elurtuetan ibiltzeko elur erraketen oinarrizko ikastaroa antolatu du 12 urtetik gorakoendako. Lau orduko bi txanda izanen dira: 9:00-13:00 eta 14:00-18:00. Izena ematea zabalik dago, Kirol Zerbitzuan (15 euro, 15-25 urte bitartekoek eta 65 urtetik gorakoek 10 euro). Partaideei elur erraketak eta makilak utziko zaizkie. “Elurra zein egoeratan dagoen ikusi beharko da eta horren arabera aterako da ikastaroa. Izena ematen duenari garaiz esango zaio” azaldu du Begok. 


“Naturanitzean Gozatzen” egitaraua
-Ipar martxa Uharte Arakiletik barna (Ilbeltzak 24, 10:00etan)
Ipar martxako teknikaren ikastaro laburra eta 3 orduko ibilbidea. 12 urtetik aurrera. Prezioa: 15 euro (12-25 urte bitartekoek eta 65 urtetik gorakoek 10 euro). Makilarik ez duenari utziko zaizkie. Euskaraz izango da, eta norbaitek ez badu ulertzen, gazteleraz emango zaizkio azalpenak. 

-Ipar martxa Ergoienan barna (Otsailak 14, 10:00etan)
Ipar martxako teknikaren ikastaro laburra eta 3 orduko ibilbidea. 12 urtetik aurrera. Prezioa: 15 euro (12-25 urte bitartekoek eta 65 urtetik gorakoek 10 euro). Makilarik ez duenari utziko zaizkie. Euskaraz izango da, eta norbaitek ez badu ulertzen, gazteleraz emango zaizkio azalpenak. 

-Martxa morea Batueko eta Belengo iturrietatik (Martxoak 14, 10:00etan)
Ekarri zerbait morea jantzita. Ipar martxako teknikaren ikastaro laburra eta 3 orduko ibilbidea. 12 urtetik aurrera. Prezioa: 15 euro (12-25 urte bitartekoek eta 65 urtetik gorakoek 10 euro). Makilarik ez duenari utziko zaizkie. Euskaraz izango da, eta norbaitek ez badu ulertzen, gazteleraz emango zaizkio azalpenak. 

-Mendi ibilaldia familia artean trikuharriak eta euskal mitologia ezagutzeko Aralarren (martxoak 28, 10:00etan)
3-4 orduko iraupena. Zailtasuna: erraza. Euskaraz. Prezioa: 10 euro (12-25 urte bitartekoek eta 65 urtetik gorakoek 5 euro). Familiek 20 euro (guraso bakarreko familiek 15 euro). 

-Ibilaldia menditik familia artean artzainen bizimodua ezagutzeko. Allin edo Saraben (apirilak 25, 10:00etan)
3-4 orduko iraupena. Zailtasuna: erraza. Euskaraz nagusiki, baina ulertzen ez duenari azalpenak itzuliko zaizkio. Prezioa: 10 euro (12-25 urte bitartekoek eta 65 urtetik gorakoek 5 euro). Familiek 20 euro (guraso bakarreko familiek 15 euro). 

-Orientazio ikastaroa Urbasan, maparen eta iparrorratzaren erabilera ikasteko (maiatzak 16, 9:00etan)
Mendian ibiltzera ohituta dauden pertsonei zuzenduta. 12 urtetik aurrera. Zailtasun txikia. 12 km. 4-5 ordu.  Euskaraz nagusiki, baina ulertzen ez duenari azalpenak itzuliko zaizkio. Prezioa: 20 euro (12-25 urte bitartekoek eta 65 urtetik gorakoek 15 euro).

-Naturaren hizkuntza ikasi eta ezagutu. (ekainak 6, 10:00etan)
Oinutsik. Zapatarik gabe. Sakanako hariztian. Zer ezkutatzen dute ibaiko harriek? Nola sortu babesleku bat basoan? 8-12 urte artekoendako eta adin horretako seme-alabak dituzten helduendako. Ibilbide egokitua, umeen aulkitxoekin joateko modukoa. Euskaraz nagusiki, baina ulertzen ez duenari azalpenak itzuliko zaizkio. Prezioa: 10 euro (12-25 urte bitartekoek eta 65 urtetik gorakoek 5 euro). Familiek 20 euro (guraso bakarreko familiek 15 euro). 

-Lo egitera mendira (ekainak 26-27) 
Biziraupen tailerra. 16-18 urte bitartekoak. Prezioa: 25 euro. Ekainaren 26ko 15:00etatik ekainaren 27ko 13:00etara. 

*Izena emateko: Mankomunitateko Kirol Zerbitzua (948 46 48 66 edo kirolak@sakana-mank.eus) edo Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzua (648 07 07 10 edo anitzartean@sakana-mank.eus).