Auzolana Aixita gazteluan

Guaixe 2021ko urt. 29a, 13:15

Aixita gazteluaren ikuspegia. Argazkia: Arakil Kultura.

Igandean, 09:00etan, Etxeberritik abiatuko dira. Bide erdian dauden zaku batzuk gaztelura igo behar dira.

Nafarroako Erreinua defendatu zuen gazteluetako bat da Aixita. Han arkeologia indusketak egin ditu urtetan Iñaki Sagredoren lantaldeak. Gazteluan bizi zirenak urez hornitzeko ur-zuloa zaharberritu zuten joan den urtean. Ur-zuloaren paretak ez izorratzeko harez eta harriz beteko dute. Eta material horiek gazteluraino igotzeko deitu du oraingoan Arakilgo Udalak auzolana. 

Harea eta harriak dituzten zakuak bidearen erdian daude, eta azken zatia falta da igotzeko. Auzolanean egin beharreko lana zein den ikusirik, Arakilgo Udalak oharra zabaldu du: “auzolan gogorra izanen da, beraz, egoera fisiko onean egotea komeni da”. Lana egin eta gero, gosaria udalaren kontura izanen da.