Goizeder Anton Iturralde

"Tokiko kazetaritzak duen garrantziaz jabetu behar gara"

Guaixe 2021ko urt. 25a, 14:57
Goizeder Anton Iturralde, Guaixe fundazioko koordinatzailea.

Guaixe fundazioak bazkide kanpaina berria abiarazi du. Jendea gertuko informazioaren garrantziaz jabetzeko, joan den astean toki publikoetan utzitako aldizkarien orriak txuri zeuden. Goizeder Anton Iturralde fundazioko kudeatzailea da.

Gerta daiteke bakarren batek oraindik ez jakitea, baina hilaren 15ean bi Guaixe astekari desberdin argitaratu genituen. Bata, bazkideek etxean jaso zutena, edukiz betetako 24 orriz osatuta zegoen. Gainera, bazkideek urteko lehen zenbakiarekin batera poltsa beltz bat jaso zuten opari, baita urteko egutegia ere. Bigarren eredua toki publikoetan utzi zen. Astekari horiek aurrekoaren azal eta kontrazal bera zituzten. Baina mamia 3. orrian bukatzen zen. Gainontzeko orri guztiak txuri zeuden, informaziorik gabe. Guaixe laguntzeak hilean euro bateko kostua du.

Bi Guaixe desberdin banatu ziren ilbeltzaren 15ean. Ez zen inprentako akatsa izan, ezta? 
Izan zitekeen arren ez zen inprentako akatsa izan. Inprentakoekin hitz egin eta ideia polita eta ausarta zela iruditu zitzaien. Haien konplizitateak lagunduta eta taldetik sortutako ekimen zoro eta zirikatzaile baten emaitza izan zen. Bazkidetza kanpaina berri baten hasiera hain zuzen ere. Denboran luze joango den kanpaina, aldaketak ekarriko dituena...

Zer nolako erreakzioak sortu ditu bazkideen artean urtea horrela hasteak? 
Erreakzioak bitxiak izan dira, oso goiz da oraindik balorazio zintzo bat egiteko. Jaso ditugun mezuetan oinarrituta, ondorioztatu duguna zera da: bazkideek orokorrean eskertu dutela, emozionatu denik ere izan da. Bazkide izateaz harro (zentzurik goxoenean) sumatu ditut asko. Pozik! Beharrezkoa zela deritzot. 

Egia da ekintza ulertzea ez dela erraza izan, inolako azalpenik eman gabe egin dugun zerbait izan da, ez dugu aurretik inon jakinarazi eta esango nuke azken momentura arte sekretua mantentzea lortu dugula. Sorpresa izan behar zuen, zer esana ematea zen helburuetako bat, kezka piztea, zalantzak sortu, irakurle ezberdinen artean eztabaida eragitea hain zuzen. Urteko lehen zenbakian bazkidea saritu nahi genuen, aitortza egin, urteetan zehar haien ekarpenekin urteko 365 egunetan isilpean: “animo, zuekin gaude, euskarak merezi du, Sakanak merezi du, aurrera proiektuarekin, segi kontatzen, ez etsi” eta halako mezuekin indarra helarazteagatik, bazkide leial horri eskerrak eman nahi genizkion.

Eta bazkide ez izan eta astekaria hutsik topatu dutenen artean?
Haserrea erakutsi dute batzuk, irainak ere jaso ditugu eta zer pentsatua eman dionik ere bada. Ekintza egin eta gutxira, gure proiektura bi bazkide berri batu dira, eta orduan, ni izan naiz hunkitu dena!

Bi tirada eginda zer aldarrikatu nahi izan du Guaixe fundazioak? 
Zenbaki berdina jantzita eta biluzik erakutsi nahi izan dugu, astero astero orrialde horiek betetzeak duen ezkutuko lan mardula agerian jarri. Ostegunero errotatibara dotore jantzita iristeko Guaixek sekulako esfortzua egiten du, badirudi trena galduko duela, maletan dena sartu ote duen kezka horrekin beti. Guaixe astekaria eskuartean dugunean erraza da irakurketaz gozatzea. Orriak banan-banan pasa eta ibarreko bazterretan gertatutakoez jakin nahi dugu. Hitzak hor daude baina ez dira ezerezetik sortzen. 

Aurreko astean bi ereduak alderatzeko aukera izan genuen arren, gerta daiteke egunen baten argitaratzeko aukerarik ez izatea. Irudikatzen al duzue Sakana Guaixerik gabe? Berdin webgune zein irratiarekin! Beste zerbait asmatu beharko genuke... Euskaraz, gertukoa, tokikoa, bertakoa, ondokoa… Hori bera adierazteko kontzeptu berria da zero kilometrorena, edo, laburtuta, 0 Km. Boladan dagoen esapidea da, berdin erabiltzen da elikadurarekin, autoekin, jatetxeekin… Kazetaritzarekin ere erabili daiteke: 0 km-ko kazetaritza.  

Argituko diguzu zer den zero kilometroko kazetaritza? 
Nekazariek eta abeltzainek beraien produktuak lantzen dituzten bezala, Guaixe fundazioko kazetariek ere produktuak, informazioa, lantzen dute. Gure kasuan gertuko, tokiko, bertako, ondoko informazioa. Zero kilometroko kazetaritza tokiko hedabideek eskaintzen ditugun produktuak dira. Sakanaren kasuan Guaixe astekaria, Beleixe Irratia eta www.guaixe.eus. Zure aldamenak, lagunak, senideak, lankideak dira gure albiste, erreportaje edota elkarrizketetako protagonistak. Zero km-koak dira iragarleak, Sakanakoak. Ibarretik ibarrerako sortutako informazioa. Guk gure buruaz kontatutakoa, beste batzuek gutaz konta ez dezaten. 

Komunikazio burujabetza. Hala laburtu daiteke? 
Bai. Sakanan egindako eta Sakanarako produktua da lantzen duguna. Baina sakandarrak mundu guztian barreiatuta daudenez, mundura zabaldutako leiho bat gara. Eta leiho horretatik mundutarrek ere gure berri jasotzen dute. 

Komunitatearen, Sakanaren leihoa da, beraz, 0 Km-ko kazetaritza? 
Hala da. Eta komunitate bezala elkar zaintzen dugu elkarren berri izanez, bertan iragarkiak jarriz, ibarreko establezimenduetan kontsumituz, gertuko sortzaileen eta kirolarien jarduna bultzatuz, gizarte eta ekonomia arloko kezkak azaleratuz… Sakanaren taupadak sumatzen dira gure hedabideetan. 

Sakanako tokiko kazetaritza, zein lantalde dago horren atzean? 
Lantalde mundiala! Esan beharra nuen... 

Bestela esanda?
Lantaldea 9 pertsonek osatzen dugu, kazetari, maketatzaile, diseinatzaile, publizista, administrari eta kudeatzailea. Konturatzen bazara, ez dizkizut profil bakoitzeko pertsona kopurua zehaztu hala egingo banu kopurua biderkatuko litzakeelako... 21 banatzaile dabiltza astero errotatibatik ekarritako astekariak herri guztietako bazkideen buzoietan baita toki publikoetan uzten. 

Toki publikoetako banaketa aste honetan aldatuko da, bakar bakarrik toki jakin batzuetan utziko ditugu. Momentuz, Altsasun Iortia kultur gunean, Arbizun Lonbrendendan, Bakaikun Estankoan, Etxarri Aranatzen Beleixe Irratian, Irurtzunen udaletxean, Lakuntzan Ogiberrin eta Lizarraga, Olatzagutia, Uharte Arakil, Urdiain eta Ziordiko udaletxetan hartu daiteke astekaria ostiralero. Ordutegiak nahiko murritzak dira pairatzen ari garen egoera dela eta. Arau berrietara etengabe egokitzen gabiltzanez, suerta liteke hauekin ere aldaketak izatea, baina puntualki informatzen joango gatzaizkizue. Aurreratu nahiko nuke ere hilabete gutxi barru, bazkide ez denak ez duela Guaixe asteburua pasa arte jaso ahalko. Astelehenean hainbat kontu zaharkiturik geratuko dira baina nahi izanez gero, berandu bada ere, eskura izango du. Bide batez, orain arte banaketa puntu izan diren arduradunei eskerrak eman nahiko nizkieke proiektuan sinistu eta berau aurrera eramaten haien ekarpena egin dutelako. 

Eta galdetuko duzue, lantaldean hain pertsona gutxi eta hedabideetan hainbeste albiste, nola da posible? Zaintzei esker. Ekitaldi, gertakizun, ekimen, aldarrikapen, bitxikeriatan... aberatsa da Sakana eta horri ahotsa eman ahal izateko kazetari sarea dugu beti laguntzeko prest. Kolaboratzaileen lan bikaina ere azpimarratu nahiko nuke, baita zuzentzaileena ere. Eta guzti honen atzean, Guaixe fundazioari babesa emanez, Patronatua. 

Zer kostu du Sakanan zero kilometroko kazetaritza egitea urtero? 
300.000 euro. 

Eta horri nola ematen diozue buelta? 
Bazkideen ezinbesteko laguntzari esker, jasotako ekarpenek %20ko puska arintzen digutelako. Publizitateari esker, diru iturri garrantzitsua izan dena, azken hilabetetan bizitzen ari garen egoerak baldintzatuta, beherakada nabaria izan arren. Gogorra da ate joka joan eta negozioa itxiko duela entzutea. Errealitate gordina. Eta, hala ere, jendeak gure erakusleihoak aukeratzen ditu bere burua iragartzeko. Eta noski dirulaguntzei esker, Nafarroako Gobernuarenak, baita hasieratik gugan sinistu duen Sakanako Mankomunitateak emandako dirulaguntzei esker. Ikusten duzunez, 3 aldagai horiek desagertuko balira, proiektua kolokan legoke, edo ez legoke.

Egoera ezegonkor hau ekiditeko autofinantzaketa litzake irtenbidea. Egoera ezegonkorra beste egoera ezegonkor handiago baten barnean, matrioxka baten antzera... Burujabetasuna lortu eta presioa arinduz epe luzerako apustuak egiteko aukerak izango genituzke. Tokiko euskal kazetaritza, zintzoa, kalitatezkoa eta erreferentziala bermatzen jarraitu ahal izateko. Ametsak eta proiektuak betez, ditugunak, asko direlako!

Bazkide izanik, komunitatearen parte batek tokiko kazetaritzarekiko ardura duela erakusten du. 
Erabat. Ardura, inplikazioa, maitasuna. Komunitate horrekiko harremana eta lotura estutu nahiko genuke, bazkideen iritzi, ekarpen eta kezkak jasotzen ditugu baina gehiago nahi ditugu. Jakin badakit hala adierazi digutelako, askok, lotsa dela, ez molestatzeagatik, edo betidanik horrela izan delako, ez dira arazoren bat izan dutenean gurekin harremanetan jartzen, eta hau aldatu nahiko nuke. Bazkide batek hots egiten duenean arrazoia edozein dela, gozada bat da, ikasi eta irakasteko aukera duzulako.

Zerbait ez dabilenean ondo, zer den detektatu behar da konpondu al izateko. Adibide bat jartzearren: bi aste astekaria jaso gabe daraman bazkidea. Kontuari, duen garrantzia eman behar zaio. Bazkide den momentutik urtean argitaratzen diren 44 zenbaki horiek etxeko postontzian jasotzeko eskubidea du. Guri jakinarazita, ahalik eta azkarren gertatutakoa ikertu eta bazkide horri erantzun bat ematen zaio. Lehenik eta behin gure betebeharra delako, merezi duelako eta ekarpen ekonomikoa egiten ari delako. (Ez dakit lekua hau den baina testuingurua bai: gogorarazi nahiko nuke norberarena ez den postontzitik zerbait bereganatzea delitua dela, despistaturen bat balego jakinean egon dadin).

Tokiko kazetaritzara itzulita, duen garrantziaz jabetu behar gara. Gu gara gurea beste inor baino hobe landuko duguna. Hedabide handi askok, momentu jakin batzuetan eta garrantzizko gertakariak egon direnean, guregana jo dute eta jotzen dute. Berriak benetan alderatu eta konfirmatzen ditugu. Komunitatearen parte horrek erakusten duen ardurak besteak beste ematen digu aurrera egiteko indarra. Konpromiso bat dugu betetzera goaz.

Nahikoa bazkide dira?
Asko dira. Konparaziotik jotzen badugu eta izenik aipatuko ez dudan arren, hedabide ezagun bateko arduradunak behin aipatu zidan Sakanako biztanleria kontuan izanda dugun bazkide kopurua oso pozik egotekoa dela. Eta hala da, bai, baina zoritxarrez, ez da nahikoa. Ez da nahikoa lehen aipatu dudanagatik. Ahal dugun guztia eta gehiago egin eta ematen dugun arren, proiektu, erreportaje, elkarrizketa eta gai asko landu gabe gelditzen dira ditugun baliabide eskasek muga asko jartzen dizkigutelako. Bazkide kopurua handituko balitz bestelako aukerak zabalduko litzaizkiguke.

Egun bizi dugun egoera errazena ez dela badakit. Norbanako ekonomiaren kudeaketaren hautua guztiz pertsonala dela badakit eta norberak daki ondoen dituen aukerak zeintzuk diren baina gurea eta hemengoa den proiektu honi esker eskaintzen duguna denondako onuragarria izanda, gustatuko litzaidake bazkideen familia handitzea. Azken bazkide kanpaina egin zenetik urte batzuk pasa dira, eta gaztetxoak ez dira horren gazte hauek ere erakarri nahiko genituzke, haien ideiak eta ikusmoldeak ezagutu jaso eta kontatu... Etorkizuna baitira! Erdaldunak ere hor daude euskarazko testuak (oraingoz) irakurtzeko gai ez izan arren, irudiez eta beste hainbat edukiz gozatzen dutenak. Eta euskaraz egiten jarraituko dugun arren, beraien ekarpenak egin ditzaten gonbidatzen ditut. 

Denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuk dena eman behar ez dezaten, ezta?

Komunikazio burujabetzaren alde egin nahi duen eta pausoa eman ez duenak zer egin behar du? 
Oso erraza du. Minutu bakarrean bazkide egin daiteke! Irakurketa hemen eten, telefonoa hartu eta zenbaki honetara deitu dezala: 948 564 275, lanordutatik kanpo bada, erantzungailuan izena eta kontaktua utzita, harremanetan jarriko gara. Mezu bat idatzita: admin@guaixe.eus berdin, bazkide izan nahi dut esan eta harremanetan jarriko gara. Webgunean sartuta formularioa osatuz, eta harremanetan jarriko gara.

WhatsApp-a edo Telegram baliatuta ere aukera du (618 882 675). Bulegora bertaratuta (segurtasun neurriak bermatuta leudeke). Edozein momentutan gogotsu zaudela eta ezin dituzula aipatutako bideak erabili? Oihu egizu: Guaixe fundazioaren bazkide izan nahi dut! Bakarren batek laguntza emango dizu, ziur. Gutako norbaitekin topo eginez gero bazkidetzeko nahia erakutsi eta bideratuko dugu ere. Lagun bati sorpresa eman eta bazkidetza oparitu nahi diozula? Eskatu iezaguzu eta egingo dugu! Harremanetan jarriko garela behin eta berriz errepikatu dut hala delako, familia handitzeko gogotsu gaudelako, beharra dugulako eta ondo zainduko zaitugulako!

Eta ordaintzeko, nola? Kontu korronte bidez, urteko lehen hiru hilabetean 60 euroko kuota bakarra pasako zaizu urteko 365 egunetarako baliagarria! Opari eta guzti lehendabizikoendako. Errenta aitorpena egiten duzunean, ordaindu dituzun 60 euro horietatik 48 euro itzuliko dizkizute. Guaixe fundazioak Mecna Gizarte Intereseko bereizgarria du eta horri esker gure bazkideei, onura fiskalak eskaini diezazkiekegu. Laburtuta, bazkide egiteak 12 euroko kostua duela. Hilabeteko euro bakarreko kostua halako proiektu interesgarri zein beharrezkoari babesa emateak ez al du merezi? Jakina! Anima zaitez!

Globalizazioaren garaian, tokikoaren aldarrikapena, euskaraz. 
Lehen esan bezala eta errepikatzeaz nekatu gabe: lehendabizikoaren aurka, bigarrena eta hirugarrena direla ditugun borrokarako tresnarik onenak. Sakanan, zuekin eta zuentzat, euskaraz.