Alkateak Osasunbideko ordezkariekin bilduko dira gaur

Guaixe 2021ko ots. 12a, 14:59

Osasun zerbitzu egokiak eskatzeko kontzentrazioa egin zen igandean.

Altsasuko Oinarrizko Osasun Eskualdean lanean egon beharko luketen sei mediku beharrean hiru besterik ez daude. 

Egoera ez da aldatu. Langile batek esan digunez, “zerbitzu ona eman nahi dugu, baina langileon artean nekea nabaria da”. Altsasuko Oinarrizko Osasun Eskualdean sei mediku egon behar lukete eta hiru besterik ez daude. Dauden hiru medikuetatik bat larrialdiez eta COVID-19 gaitzaren inguruko gaiez arduratzen da eta beste bi medikuek Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko 9.305 herritarren kontsulten ardura dute. Beste hiru medikuetatik bat bajan dago eta beste bi plazak lekualdatzeko garaian emateko daude.  

Hiru alkateak, nor bere aldetik, Osasunbideko arduradunekin harremanetan izan dira. Javier Ollo Martinezek, Joseba Vizuete Azkargortak eta Olatz Irizar Martinezek osasun zerbitzuaren egoeragatik “kezka” azaldu diete Osasunbideko arduradunei eta osasun zerbitzu egokia emateko lehenbailehen neurriak hartzeko eskatu diete. Gaur hirurak Osasunbideko Lehen Arretako iparraldeko arduradun Susana Mirandarekin elkartuko dira egoera bideratu nahian. 

Ziordiko alkateak, Irizarrek, nabarmendu duenez, aspaldiko partez ostiralean mediku batek kontsulta pasa zuen herrian. Alkateak gogorarazi duenez, “Ziordian biztanleen %71 70 urtetik gorako pertsonak dira eta Altsasura joateko zailtasunak dituzte. Seme-alaben edo garraio publiko eskasaren menpe daude”. 

Irizarrek azaldu duenez, “urtetan Ziordirako mediku bat egon zen. Hura kendu eta Ziordirako eta Altsasurako mediku bat jarri zuten. Baina beti aldatuz doaz sendagileak. Urte bat, bi urte edo hilabete batzuk egiten dituzte eta joan egiten dira, eta berria sartu. Orain urte batzuk egonkortasuna berreskuratu genuen mediku batekin. Baina baja hartu behar izan du”. Irizarrek Altsasuko Oinarrizko Osasun Eskualdeko langileen lana aitortu du: “%200 ematen ari dira zerbitzua bermatzeko. Dauden giza baliabideak ahal bezain egoki erabiltzen dituzte zerbitzua emateko. Ostiralean Ziordian kontsulta pasa izana horren adibidea da. Dauden langileen lana eskertzekoa da”. 

Mozioa 
Burundako hiru udalek presazko bilkuretan mediku faltaren inguruan EH Bilduk aurkeztutako mozioa aztertu eta onartu dute aste honetan. Altsasun atzo onartu zuen aho batez, Olatzagutian herenegun eta Ziordian aho batez onartu zuten asteartean. 

Ondorioz, hiru udalek “kezka” adierazi dute “osasun-langilerik ez izateagatik eta osasun-arreta eskasa izateagatik”. Horrekin batera, hiru udalak Nafarroako Gobernuari zuzendu zaizkio eskatzeko “Altsasuko Oinarrizko Osasun Eskualdean osasun arretaren arloan dauden gabeziak konpontzeko behar diren neurriak hartzeko”. Horrela, udalen iritziz “osasun arloko profesionalekin osasun arreta egokia emanen da, eta hutsik dauden lanpostuak betetzea bermatuko da”. Bestalde, EH Bilduk deituta, domekan ehun bat pertsonak kontzentrazioa egin zuten, “osasun zerbitzu ona eta modu jarraituan” eskatzeko.